Agustin Erkizia
Agustín Erkizia es uno de los socios fundadores de Biziraun (www.biziraun.org), asociación de personas afectadas por el suicidio de un ser querido. Su hijo se suicidó en marzo de 2013, a los 17 años.
Superviviente es quien sale adelante después de la pérdida traumática de un ser querido. Biziraun quiere crear un espacio de confianza, comunicación y apoyo para los supervivientes, siendo conscientes de que cada uno ha de hacer su propio camino.
Ezagutzen ez duenarentzat: zer da Biziraun eta zergatik sortu zenuten?
Biziraun oso elkarte txikia eta sortu berria da. 2016aren bukaeran sortu zen. Komunikabideetan ateratzen joan gara eta ari gara gure lekutxoa egiten. Oso helburu konkretuarekin sortu zen: zoritxarrez, suizidio bidez gertuko norbait galdu dutenentzako espazio bat aurkitzeko eta elkarri laguntzeko borondatearekin sortu zen. Gure helburua elkarri laguntzea da.
Zergatik sortu genuen? Garai hartan hemen ez zegoelako ezer ere. Gaur egun ere apenas. Bartzelonara joan ginen eta han Cecilia Borrásen DSAS elkartea ikusi genuen (Después del Suicidio Asociación de Supervivientes). Cecilia da guretzat erreferentea izan den emakumea. Hemen ere zerbait egiten saiatu beharko ginatekeela pentsatu genuen.
Biziraunek helburu desberdinak ditu, baina nagusiena da, zoritxarrez suizidiorengatik norbait hil zaionari lekuren bat eskaintzea bere behar horri irtenbideren bat aurkitzeko. Elkar-laguntza taldeen bidez saiatzen gara zama astun hori pixka bat arintzen.
Horrenbestez, suizidioaren bidez norbait galdu duena 'superviviente'a da?
Hori ez da guk asmatutako hitza. Ni ez naiz 'super' ezertan kontsideratzen. Estatu batuetatik datorren termino bat da eta suizidioaren bidez hil den norbait galdu dugunoi horrekin identifikatzen gaituzte. Suizidioarekin identifikatuta 'superviviente' hitza entzuten baduzu, oso gertukoa den norbait suizidioaren bidez hil zaion pertsona da.
Ez da teknizismo bat, egoera latz eta gogor baten ondoren bere burua aurrera atera duen pertsona da supervivientea.
Erabiltzen den beste hitz bat 'sobreviviente' da, kasu honetan suizidio saiakera bat egin ondoren bizirik atera den pertsonari buruz ari gara.
Oraintxe aipatu duzu Biziraunen helburua supervivienteen beharrak betetzeko espazioak sortzea dela. Zein behar dira horiek?
Bizitzari bere horretan heltzeko oinarrizko behar bat, bizitzari zentzu bat aurkitzeko. Horrelako zerbait gertatzen zaizunean, hurbileko norbait suizidioaren bidez hila dela alegia, zure bizitzako oinarrizko zutabeak desagertu egiten dira guztiz.
Horrelakoetan New Yorkeko dorre bikiekin gertatu zen antzeko zerbait gertatzen dela esan daiteke. Horrela irudikatzen da oinarrizko zutabeen desagerpena. Nik are eta gehiago esango nuke: dorre bikiak erori zirenean, han zoru bat gelditu zen. Hurbileko norbait suizidioaren bidez hiltzen denean, ingurukoak zorurik gabe gelditzen dira, espazioan grabitaterik gabe egongo bazina bezala, noraezean. Momentu horretara arte ikusi eta landu duzun guztia desagertu egiten delako, suntsitu. Bila diezaiogun helduleku bat hori guztia bizitzea tokatu zaigunoi.
Beste hainbat gauza ere egiten ditugu, eta horien berri gure webgunean eta facebooken ematen dugu, baina gure helburu nagusia helduleku horien bilaketari ekiteko espazioak sortzea da.
Egoera horretan bagaude, gertukoren bat galdu badugu, bere buruaz beste eginda, nola jarri zuekin harremanetan?
Guk ez dugu harremanetarako telefonorik jartzen pertsonal espezializaturik ez daukagulako.
2019ko ekainaren 3an Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategia argitara eman zuen Eusko Jaurlaritzak.
Halako ardura eskatzen duen telefono bat Jaurlaritzaren prebentzio-estrategia horren baitan egon behar duela uste izan dugu hasieratik. Gure ustez halako egoera lazgarrian gelditu diren hainbat pertsonen erantzukizuna ezin daiteke irabazirik gabeko elkarteen eskutan utzi.
Erakundeekin harremanetan jarri ginen, baina ez genuen erantzun egokirik jaso. Gaur egun esan dezakegu prebentzio plan horretan agertzen den telefonoak ez duela behar bezala funtzionatzen.
Nik kasu erreal batekin deitu nuen. Izan ere, lagun batek deitu zidan bere ezagun bat suizidio saiakerekin zegoela esanez, zer egin ez zekiela. Telefono horretara deitu genuen, eta ez zuten jakin nora jo behar genuen esaten. Gehiago, biziraun elkarteaz galdetu nien eta ez zekiten existitzen zenik ere.
Anbulatorioko lehen-arreta zerbitzura deitzeko esan ziguten, ea han zerbait esaten ziguten...
Guk badakigu zein gogorra den halako egoera larri batean dagoen pertsona bati lehen-arreta zerbitzura joan dadila esatea. Auskalo zer esaten dizuten han, segun nor tokatzen zaizun parean... Uf!!! oso gogorra. Eman zigutena ez da inondik inora erantzun egokia. Horregatik guk ez dugu telefonorik jartzen, agian egunen batean izan beharko dugu.
Behar izanez gero, guk Madrileko La barandilla elkarteko telefonoa ematen dugu. Egunero, astelehenetik igandera, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara funtzionatzen duen telefono bat dute eta atzean pertsona aditu bat dago. Hau ere irabazi asmorik gabeko elkartea da, ez du diru publikorik jasotzen... Nik horra behin baino gehiagotan deitu dut, eta funtzionatzen duela esan dezaket.
“Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea”. Supervivienteen elkartea beraz, biziraun. Minarekin bizitzen, ikasi egiten da? Zerk laguntzen du?
Galdera ona. Norbanakoak aurkitu behar du bere bidea. Egia da protokolo guztietan bide bakarra balego modura hitz egiten dela, eta hala da, baina bide hori norberak egin behar du. Honekin zera esan nahi dut: momentu batean pertsona bati ondo etorri zaiona beste batengan desastre hutsa izan daiteke; eta justu kontrakoa ere bai: pertsona batengan funtzionatu ez duenak beste batentzat ona izan daiteke. Bakoitzak bere bidea egin behar du.
Horrelako egoera batetik atera daitekeen? Ez dakit. Baina bai, ikasi daiteke, baina oso gogorra da. Oso.
Norbaitek Everestera igo behar dugula esango baligu ezinezkoa dela erantzungo genioke. Baina posible da. Motxila soinean jarri eta entrenatu, entrenatu eta entrenatu. Gogorra da. Nik horrela irudikatzen dut supervivienteon egoera.
Inoiz gerta ezin zitekeela pentsatzen genuena gertatu egin da, eta oinarrizko-oinarrizkoa den zerbait kendu digu. Burutik pasa ere ez zaizu egiten, baina gerta liteke.
Edonori gerta dakioke?
Noski. Ez dezagula pentsa suizidiorako prototipo konkretu bat dagoenik, eta inguruan horrelako inor ez dugunez edo eta horrelakoak ez garenez guri ez zaigula gertatuko. Ez. Edonori gerta dakioke. Kontuz honekin!
Izan ere datuak ikaragarriak dira. Estatuan egunean 10 pertsonek egiten du bere buruaz beste, Euskadin bi egunetik behin suizidioaz hildako bat...
Horiek dira ofizialki jasotako datuak, ofizialki ustez suizidio bidez hil diren pertsona kopurua. Baina bada oso deigarria den beste datu bat: 2000. urtean istripuz erorita hildakoak eta itota hildakoak 2600 pertsona izan ziren, 2018an 6200. Gorakada oso adierazgarria. Zeinek daki zenbat suizidio ote daden hildako horien artean... Gorakada ikaragarria da.
Arazo baten aurrean baldin bagaude, nahiago dut zertaz ari garen jakitea bere gordintasun osoarekin. Ikuspegi errealista horretatik abiatuta jakingo dut zer egin daitekeen eskura ditugun baliabideekin.
Baina oraindik badago mamurik, hitz egin nahi eza... Gai delikatua da.
Hablar del suicidio no mata, lo que mata es no hablar de ello. Quizá el miedo que tenemos a hacerlo esconde demasiados prejuicios y muchos mitos en torno al suicidio.
Si no decimos a una persona que está en crisis, que tiene a su disposición más alternativas que el suicidio, como sociedad, le estamos diciendo que no tiene sitio y que no es aceptada.
Zergatik suizidioari buruz hitz egiteko traba horiek?
Beldurra diogu heriotzari orokorrean, bizkarra eman diogu. Orain dela gutxi arte gure zaharrak etxean hiltzen diren. Heriotza bizitzarekin lotzen zen beste atal baten modura ikusten zen. Orain heriotza industrializatu egin dugu, teknifikatu eta gure hildakoak tanatorioetara eramaten ditugu, hildakoak ikustea mingarria izanagatik begi bistan eduki ez ditzagun.
Gure kasuan, Joseba joan zitzaigunean, nire emaztea besarkatzen lehenak etorkin lagun batzuk izan ziren. Zergatik? Etorkinak heriotza oraindik ere gertutik bizi dutelako. Gure gizarte aurreratuan aldiz, heriotzari begiratu ere ez diogu egiten. Beldurra diogu, eta suizidioari zer esanik ez. Beldur horrekin suizidioari buruzko aurreiritzi gehiegi eta mito asko estaltzen ditugu.
Krisi-egoera batean dagoen pertsonari beste aukerak badituela ez badiogu esaten, gizarte honetan lekurik ez duela eta ez dela onartua esaten ari gatzaizkio; egin dezakeen gauzarik hoberena... Tristea da.
2019an kotxe-istripuz hildako bakoitzeko, bere buruaz beste egin duten 2, genero indarkeriaz hildako bakoitzeko, suizidio bidez hil diren 75. Baina apenas dirurik eta baliabiderik ez da eskaintzen suizidioa prebenitzeko.
Datu bakarra emango dizut. Begira, puntu bidezko karnetaren sistema 2006ko uztailaren 1ean jarri zen indarrean, eta urte erdian estatistikek esaten dute kotxe-istripuz 1000 hildako gutxiago izan zirela. Beraz, suizidioa prebenitu ote daitekeen galdetzen denean erantzuna argia da. Guztiz ez, baina ahalegindu gaitezen. Eman diezaiogun aukera jendeari horrelako krisi-egoera batean laguntza eske nonbaitera joateko. Gaur egun ez dakigu nora joan.
Ni neu nahikoa kritikoa naiz Euskadi mailan egin denarekin. 2020rako jardunaldi batzuk antolatu ditugu, EHUko Udako Ikastaroen baitan, eta suizidioa prebenitzeko euskal planaren koordinatzailea gonbidatu dugu. Uda ikastaroko saio honetan estrategia hau martxan jarri zenetik urte bat igaroa izango denez, osasun sailaren balorazioa gertutik ezagutzeko aukera izango dugu. Primerako aukera beraz, estrategia landu dutenekin aurrez aurreko balorazio bat egiteko.
Jendeak zuengana jotzen du. Nola gerturatu suizidio bidez hurbileko bat hil zaion norbaiti?
Zer egin? Nola hurbildu? Lehendabizi errespetu handiarekin aholkurik ez eman. Ez dakigu bestea zein egoeratan dagoen, suizidio bidez hil zaion hori berreskuratzea ezinezkoa baita. Isilik egoteko prest egon behar dugu, entzuteko. Aukera eman besteari hitz egiteko. Zer moduz dagoen galdetzea askotan nahikoa da. Bestea hitz egiten has daiteke, edo negar egiten. Guzti horri aurre egiteko prest egon behar dugu.
Eta mesedez horrela sufritzen ari den pertsona batengana hurbiltzen bagara, gero ez joan ihesi. Hori gertatzen bada betirako joan zara, nahiz eta aurretik lagunik onena izan. Holako egoera bat pasa ondoren norbera emozionalki oso erradikala bihur daiteke, ez dago erdigunerik: niregana hurbildu nahi ez baduzu, fuera! Betirako.
Suizidio bidez hil diren pertsonen izenak ez dira aipatu ere egiten, beldurra ematen du! Baina supervivienteok gure hildakoei buruz hitz egiteko beharra dugu! Nahiz eta izena aipatzea mingarria izan.
Era horretan joan behar dugu: geure burua eskaini, isilik eta entzun. Ematen du gutxi dela, baina ikaragarria da: horrelako egoerei eusteko gaitasun aparta behar da.
Epeek ez dute balio. Galdutakoa inork ez digu berreskuratuko, eta bizitzen ikasten da, beste era batera: balioen eskala goitik behera aldatzen da, baita lagunak ere...
Egoera latz guztietatik ikasten dela diote. Hurbileko bat, seme bat, suizidio bidez hiltzen zaizunean ere bai?
Horrelakoak maiz entzuten dira, baina nik ez diot inori opa horrelakorik, ez eta nire arerio handienari ere. Horrelako egoeretatik ere ikasten da, egia da, baina beste erremediorik ez daukagulako. Hori egin ezean, heriotza dago.
Suizidio bidez hildakoengandik hurbil dauden horiek, estatistiken arabera, bere buruaz beste egiteko probabilitate handiak dituzte, bizitzari inongo logikarik aurkitzen ez diotelako. Baina ikasi egiten da, beste aukerarik ez dagoelako. Ikasketa-prozesu luze eta gogor horrek osasunarekin zerikusia duten arazo fisiko asko dakartza. Hori ere frogatuta dago.
Ikasi, ikasi egiten da, agian beste erremediorik ez dagoelako, zentzurik ez daukan egoera bati logika aurkitzea.
Logika kontua da?
Gure kasuan guztiz antinaturala izan da, hain gaztea joateak ez dauka bizitzaren logikarekin zerikusirik. Zerbaitetarako balio izan badu... Kontua ez da zergatik, zertarako baizik. Nietzscheren esaldi bat ekarriz, " "Bizitzeko motibo bat duenak, edozer jasan dezake". Gure kasuan, zertarako? Guk ulertu nahi izan dugu Joseba joan izanak bide hori hartzera behartu gaituela eta bide batez, baita ere, beste batzuei laguntzeko edo... Hori da hartu nahi izan dugun logika, jakinda oso gogorra dela.
Posible da zergatik bat identifikatzea?
Ez. Suizidioaren zergatiak jakingo bagenitu, soluzioa oso erraza litzateke. Baina ez da horrela. Suizidatzeko ez dago arrazoi bakarra; ez da adin kontua; ez dago profil konkretu bat; Malagan suizidio-tasa oso handia izanik, adibidez, eguzki-orduek ez dute zerikusirik... Kontua da ez dagoela faktore bakar bat suizidiorako. Faktore asko daude, eta nahiz eta momentu puntual batean eragina izan, ez dira erabakigarriak, beti atzean beste zerbait dagoelako.
Suizidioari buruz normaltasunez hitz egiteak zergatik lagun dezake?
Arrazoia oso sinplea da. Suizidatzen denak askotan ez daki zer nolako sarraskia sortzen duen bere inguruan. Horretaz ere hitz egin dezagun guztiok jakitun izan gaitezen. Bizitza oso konplexua da eta maila askotako arazoak dakartza. Beti dago alternatibaren bat. Suizidioak ez du soluziorik ematen, eta ematen badu, oso kaxkarra da eta ez du atzerabiderik. Bizitzak arazo asko ditu, larriak ez dira hain beste. Suizidioa oso arazo larria da, soluziorik gabekoa. Horren jakitun izan behar gara.
Suizidioari buruz hitz egin behar da, etxean, hezkuntza sisteman, lagunen artean... Suizidioa gertatzen denean, akabo, ja ez du itzulbiderik, horregatik hitz egin behar da horri buruz.
Horren ondoan gelditzen garenok betirako gelditzen gara puskatuta. Puskatuta betirako, bataz beste, suizidio bakoitzeko, sei pertsona gelditzen dira. Suizidio bakoitzeko 20 saiakera daudela esaten da. Euskal Autonomia Erkidegoan 10 suizidio-saiakera egunero.
Suizidioari buruz ez hitz egiteak ez du ezer ere konpontzen. Gerta litekeen zerbait da, edonori gainera. Egin dezagun zerbait.
Iluntasun edo krisian erori den horri galdetu zer moduz dagoen, adibidez?
Egoera horretan dagoenari ateak ireki eta galdetu: Aizu, arazoekin zaude? Laguntza nahi duzu? Zer gertatzen zaizu? Horrekin bakarrik bizitza bat salba daiteke.
Suizidatzeko erabakia hartuta zuen zenbait jende gure hitzaldietara etorri eta hitzaldi horietan entzundakoa entzun ondoren, hizlariari honakoa esan: eskerrak entzun zaitudan, nire buruaz beste egitera nindoan.
Datuak oso gordinak eta gogorrak dira. Zerbait egiten al da gizarte-mailan?
Ni oso kritikoa naiz. Erakundeek beste eremutan prebentzio-kanpainak eta kontzientziazio-egunak antolatzen dituzte, baina suizidioaren eremuan, ez da ezer egiten. Nazioarte maila oso esanguratsuak diren bi egun daude: irailaren 10a, suizidioaren prebentziorako nazioarteko eguna; eta azaroaren hirugarren larunbata, supervivienteon eguna. Bi data horietan ez da ezer egiten erakundeen aldetik.
Erakundeak pattal dabiltza suizidioarekiko duten jarreran. Zer nolako esperientzia izan duzu Elizak duen jarrerarekin?
Gurea gertatu zenean, martxoan zazpi urte, Markinako apaizak esan zigun ez zekiela zer esan. Hori oso gogorra da, ze era normal batean hil denak mota guztietako laudorioak jasotzen ditu. Suizidio bidez hil den 17 urteko mutiko bati ezer ez. Hileta elizkizunean ere bere lagunetako bati bakarrik utzi zion hitz egiten, eta askok hitz egin nahi zuten... Oso gogorra.
Harrezkero ez naiz berriro Markinako elizan sartu.
Baina beste aldetik, Josebak etxe ondoan zegoen ikastetxe erlijioso batean ikasten zuen. Hil zenean ikastetxe horretako monjek sagarrondo bat jarri zuten bere izenean. Joseba urte hauetan beti presente izan dute, ez dute sekula ezkutatu. Sagarrondo haren lehendabiziko sagarrak guri ekarri zizkiguten. Oso ederra.
Askotan joaten gara Ziortzako monasteriora. Asko gustatzen zaigu. Ziortzako elizkizunetan hildakoak aipatzen direnean lehendabizi aipatzen diren bi pertsonak suizidatutakoak dira: Arkaitz eta Joseba. Beti aipatzen dituzte, gu joan edo ez. Ez dute aurreiritzirik. Pertsona bezala tratatzen dituzte. Oso eskertzekoa da hori. Josebaren izena entzuteko bakarrik inoiz Zarauztik haraino joan izan gara.
Elizak ere gai honetan bere trantsizioa egin behar du, eta gauzak aldatzen doaz. Azaroaren hirugarren larunbata, supervivienteon eguna. 2018an Donostian egin genuen ekitalditxo bat, alde zaharreko eliza batean. Bertako apaizak ez zigun inolako oztoporik jarri bere elizan ekitaldi zibila egiteko. Hirurogeita hamar bat pertsona batu ginen bertan, tartean moja batzuk zeuden. "Bai gure artean orain dela gutxi gertatu zaigu", esan zidaten.
Jainkoak izan al du eraginik, superviviente zaren aldetik, berreraikitze lan honetan?
Gauza askorik ez egia esan. Norberak bere bidea egiten du, eta nik introspekzioari heldu diot, neure burua eta nire mugak hobeto ezagutzeari. Gauzak zerbaiterako gertatzen dira. Hor aurkitu diot zentzua bizitzari. Beste norbaitek beste bideren bat topatuko zuen, eta agian hor Jainkoa egongo da, baina nik nire ibilbidea kontatzen dut.
Transzendentziarik badagoen edo ez? Agian bai. Itxaropen hori dut: noizbait nire Joseba besarkatu ahal izango dudala. Gertatuko den edo ez, ez dakit, baina horri heltzen diot.
Bukatzeko, zer esan nahi du Arantzazuk zuretzat?
Begira, Josebarena gertatu zenean Arantzazura joan ginen, bake bila. Ez ginen iritsi ordea, elurtuta zegoen eta.
Arantzazun ni neu bakean aurkitzen naiz. Isiltasuna. Hango parajeak... zoragarria da. Oso eroso sentitzen naiz Arantzazun.
Niri elkarrizketak mezu positiboarekin bukatzea gustatzen zait, horregatik jendeari suizidioak beti irtenbidea duela esango nioke. Suizidioa behin-behineko arazoei ematen zaien behin-betiko konponbidea dela diote. Hitz egin dezagun arazo horietaz. Bestetik zoritxarrez suizidioa gertatuz gero, ondoren gelditzen direnei mezu positiboa bat: posible da bizitzari aurre egitea. Hori bai, bakoitzak bere bidea egin behar du. Bide luzea, gogorra eta amaigabea.
Eskerrik asko!
Siempre hay alternativas al suicidio. Dicen que el suicidio es una solución definitiva a un problema provisional. Hablemos de esos problemas, que sí tienen solución.
Lo que mata es el silencio. Queremos poner voz a esta realidad silenciada. Hablemos con naturalidad sobre el suicido.
10 de septiembre, día internacional del suicidio; tercer sábado de noviembre, día de los supervivientes.