1931-2020
El pasado 3 de enero falleció nuestro querido hermano Luis Arraiago, “Xegama”. Tenía 88 años. Navarro de nacimiento, su familia se trasladó a Zegama cuando él tenía 8 años y de ahí su sobrenombre. Quiso ser franciscano con 26 años. Se acercó entonces a Arantzazu y fue un fraile excepcional durante 58 años. Vivió hasta hace poco en el caserío Gomiztegi. Trabajador incansable, hortelano excepcional y, en los últimos años de su vida, paciente con el sufrimiento y la enfermedad. Siempre acogedor, siempre amable, siempre con una sonrisa. Que Dios lo acoja en su regazo.
Urtarrilaren 3an, 2020ko urte berriak lehen taupadak ematen hasita zegoenean, gaueko ordu batak eta erdi inguruan bukatu ziren gure Luis Arraiago, “Xegama”, anaia maitearen bihotz taupadak, 88 urte zituelarik eta 58 urte frantziskotar profesa egin zuela.
Areson (Nafarroa) 1931eko abuztuaren 24an jaioa zen eta zortzi bat urte zituenean Gipuzkoako Zegama herrira etorri zen bere familia osoarekin. Hogeita sei urte zituenean (1957an) Zegamatik Arantzazura frantziskotar izateko asmoz etorri zen eta horregatik inork gutxi deitzen zion bere benetako izenez; gu denontzat eta beti “Xegama” izan da.
Gomiztegi deritzan baserrian fraidegai bezala urte batzuk egin eta gero, 1960an Zarautzen nobiziotza egin, eta handik lau urtera, 1964ko abenduaren 8an, Arantzazun egin zuen Luisek profesa nagusia.
Ordutik Gomiztegin egin zuen Xegamak bizitza osoa. Baserrietan izan ohi den bezala, beharra dagoen hartan lan eginaz, baina Xegamaren benetako afizioa baratze-lana zen eta gogoz hartu zuen ofizioa. Arantzazuko fraideentzat nahiko barazki ateratzeaz gainera (ikustekoak ziren porru-sailak), fruitu ederrenak eta ikusgarrienak lortzen saiatzen zen. Oñatin San Mikel jaietan antolatu ohi den baserritar/ortularien fruituen erakusketa eta lehiaketan parte hartzen zuen Xegamak. Eta porru eta beste zenbait barazki klasetan lehen saria askotan lortu izan zuen. Hirurogei urte pasa egin zituen Luisek Gomiztegin.
Luis langile porrokatua eta ortulari aparta izan bada, gizaseme mailan areago oraindik: zintzoa, leihala, atsegina, maitagarria... Hileta ospakizuneko sermoian goardianoak esan zuen bezala: “Gure barrua asko behartu gabe, esan genezake: gizon ona zela, bihotz handikoa, atsegina, laguntzeko eta mesedeak egiteko beti prest zegoena. Gertukoa, xumea, apala, jatorra, baratze lanean langile aparta…”
Zenbat ordu sartu ote zituen Gomiztegin jendea onartuz, baztarrak erakutsiz eta sukaldean mokadu bat eskainiz. Handik pasatzen zen jendeak miresmen handia zion. Azken urteetan, herpes mingarri baten ondorioz, asko sufritzea ere tokatu zitzaion Luisi, eta harrigarria zen haren pairamena eta pazientzia, irribarrerik inoiz galdu gabe. Guzti horretarako, berezkoaz gainera, oinarri ona zuen bere fedea eta frantziskotar bizitza. Osasunez gainezka zegoenean eta baita geroago osasuna galtzen zihoanean ere, beti ikusiko zenuen anaidiko ospakizunetan; ez zitzaion batere gustatzen, berak esaten zuen bezala, anaidiko “funtzioak” galtzea. Lehenengo eta beti Jaungoikoa anaiartean. Anaiartea, nahiz Gomiztegin nahiz Arantzazuko komentuan, maitea zuen eta benetan gozatzen zuen. Beharbada esan genezake gure aita San Frantziskok esan zuen hura: “Jainkoak nahi izan dezala nik honelako “Xegamaz” egindako baso handi bat edukitzea”.
Azken lau bost urteak Gomiztegiko baserria utzi eta komentura erretiratu zen herpes gaizto mingarri batek jota. Eta komentuan, ahal izan zuen bitartean, ahal zuen dena laguntzen jardun zuen, batez ere bere lagun min Juan Zelaia zaintzen hau hil zen arte. Gero, berak nahiko lan izan zituen bere burua zaintzen. Azkenean, gastatu bezala egin zen eta halaxe azken egunerarte. Baina inoiz kexa bat ez, beti esker oneko, beti irrifartsu, halaxe “Jainkoak nahi izan zuen arte”, berak sarri esan ohi zuen bezala.
Urtarrilaren 4an, arratsaldeko bostetan, ospatu genuen gure Xegama maitearen hileta ospakizuna. Aldare ingurua frantziskotar anaidietatik etorritako eta Oñatiko parroko eta beste apaizez betea. Basilika ere, ez beteta, baina bai oso jendez itxuratuta: bere etxeko iloba eta senideak eta Luis ezagutzen eta maite zuten zenbait Oñatiko, Zegamako, Arantzazu auzoko eta beste herri batzuetako jendea.
Goian bego gure Xegama eta beti sinetsi izan duen zeruko Aita onak eman diezaiola betirako atsedena eta bakea.
Xebero Zinkunegi
Joxe Mari Arregi