Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Arantzazuko Andre Mariaren irudi berria (1)
Paulo Agirrebaltzategi
HUTSUNE NABARMEN BAT
geratu da frontoian,
estali gabeko
frontisa betean;
eta hutsuneari
darion isiltasun
nabarmenago bat,
mendietarainoko
inguru guztian.
Ezin zitekeen
hutsune hori baino
ezer handiagorik
kabitu harrian.
Hutsune hori da
Jurgi eskultore
handiak utzi digun
irudi handiena,
eta nabarmenena.
Euskaraz egun esan
zitekeen hitzik
handiena jarri du
frontisean zutik.
Euskaraz egun esan
zitekeen hitzik
ozenena jaso du
mendiko frontoitik.
Arantzazuko Andre Mariaren irudi zaharra betikoa da, txikia, elizaren absidearen erdi-erdian dagoena: elorri gainean eserita dago, irribarretsu, altzoan bere Jesus Haurra duela. Andre Mariaren irudi berria Oteizak egina da, elizaren fatxadaren goi-goian ipinia: zutik dago, erdi belauniko, bere Seme hila, lurrean luze, bere oinen babesean babesten duela.
Arantzazuko Andre Maria bat bera da, irudi bitan: biak harrizkoak. Eliza barrukoak Arantzazuko sukaldea bete eta berotzen du –“amaren etxe nasaiko sukalde handi modura” irudikatzen du Gandiagak Arantzazuko eliza–, erromes eta otoizlariei abegi gozo eta irribarretsua egiteko.
Arantzazuko fatxadako Andre Mariaren irudia, berriz, euskal pilotaleku mendikoaren frontisaren goian ikusten du poetak, zutik jarria, euskaldun guztientzako mezu eta ahots –“euskaraz egun esan daitekeen hitzik ozenena”–, hormaren hutsune isilean.