Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Arantzazuko eliza
Paulo Agirrebaltzategi
ELORRI,
zuhaitz da ta sasi.
Arantzazu elorri,
harkaitz ta lan gorri.Harri eta iraurri,
behetik hasi ta gora,
begitu hormari.–Gaztelu,
jauregi?–Ikusi ontzi tinka,
dorreok ikusi:
altuan eregi,
indar eta ausardi,
mundu zabal guztiai
berrion irrintzi.
Olerki luzeagoaren hasiera eta bukaera dakargu hona. Arantzazuko eliza berriari begira jartzen gaitu poetak. Elorri erraldoia, harri bihurtua eta lanaren lanez jasoa, da Arantzazuko eraikin berria. Ez da gaztelua, ez da jauregia, inork halakotzat irudikatu baldin bazuen ere. Itsasontzi handia da eliza. Babesgunea.
Eta dorreak? Beraietatik mundu zabalera berrion pozgarriaren aldarria ozenki zabaltzeko dira dorre garaiak… Irrintzika!
Oharra: “harri eta iraurri” = piedra y cemento