Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Arantzazu urrian, Igandeko arratsalde batez
Paulo Agirrebaltzategi
Urriko hogeita hamarrak
arratsaldeko bostak gutxi.
Igandea, ta Arantzazu
kotxez lapaxturik. Motxiladun jende
asko ageri da, mendiko haizeak
masailak piztuta. Mendietatik ezik
Arantzazutik ere ihes egiteari
eman dio jendeak.
Eguzkiak ere laster utziko du
zeru oskarbia,
ta itzalirik utziko du
baso, larre ta zelaien
kolore bizi pila guztia.
Hego haize iharra, epel eta pozgarri
ibili da oraintxe arte ia.
Eguzkia jaitsi ahala hoztuz doa
eta indar zorrotza hartuz, ebakitzen duen hura.
Artia mendiaren honuzkaldea
azpilduraz, zoko-mokoz, ageri da dena,
gainen hori nahasia eta sakostetako
urdin, grisez geundua,
izurren arabera txandakatuz.
Jende asko izan da Arantzazun.
Seiak laurden gutxi da.
Usabakotxenan gorde da eguzkia.
Horrelaxe, lau-lau, deskribatzen digu Gandiagak udazkeneko igande-ilunkara, Arantzazuko santutegia eta inguruak jendez eta autoz hustuz eta mendiak eta basoak itzaliz doazenean. Eguzkiak eta egunaren argiak erakarrita mendira igo direnak badatoz behera, eta santutegi inguruan eguna eman duen jende ugaria etxera bidean jarria da. Eguzkiaren jaitsierarekin batera, Arantzazuko mendiak eta basoak kolorez aldatuz doaz, eta giroa hoztuz. Nostalgia eta tristura modukoa ageri ditu poetak bere hitzetan; baina aldi beren Arantzazuko bakea nabaritu eta gozatuko du.
Igande horietako ilunkararen batean, korura bilduta, honetara idatzi zuen: “Bide asko zehar / joan da jendea. / Berbotsa joan da ta / galdu da azkenengo / soinu-zaratea. // Bakar geratu da / jai-arratsaldea. / T'emen barriro be / fraide ta isilezko / betiko bakea!”