Arantzazu zabalik
Maiatzaren 17an, igandez, eguerdiko meza nagusirako zabaldu zuten Arantzazuko basilika, bi hilabeteko itxialdiaren ondoren.
Hogei lagun inguru elkartu ziren basilikan, Arantzazuko frantziskotar anaidiarekin batera, eukaristia ospatzera.
Basilikako bankuetan, seinalatuta, bakoitzanon eseri, behar besteko distantzia gorde ahal izateko. Hidrogelak, sarreran, eskuak garbitzeko eta maskarillak eliztar ia guztien aurpegietan.
Argazkia ezohikoa, baina Arantzazuko liturgia, beti bezain zaindua. Hurrengo igandean, maiatzaren 24an, 60 pertsona inguru batu ziren meza nagusira.
Oraingoz, eta koronabirusaren krisia gainditu artean, aste osoan, meza bakarra ospatuko da Arantzazun: igandetan, eguerdiko 12etan. Hala erabaki du Frantziskotar anaidiak, segurtasun berme guztiak errespetatu ahal izateko.
Arantzazuko basilikak 900 lagunentzat du tokia, baina bolada batez, ezinbestekoa izango da tokiak mugatzea, distantziak zaintzea eta behar adinako neurriak hartzea, inguruko inor ez kutsatzeko.
Arantzazuko anaidiak tinko eutsi dio orain arte koronabirusaren arriskuari eta ezinbestekoa da elkar zaintzen segitzea.
ARANTZAZUN OSTATU. ORAIN ZER?
Ditxosozko koronabirusak bazter guztiak nahastu ditu, baita Arantzazu ere. Bi hilabete luzez Arantzazuko tabernak, jatetxeak eta hotel zein ostatuak itxita egon dira, ezinbestez. Etorkizunari kezkaz begiratzen diote. Egoera guzti hau nola bizi izan duten eta etorkizuna nola ikusten duten galdetu nahi izan diegu.
En este número queremos ofrecer un panorama de cómo está siendo el día a día de aquellas casas y familias que dan de comer y beber, y hospedaje a todo aquél que se acerca a Arantzazu. Todos coinciden en que estos últimos meses han sido duros y extraños. A todos se les ha hecho raro ver Arantzazu vacío en Semana Santa y en primavera. Casi todos se han recuperado del shock inicial y se están amoldando a las nuevas circunstancias. El bar Milikua no se ha podido recuperar de este duro golpe y con gran pena han decidido cerrar el negocio familiar definitivamente. La casa de ejercicios “Asís Topagunea” también con gran dolor ha decidido cerrar las puertas hasta otoño, aunque mira esperanzada el futuro.
Miren eta Ana,
Goiko-Benta ostatua
Gu etxean denok ondo egon gara, familia handia eta adin desberdinekoak 14 urtetik 91 urte arte. 9 lagun gara etxean eta normalean ez gara hainbeste denbora denok batera egoten. Hasieran oso isolatuta egon ginen eta ardura askorekin edadeko jendea daukagulako. Baina oso ondo, Arantzazu geurea bakarrik bezala sentitu dugu eta aldekoekin lotura gehiago bezala. Egon ziren egun batzuk Aste Santuan ,ezagututa Arantzazun Aste Santua zelakoa zen, ba ezin sinistu sentsazio hori geneukala, isiltasun hori eta natura gertuago bezala.
Beste alde batetik negozioaren ardura daukagu, hasieran ezin genuen sinistu, urduri bezala eta orain nola hasi eta segurtasuna eta guzti hori, gogorra da. Ez dugu pentsatzen uda ona izango dela, urte arraroa izango da. Baina Arantzazun urteetan zehar garai desberdinak egon dira, jende gehiagorekin, gutxiagorekin…
Ezjakintasun hori uste dugu sektore guztietan dagoela eta pazientziaz hartu beharko dugu. Baina egia esanda ondo egon gara.
Pili eta Julen,
Sindika hotela
Arantzazun sekula bizi izan ez den zerbait izan da oraingoa... Egun hauetan horrelako eguraldia eta inor ez Arantzazun. Beste urteetan tope egongo ginateke lanean, baina aurten etxe barruan egotea tokatu zaigu. Hemen bertatik paseoak emateko aukera eman digu geldialdi honek. Ni sekula baino gehiago ari naiz ibiltzen.
Oraina, etorkizuna, arraro ikusten ditugu. Neurriak arintzen doazen heinean jendea Arantzazura etortzen hasiko dela uste dugu. Mendira, kirola egitera, paisaiaz disfrutatzera etorriko da probintziako jendea eta ordurako taberna irekita izango dugu, asteburutan behintzat. Erantzunaren arabera jatetxea ere martxan jar genezake, baina kasik seguru hotela, udaran behintzat, itxita izango dugula.
Beatriz eta Anjel Mari,
Milikua taberna
Azken bi hilabeteak oso gogorrak izan dira. Etxealdi honek Milikua taberna ixtera behartu gaitu. Etorkizunari buruzko galdera lehendik genuen bueltaka, baina krisialdi honek erabakia hartzera bultzatu gaitu.
Negozioa etxeko hiruron artean generaman, Arantza, Anjel Mari eta hiruron artean. Arantxa luze joko duen gaixotasun batek harrapatu du. Anjel Mari, belaunetik operatuta, baja da. Ni bakarrik tabernari heltzeko, gehiegi. Gainera, epe motzera etorkizuna datorren bezala etorrita, ba ez du animo gehiegirik ematen. Burutik ere pasa zaigu taberna alokairuan jartzea, edo eta km 0 eta bertako produktuak saltzen dituen dendatxo bat jartzea ere, baina lokala eta etxea bat izanik obra handia eskatzen zuen guztiak. Bestalde, panorama honekin eta atzetik inor ez datorrela ikusita... inbertsio gehiegi.
Erabakia hartu artean gau asko pasa ditugu lo egin ezinik, baina buelta eman diot eta behin itxi egingo dugula erabaki eta gero hasi naiz nire burua birziklatzen, aurrera begira. 59 urte gainean izanda ez da erraza, baina aurrera begiratzea besterik ez dago!
Joxe Mari Azkue,
Asis Topagunea
Bai,udarari begiratuz,beste behin, amets ginen,hemen, Arantzazun “ASIS TOPAGUNEAN” elkartzeko, bilaketa-bideari jarraituz gogo-jardunak egiteko, barne-lan isila, hausnarketa sakona egiteko; bizitzako norabideak eta jarrerak aztertu eta berritzeko... Dena prestatua genuen, zuri, bake-bila zabiltzan horri, beste behin, eskaintza egiteko.”ASIS TOPAGUNEA” zure etxea baita.
Baina, koronabirusak sortu digun egoera larri eta tamalgarriak eta etorkizunaren zalantzak “ASIS TOPAGUNEKO” ateak istera behartu gaitu. Saminez esaten dugu, baina, hala da. Min du bihotzak! Hiru hilabetean zehar -ekaina, uztaila eta Abuztua- ez da gogo-jardunik izango, ez bilaketa batzarrik, ez eta jardunaldi berezirik Arantzazun. Min dugu bihotzean,min isila, barne-mina!!!
Baina, guretzat ere, pertsonak du lehentasuna, biziarengatik dena egiteko prest gaude. Bizia maite dugu!
Horregatik, aurtengo udaran zure presentzia, zure hurbiltasunaren hutsunea sentiduko dugu, baina,gure bihotzean, otoitzean, gurekin izango zera….Izan bihotz!
Carlos Odriozola,
Arantzazuko Santutegia Hotela
Neguan Hotela itxita egoten da. Ireki genuenerako urduritasuna zen nagusi... Alarma egoera etorri zen eta ERTEa eskatu genuen eta administrazioaren isiltasuna dela eta apirilaren hirugarren astean egin zen efektibo. Udaberri eta udara hasierarako taldeak eta kongresuak direla eta, erreserba asko genituen lotuta. Dana bertan behera erori zaigu, erreserba guzti horiek kantzelatzen joan baitira pixkanaka. Ziurgabetasuna da nagusi, inork ez daki zer gertatuko den, eta gelditzen zitzaizkigun erreserba apur horiek ere poliki-poliki erortzen ari dira.
Astean behin edo etorri naiz Arantzazura hozkailuak begiratzea, mantenu lanak egitera eta dana ondo dagoela ikustera. Espero dut pixkanaka jendea animatzen hastea. Egoera berri honetan Arantzazuk badauka zer eskainia: parke naturala, lasaitasuna... Oporretan dena ez baita "sol y playa". Sare sozialetan turismo berde hori bultzatzen ari gara, baina jendeak konfiantza behar du. Zentzu horretan guk segurtasun-protokolo guztiak beteko ditugu. Beldurrak eta kezkak alde batera utzi eta bezeroaren konfiantza berreskuratzea da helburua.
Alberto Elorza
Zelai Zabal jatetxea
Alarma egoera indarrean jarri zenean sorpresa handia hartu genuen, lehenengo egunetan gertatzen ari zena sinistu ezinik genbiltzan. Gainera San Jose egunean lan asko egiten dugu eta kamarak beteta genituen. Zer egin genero guzti horrekin? Pixkanaka jan guzti hori aprobetxatzen joan gara. Egoera benetan sinestezina eta guztiz arraroa guretzat. Arantzazu horrela hutsik ikustea ere!
Egunak pasa ahala "niretzako denbora" baneukala esaten nion neure buruari, baina ez dut ezer disfrutatu. Buruan gauza eta kezka gehiegi: Aste Santua, ezkontzak, lehen jaunartzeak, Korpus eguna... Hori guztia lana eta fakturazioa zen, urteari aurre egiteko, eta dena erori egin da, anulatu, kantzelatu... ERTEan egon gara, Oñatiko udaletxeak laguntzak eman ditu ostalarientzat...
Etorkizunari begira, ba hasi da eguraldi ona, gehiago edo gutxiago, Arantzazura beti etorriko da jendea. Egoerak uzten digun heinean guk ireki egingo dugu eta %50ean egingo dugu lan, protokoloak agintzen dituen neurri guztiak betez. Baikor begiratzen diogu etorkizunari eta egoera berri honetara moldatu beharko dugu.