Jose Ramon Beloki
Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.
Aurelio Arteta
A pesar de los pesares.
Cuaderno para la vejez
Ariel. Barcelona, 2015
ISBN: 978-84-344-2278-0
Modu eta jarrera desberdinak daude bakoitzari egokitzen zaion zahartzaroa bizitzeko.
Gai honi buruz, irakurleak agian gogoan izango ditu, Javier Garridoren “Hacerse mayor y ser cristiano” liburuari buruz, orain dela urte eta piko, idatzi nituen hausnarketak. Garai hartan lagun batek zahartzaroaz baita idatzitako beste liburu bat ekarri zidan eskura, irakurri nezan. Alde batera utzi nuen. “Etorriko da garaia, gerora ere, gai berera bueltatzeko, orain segidan pilatuta ibili gabe”, esan nion orduan nire buruari.
COVID-19 delako koronabirusa, edadetuen artean bereziki, egiten ari den sarraskien berri izan, eta nire burua, guztiona bezala, etxe zokoan sartuta ikusi nuenean, momentu hori iritsia zegoela otu zitzaidan. Horrela jarri nintzen Aurelio Artetaren A PESAR DE LOS PESARES. Cuaderno para la vejez liburua irakurtzen.
Zahartzarora hurbiltzeko, bertan sartzeko eta urte horiek bizitzeko modu eta jarrera desberdinak daude, esan bezala. Artetaren liburua irakurtzen hasi bezain pronto oso garbi izan nuen, lehendik ere garbi nuen, ondorio hori. Zahartzaroari buruzko Javier Garridoren eta Aurelio Artetaren hurbilketa eta hausnarketak, esate batez, oso desberdinak dira.
Aurelio Arteta zahartzaroan “ofizialki” sartu baino zertxobait lehenago hasi zen liburuan jasotzen dituen hausnarketak egiten. Hirurogeiko urtealdira iristean, eta zahartzaroa deitzen den hori ba zetorkiola gainera ohartuz, zer zen zetorkion hori bere buruari galdezka jarri zen, hausnarketan. Horretaz da liburua.
Zetorkion hori zer zen antzemateko, Arteta bere ingurura begira jarri zen, gehien bat. Hor, gizartean, ikusten zuen zahartzaroari begira jarri zituen bere begiak eta bere adimena. Ikusi eta ulertu uste izan zuen zahartzaro horri buruzko hausnarketak dira, gehien bat, bereak. Ez hainbeste, esango nuke, Arteta beraren zahartzaroari buruzkoak.
Oso bestelako hausnarketak iruditu zitzaizkidan, bere egunean, Garridorenak. Aro horretan sartuta, eta bizitzen jarrita, zegoenaren hausnarketak iruditu zitzaizkidan, bete vetean, bereak. Gehiegi esajeratu gabe baina, Garrido bere zahartzaroaz eta Arteta besteen zahartzaroaz ari direla, bakoitza bere liburuan, laburbilduko nuke, horregatik.
“A nuestra edad, esaten zuen Garridok, conocerse ya no es cuestión analítica. Es actitud vital, que se ha ido haciendo con los golpes de la realidad. Gracias a Dios, ésta no se ha dejado manejar”.
Artetak, aldiz, Garridok onirizten ez duen bide honetatik -analisia moeta honetatik- egiten du, hain justu, batez ere, bere hausnarketa. Zahartzaroa analisia zorrotz eta zurrun baten galbahetik igaroarazten du.
Galbahean gelditzen zaiona, berriz, gutxi gustatzen zaio Artetari. Ez zaio atsegin. Ikusmira gogorra eta mingotsa agertzen du sarri zahartzaroaz. Garridok guztiz bestelako ikusmira agertzen duen bitartean.
Zahartzaroaren ahuldadeak, ezinak, nekeak, mila eratako beldurrak, sofrimentu, gaisotasunak, era guztitako “miseriak”: guzti hori, biek ikusten dute, bai Artetak bai Garridok (nork ez?), nahiz bakoitzak bere erara adierazi.
Begiek ikusten, norberagan zein besteengan, duten horrek ez du, ordea, zahartzaroari buruzko norberaren iritzia eta are gutxiago jarrera, berak bakarrik, -ezta gehienik ere, esango nuke nik- definitzen. MiIa osagai gehiagok oratzen eta tajutzen du gizaki bakoitzaren jarrera, honelakoa edo halakoa, antzekoa edo kontrajarria, baita zahartzaroari buruzkoa ere.
Hor dago, baita, Garridoren eta Artetaren arteko aldea. Jarrera aski kontrajarria dute, batak eta besteak zahartzaroaz. Zerk eramaten du bata alde batera eta zerk bestea bestera? Besteak beste, erlijioari buruz bakoitzak dituen iritzi, jarrera eta bizipenak, hain desberdinak.
Baina ez horrek bakarrik, esango nuke. Zahartu aurretik, bizitzan zehar, norberak izan dituen ibilera, jokaera, portaera, jarrera, pretentsio, ikusmira, eta mila gisatako gorabeherek ere zer ikusi handia izan ohi dute guztiongan zahartzaroari aurre egiteko orduan agertzen dugun pentsaera, jarrera eta bizikerarekin ere. Hori ere antzeman uste izan du liburu bietako hausnarketak alderatu ditudanean. Hau da, zahartzarora iritsi aurretikako baten eta bestearen munduak zer ikusi handia duela zahartzaroaz batak eta besteak agertzen duten jarrera ulertzeko garaian, iruditu zait.
Ez dakit noraino sentituko den eroso ala deseroso irakurlea, animatzen bada, Artetaren ikuspuntu eta hausnarketekin. Denetik, ziurrenik. Hainbat hausnarketekin bat etorriko da. Beste hainbatekin, ez. Nik neuk deserosotasun puntu batekin irakurri dut, oro har, 255. orrialdeko liburua. Ez da hainbeste beti ere hain gustagarri ez diren zahartzaroaren ajeak gordinki plazaratzen eta salatzen dituelako Artetak. Plazaratze horren ondorengo hainbat hausnarketek uzten duten ozpin ikutuko dastapenarekin sentitu naiz deseroso.
Garridok, agian gogoratuko da irakurlea, “jakituria” erreibindikatzen zuen zahartzaroaren mundu zail eta sarri pisutsuari aurre egiteko orduan. Jakituria delako hori ulertzeko, eta bizitzeko, modu bat zuen Garridok, bere kristau sinesmenari oso lotuta.
Artetak ez du horrelakorik. Zahartzaroa deskribatu eta analizatu ondoren, Artetak, liburuaren azken atalean, “Antidotoak” proposatzen ditu. Pozoi baten ondorioei aurre egin beharko balitzaie bezala.
Esan bezala, Artetaren zahartzaroari buruzko hainbat eta hainbat baieztapen eta hausnarketekin bat etorri naiz. Baina, nolabait esatearren, jakituria delako hori –Garridorena baita- zer den guztiz garbi ez badaukat ere, halako zerbaiten hutsunea sumatu dut liburuan zahartzaroari aurre egiteko orduan beharrezko edo gutxienez komenigarri litzatekeen jarrera eta proposapenekin.