Jose Ramon Beloki
Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.
Joxe Azurmendi (2099)
Azken egunak Gandiagarekin
Donostia: Elkar
ISBN: 978-84-9783-734-7
Etekin handiak atera izan ditut, ustez behintzat, Joxe Azurmendiri irakurri izan diodan bakoitzean. Oraingoan, AZKEN EGUNAK GANDIAGAREKIN irakurri diodanean, inoiz baino handiagoak. Hala iruditu zait.
Ze etekin klase? Gandiagak, bere irakurzaletasunak bultzaturik, liburuak irakurtzerakoan ateratzen omen zituenetakoak: Irakurketek “bere barruan aurkitzen laguntzen zioten Gandiagari”, idazten du Joxe Azurmendik. Antzeko zerbaitetan lagundu dit niri ere, gutxitan bezain oparo eta hunkikor, liburu honek.
Barrena, gizaki bakoitzak berea du. Urteen poderioan, bizitzako gorabehera eta bizipenen eraginpean, bereagoa egiten joaten dena.
Denon barrenek, ordea, hondo berdintsu eta partekatu bat ba ote dutelakoan nago ni. Azurmendik berak dio: “Zentzua beti aurkitzen –eraikitzen- da, modu batean edo bestean, gizakiaren bizitzea horixe baita”. Zentzu aurkitze hori dago, zerbait egotekotan, egon ere, gizaki guztion barren-barrenean. Denok egiten dugu, modu batean ala bestean, gutxi ala asko, zentzu bilatze lan hori, haztamuka bada ere. Eta denok egiten dugun bilaketa hortatik datoz, hain justu, gizakion barrenek beraien artean izan ohi dituzten diferentzia eta partikulartasunak. Azurmendik berak dio, baita: “Baina, horregatixe, (denok zentzuaren bila aritzen garelako) zentzuaren bilaketa –eraiketa- diferenteak dira posible”.
Laburbilduz: Urteetan, bizitza osoan, Azurmendik gizaki guztion eta bere barrena analizatzeko orduan izan duen kopromisoaren eta erakutsi duen seriotasun eta sakontasunaren fruitu oparoa da liburu hau. “Adiskidearen heriotzaren aurrean bakarrizketak”, azpititulatzen du. Eta hala da. Inoiz baino gehiago ziurrenik, Joxe Azurmendik bere barrena hustu –edo bete- du liburu honetan. Bakarrizketa deitzen dio horri. Elkarrizketa deitu balio ere ez zuen gezurrik esango. Zerbait eskaintzen badute, izan ere, liburuaren 489 orrialde trinkoek –trinko edukiaren, eta trinko euskararen aldetik- hori da: Azurmendik, Gandiagaren heriotza dela eta, bere bizitzarekin (bere bizitzekin esango nuke agian) mantentzen duen elkarrizketa gordin, zorrotz eta ausarta.
Azurmendiren hausnarketa horiek inoiz baino barnerago sentitu baditut nik neuk oraingoan, besteak beste, bai berari bai neri ere, hainbat urtez, “bizitzea tokatu zaizkigun garaiak eta egoerak” paretsu, antzeko eta, nahi eta nahi ez, eragin handikoak izan direlako da. Hainbatekoak, nire bizitzarekin elkarrizketan ari balitz bezala sentitu dudala Azurmendiren bakarrizketa hau hainbat gai eta pasartetan.
Ez dauka zertaz honek hain horrela izanik liburua irakurtzen jarriko diren guztien kasuan. Denok ez dira, oraindik ume, bera eta ni bezala, jaiotetxeak utzi eta Arantzazura joan; denek ez dituzte, guk bezala, hainbat eta hainbat bizipen -era askotarikoak: ikasketak, esperientzia erlijiosoak, lagunarte zabal edo bidebatez itxiak- konpartitu, urte batzuen aldearekin izan bada ere bera eta nire artean, bakoitzak bere modura, Arantzazun bertan edo Forun, Zarautzen edo Erriberrin, etabar. Ez da harritzeko, beraz, Azurmendiren bakarrizketa norbere bakarrizketa gisa sentitzea neurri handi batean guzti horretatik pasa den edonork. Elkarrekin barrenaren laiaketan ariko bagina bezala sentitu dut Azurmendi, bere luma bitarteko.
Ez dago, baina, bizitza horrenbesteraino konpartitu beharrik, Joxe Azurmendiren hausnarketek barrenak harrotzen dizkiola sentitzeko, irakurtzen jartzen dena ohartuko denez. Hasteko, Gandiagaren pertsona, entzuna baina gutxi ezagutua, eta bere poesia ulertzeko aukera paregabea eskainiko diolako. Baina, gainera: Azurmendiren eta beraren zenbait bizipen konpartiturekin topo egingo duelako irakurleak agian. Esate baterako, 50-60 eta 70ko hamarkadetan Euskadin (ere) bizitako aldaketa ikaragarriak: Erlijioa dela, politika dela, egoera ekonomiko eta soziala dela, kultura eta euskara direla,... Garaikide izanik, aldaketa handien testigu eta partaide izan gara, ziur, aldizkari honen irakurle asko eta asko, Arantzazutik paseak ala pasagabeak. Horregatik, guzti horri buruz Azurmendik eskaintzen dizkigun hausnarketek irakurle askoren barrena dantzan jarri dezakete. Eta jarriko dute, seguru.
Baina, gero, gainera, Azurmendiren hausnarketa ez dago, guztiz, ez garai bati ez zirkunstantzi batzuei lotua eta mugatua. Gizakiaren –lurralde eta garai guztietako gizakiaren- barrena ere aztertzen gogotik saiatzen da zegamarra. Jainkoa, erlijioa, arrazoimena, errealitatea, heriotza, hilezkortasuna, mitoak, zentzua, mundua, lurra, ateismoa, sinesmena, pekatua, moderniak, ilustrazioa, etabar luze bati –zer da hori guztia eta bakoitza?- buruzko hausnarketa sakon eta zintzoa eskaintzen du Azurmendik.
Azurmendi, jakina da, lehen-lehen mailako filosofoa dugu. Gizaki ororen eta gizaki osoaren azterle, -bereziki gizaki euskaldunaren- galdetzaile amorratu, beraz, beste ezer baino lehenago. Errukirik gabeko galdetzailea, esango nuke. Gizaki horri dagokion guztia interesatzen zaio. Gaurko eta betidaniko gizakiari, bere historia guztian zehar, egokitu zaion guztia. Bizitza guztian hori interesatu zaio, eta horretan aritu da, buru belarri. Ba dirudi, ordea, liburu hau idazten jarri denean, inoiz baino errukirik gabeagoko ikertzaile izateko asmoz abiatu dela. Bai Gandiagari eta bai bere buruari hala aritzea zor eta zin egin balio bezala. Bistan da Gandiaga lagunaren heriotzak hunkiturik hasi zela bide hori egiten. Baina ez da bakarrik lagun minaren heriotzaren eragina. Bizitza bera da, bere gorabehera guztiekin, Azurmendi jarrera eta egiteko horietara eraman duena. Ederki baino ederkiago adierazten du hau berak: “Minbizia daukazula esaten dizutenean, mundua pixka bat aldatu egiten da, aldatu egiten da denboraren esanahia, zure lekutxoa ere bai munduan, eta bizia bilatzen duzu zure barruan, zure inguruan.” Edo, baita, Gandiaga hil zen egun bertako hausnarketa hau egitean: “Neure harriduraz harritzen naiz gero, edo beharbada ez da harridura, sentimendu arraro bat da: bagatoz etorri, eta bagoaz, eta ez da ezer pasa. Kanpoan denak berdin jarraitzen du. Eguzki beraxka bat dago, axolagabe” .
Ikuspuntu eta sentipen horiek ere konpartitzen ez dago zaila. Ez niretzat, behintzat.
Arrazoi bete betea du Azurmendik: “Askotan galderak ez ditugulako izaten dira erantzunak zentzugabeak”. Ez zait neuri neroni galdera faltik gelditu azken orrira iritsi naizenean. Hori da liburuari atera diodan etekin nagusia.