Jexuxmari Mujika
“El ser humano solo se entiende a sí mismo cuando se ve a sí mismo en cada uno de sus semejantes” (Tolstoy). El Covid19, que nos ha confinado a todos en casa, nos proporcionaría un gran servicio si nos ayudara a convencernos de esto que es evidente, que las soluciones individuales no sirven para nada. Solo si nos salvamos todos juntos, nos salvamos también cada uno. Pero …
Si acertamos a compartir la moral e inteligencia colectiva empezarán a aflorar los destellos de profunda humanidad que atesora nuestra especie, y entonces podremos hacer frente a los grandes desafíos que nos plantea el mundo globalizado de este siglo, desafíos de los que en este momento de pandemia tenemos clara conciencia. Pero el riesgo de que nada más salir de ésta volvamos a cerrar los ojos es también muy real.
Ezinbestez, bai, ezinbestez ikasi beharreko gauza asko ditugu gizakiok. Hori nabarmen antzean –gero eta nabarmenago- gelditzen ari zaigu pentsatzeko denbora inposatu zaigun azken bolada honetan, baina… ikasiko dugun esperantzarik? Ezagutzen dugun historiaren arabera, milaka aldiz bizi izan ditu gizakiak eskura ikasi beharrezkoari heltzeko arrazoiak, baina… ondo doakigunean geuri –ez gizateriari- ezer ikasteko gogoak nonbait azkar joaten zaizkigu.
Oraingoan ere berdina gertatuko ote? Beharbada, bai, ez dakit, baina hemendik aurrera gizateria zabaletik aparte babesean gordeko gaituen `geu´-rik izango al dugu? Hori da hemen galdera, horixe zomorro txiki honek inoiz baino argiago ezeztatu bide duena.
Lehen-lehenik egia honi egin behar zaio leku. Leku bai, ikasteko, gu, mundua auzo bihurtu dugun gizakiok, hizkuntza, ohitura, kultura eta bizieran zorionez ezberdin garen eta izan nahi dugun gizakiok, naturarentzat –baietz uste baina menderatzen ez dugun horrentzat- berdinak garela denok, zorionez hori ere, eta, ondorioz, zibilizatu hitza merezi ahal izateko -eta bidenabar etorkizuna segurtatu- eskubide eta baliabidetan berdinak –ahalik eta berdinenak- izaten saiatu beste biderik ez zaigula gelditzen. Beste biderik ez.
Honen kontzientzia lantzean, orduan bakarrik, egingo diegu toki inguratzen gaituen zenbait galderei, orduan bakarrik berrituko ditugu zenbait ikuspegi, orduan helduko denok gordetzen dugun gizatasun sakon hori –gizalegea- agerrarazi dezaketen balioei.
Egungo zenbait dogma –erlijioetatik kanpora ere dogma asko daude- berraztertu beharrean gaude. Bestela naturak berriro ere azkar harrapatuko gaitu ustekabean. Gure moral kolektiboa –komunitatearen oinarria- galdu nahi ez badugu guztiz, baliagarri diren eta ez diren balioak zeintzuk diren aztertu beharra dago zintzo eta sakon. Ziurtasun faltsu ugari erortzen ari zaizkigunean, zer dugun beharrezko eta zer ez galderari ez diezaiokegu gehiago ihes egin. Zer dugun soberan eta kaltetan kontuan hartzeari ere ez.
Ziurtasun faltsu horiek diote (zioten) bakoitzak bereari begiratzea dela normalena, hala izan dela beti, eta aurrerantzean ere hala izango dela, horrek dakarrela aurrerapena, lehiak indartzen gaituela gizakiok; Covid 19ak, baina, erakutsi digu -berriro ere- irtenbide indibidualik ez dagoela, elkarrekin salbatuz bakarrik salba gaitezkela bakoitza ere; erakutsi digu garbi –ikusi nahi ez duenari ezik- harrokeriarako motiborik ez daukagula gizakiok, bide oso okerretik gabiltzala urkoa duen boterea, dirua, titulua, edo sonaren arabera neurtzean, arrazaren, hemengo edo hango izatearen, kultura bateko edo besteko izatearen arabera egitean oker goazen (gindoazen) bezala. Gizakion lanak egiaz duten garrantziaren arabera neurtzen eta baloratzen ere ikasi beharra daukagula. Lan guztiak.
Aitortu beharra daukagu, ordea, nabarmenak dirudien gauza hauek barneratzea oso zail gertatzen zaigula; pentsatzeko gaitasuna galdua dugulako izango da hori, noski, mila interesen arabera umetu garelako eta gaituztelako, bizitzaren errealitatea gezurretik eta azaletik bakarrik ikustera jarriak gaudelako; batez ere, bizikidetzari, mundu mailako bizikidetzari, dagokionean.
Merkatu soilak ez dituela gaindituko dakigun apustu handien aurrean gaude gizakiok. Horren kontzientzia gero eta sakonagoa dela uste dut. Jakintza hau pentsamendu kolektiboa bihurtzeko bidean doala. Gazteen artean, batez ere, etorkizunaren beharra gehien duten horien artean. Hori horrela gertatzen bada, bizi dugun egoera honek horretan laguntzen badigu, egiaz lagundu, ekonomiak ekonomia ez da guztiz kaltegarri gertatuko.
Denok uste nahi dugu egungo ustekabeko handi honek zerbait, zertxobait behintzat, irakatsiko digula; egiaz ari garela uste dut gainera. Ez al da dena iruzur gertatuko. Ezer ikasten ez badugu, Rodriguez de la Fuente zenaren alabari irakurri diodan hau gertatuko da egia: zomorro honek eragin diguna jolas bat, huskeria bat, izan daiteke natura egiaz haserretzen denean etorriko zaigunarekin.
Etorkizuna inprobisazioaren eskura uzten badugu, diruak ez gaitu salbatuko, etikarik gabeko teknologiak ere ez.