Naiara Goia, Gizarte-berrikuntzarako Arantzazuko Laborategiko zuzendaria
Este otoño se ha creado en Arantzazu un laboratorio de innovación social. Naiara Goia es su directora. Liderar este proyecto supone para ella un gran reto en el que su motivación y compromiso por trabajar en favor de una sociedad mas justa a través de la innovación puede confluir con el espíritu de transformación e innovación social que ha tenido Arantzazu en sus cinco siglos de historia. Construir este laboratorio de innovación social desde la base de una tradición humanista y comunitaria transmitida durante años a través de la comunidad de los franciscanos del Santuario es una cuestión que aborda con respeto y con ilusión.
Nor da Naiara Goia?
Gogor lan egiteko eta aldaketa positiboak norabide zuzenean emateko gaitasuna eta gizarte justuago bat lortzeko motibazioa eta konpromisoa dira bizitzan inguratzen nauten gertuko pertsonen aurrean eta testuinguru profesionalean erakusten ditudan ezaugarri nagusienak.
Emakume naizen aldetik oraindik eta ozenago jarri nahi dut nire ahotsa. Ama naizen aldetik nire semei aldaketa posible dela erakutsi nahi diet.
Pertsona arrunta naizela uzte dut, erronken bilatzaile nekaezina. Gustuko dut sarean lana egitea: elkar-lanean mundura irekita eta entzunez jende desberdinengandik ikastea. Euskaltzalea naiz, herri hau eta kultura maite duena. Emakumea, feminista, ama.
Eta Arantzazu Naiararentzat?
Indar handia iradokitzen didan leku bat da Arantzazu. Euskal gizarteari Arantzazuk egin dion ekarpena ukaezina da. Hori horrela izanik ordea, gehiago esploratu nahi dut Arantzazuren indar eta balio sinbolikoa. Uste dut momentu honetan Arantzazuk historian zehar izan duen izaera politikoa berreskuratu behar duela, euskal gizartean hainbat gauza landu ahal izateko.
Gidatzea tokatu zaidan abentura berri honetan Arantzazun gehiago sakondu nahi dut, harengandik gehiago jaso eta hura gehiago ezagutu.
Arantzazu erronka modura?
Bai. Testuinguru profesionalean eta bizitzan bertan bilatzen dudan horri lotuta diot hori. Niri beti erronkek motibatu izan naute. Egon naizen leku desberdinetan zerotik hasten diren anbizio askoko proiektu interesgarriak gidatzea tokatu izan zait.
Nere ibilbidean ere oso erreferentzia sendoak izan ditut eta pertsona horiengandik ikasteko aukera izan dut. Eta era berean, nik ere egin ditut ekarpenak eta lortu dut hainbat gauza aldatzea, bai mundu enpresarialean eta baita gizarte arloan ere.
Nik uste dut, Arantzazun eskuartean dudan proiektu berri honekin hiru ezaugarri horiek betetzen ditudala. Batetik, hasieratik lideratzeko eta moldatzeko aukera ematen didan anbizioz beteriko proiektua da Arantzazuko hau. Bestetik, Arantzazuko ekosistema eta laborategi honen inguruan bildu diren eta bidelagun izango ditudan eragile desberdinek izugarri motibatzen naute: Foru Aldundia, Frantziskotarren komunitatea, Euskal Herriko hiru unibertsitateak eta beste hainbat gizarte eragile. Hor badaude erreferentzia sendoak. Eta azkenik, gizarte justuago, lehiakorrago, kohesionatuago eta gizatiarrago bat lortzeko erreferentziazko nodo izatea du helburu proiektu honek. Horrek printzipio-gidari modura motibatzen nau.
Hori guztiagatik Arantzazu. Bestalde, pertsona modura herri honekiko sentitzen dudan erantzukizuna nire proiektu profesionalarekin uztartzeko aukera ematen dit Arantzazuko proiektu honek. Nolabait esateko, herrigintzan sakondu, proiektu eta balio berritzaileak proposatuz.
Horrenbestez, gizarte-laborategiaren proiektuaren eta Arantzazuren balioak nire egiten ditut. Sekulako erronka.
Beraz, hori guztiagatik laborategia Arantzazun?
Gizarte-laborategiaren proiektu honi eskatzen zaion gauzetako bat Arantzazun ibilbide luzea izan duen proiektu humanistari segida ematea da, baita Arantzazuk mendeetan gizartearekin izan duen lotura estu horri jarraipena ematea ere. Arantzazu beti izan da gune eraldatzailea eta berritzailea, beti ere gizarte justuago eta gizatiarrago baten alden lan egite aldera. Horri guztiari segida eman behar zaio gaurkotasunetik, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuna bilatu ahal izateko. Ez da kasualitatea laborategi hau Arantzazun egotea, hemen egoteak tradizio oparo eta emankor batean kokatzen gaituen abiapuntu preferente batean posizionatzen gaitu. Horregatik Arantzazun.
500 urteko historiari begiratuz gero, horrek sekulako errespetua emango du ba?
Noski. Jose Mari Arregi fraideari askotan entzun diot badaudela Arantzazun erronka desberdinak. Batetik, arlo sozial eta kulturaletik laborategiaren bitartez gizartearekiko konexioa berreskuratzea. Nire ustez horrek ematen du errespetua, eta ez nolanahikoa: nola sortu laborategi hau paradigma humanista-komunitariotik.
Arantzazuko beste erronka bertako tradizio espirituala eta erlijiosoa nola landu da, jarraipena izan dezan. Dudarik gabe, hori ere Arantzazurentzat berebiziko erronka da, baina nire ustez laborategiak lehengoari heldu behar dio, lehenengoari eman behar dio garrantzia.
Laborategiaren proiektua Arantzazuren inguruan eman den hausnarketa prozesu baten emaitza da. Talde eragile desberdinek Arantzazuren etorkizunari buruz gogoeta sakona eta luzea egin dute eta prozesu horretan hasiera galderaren aldaketa sakon bat egon da. Galdera ez da jada Arantzazu nola sustatu etorkizunari begira, baizik eta nola jarraitu Arantzazutik baliozko ekarpen bat egiten gizartearentzat, Arantzazuk Euskal-herriko gizartean izandako ekarpenari segida emateko.
Arantzazuren tradizio eta balio humanistak oinarri hartuta eraiki behar da guzti hau. Hori argi dago. Baina nik uste dut, berariaz laborategi honi dagokiona gizartearekiko konexio hori lantzea dela: gizartea ahalduntzea, perspektiba komunitarioa indartzea.
Honekin ez dut esan nahi Arantzazuren tradizio espiritual eta erlijiosoak garrantzirik ez duenik, beste modu batera landu behar dela baino. Gehiegizkoa litzateke ardura hori laborategiari atxikitzea.
Era berean ordea, beste kulturetan oinarritzen diren tradizio-espiritualei begira dago gure gizartea, hemen dugun ondareari erreparatu gabe. Laborategiak bere egin nahi duen humanismoa ere bertako tradizio espiritualetik aberastu daiteke?
Bai. Egia da gizarteak baduela horrelako zerbaiten premia, inoiz baino gehiago. Ziurgabetasunez jositako etorkizuna dugu begi-bistan eta heldulekuren bat behar du. Baina nik plano humanista-komunitarioa eta plano espiritual-erlijiosoa bereiziko nituzke. Laborategiak lehenari jarri behar dio arreta, beti ere gizarteak planteatzen dituen galderei eta erronkei erreparatuz.
Makina baten modura funtzionatzen duen gizarte teknifikatu eta hotz honen aurrean feminismoaren eta komunitatearen balioak aldarrikatuz mundua berriz liluratu nahi dute hainbat pentsalariek, Silvia Federici kasu. Naiara Goiak ere laborategi honekin gizartea liluratu nahi du?
Proiektuak gidatzen dituzten liderrek aurrera begira orain arte ikasitakoarekin eta oraindik ikasteko daukatenarekin aldatu behar dituzte gauzak. Ikasteko dugun hori jarri behar dugu praktikan. Ni horretan saiatuko naiz. Erreferenteak beste batzuk dira.
Zein da laborategi honen xedea, helburua?
Gizarte baten erronken inguruan hausnartzeko, ikertzeko, esperimentatzeko, proiektuak sortzeko, partekatzeko, entzuteko, ikasteko eta ezagutza zabaltzeko espazioak eta elkarguneak sortzea da gizarte-laborategi baten ezaugarri nagusia.
Egungo eta etorkizuneko erronkak hain dira tamaina handikoak ez dakigula nola hartu behar zaien esku. Horregatik dinamika berriak aktibatu behar dira. Gizarte-laborategiak, orokorrean, hor kokatzen dira: arazoak ulertzeko modu berriak eta komunitatea inplikatzeko modu berriak uztartzen, ko-kreazio espazioak desberdinen artean sortzen, etengabeko ebaluaketan eta ikaskuntzan lan egiten, arriskuak hartzen.
Arantzazuko laborategi honen bereizitasuna komunitate nozioan sendotzea da. Bada eten bat herritar eta erakundeen artean eta erronka herritarra agenda politikora gerturatzea da, komunitateak berak lurraldearen etorkizuna eraikitzen parte hartu dezan. Lankidetzan oinarritzen den gobernantza kolaboratiboan sakondu nahi du proiektu honek.
Helburu hori proiektuaren sorburuan bertan egonik, euskal gizartean erreferente diren askotariko eragileen adostasun batean eraikitzen da Arantzazuko proiektu hau. Honek balio handia du.
Nola gauzatuko da elkarlanean oinarritzen den gobernantza kolaboratiboa?
Munduan zehar dauden mota honetako beste laborategiek ez dute landu unibertsitate, gizarte-eragile, proiektuaren sustatzaile, administrazio publiko eta herritarren arteko elkarlana. Hemendik kanpo ez dago erreferentzia asko. Horrek lagundu egingo digu laborategi bezala nazioartean posizionatzen. Gainera askotariko eragileen arteko adostasunari Arantzazuren tradizio humanista eta Euskal-Herriaren tradizioa gehitzen badizkiogu herri eta laborategi modura badugu zer esanik.
“Este laboratorio de innovación social nace de un consenso entre instituciones, universidades y demás agentes sociales. Éste es un hecho que lo diferencia de otros laboratorios. Aunar la tradición humanista de Arantzazu y nuestra tradición comunitaria es un buen punto de partida que nos permitirá hablar con voz propia en el mundo.
Badirudi gizarte laborategi batek gizartearekin esperimentatuko duela. Horrek beldur pixka bat ere ematen du...
Bai, baina guk esperimentazio nozioarekin dinamika berriak martxan jartzea esan nahi dugu. Zertarako dinamika berri hauek? Ko-sortzeko, gizarteari entzuteko, herritarren parte hartzea bermatzeko. Beraz esperimentatzeak hori esan nahi du: saiatzea, erabaki ausartak hartzea, arriskua hartzea ere bai, ikastea... eta hori guztia praktikara ematea. Gizartearen erronkei aurre egiteko orain artekoak egin direnak ez dutela balio ikusten da. Kosta egiten da gizartea bera bere etorkizunaren eraikuntzan inplikatzea. Asmatu egin behar da hori. Hori da laborategiaren zioa. Laborategi honi aitortzen zaion nitxoa herritarren inplikazioa agenda politikoaren parte hartzean: herri ekimena eta erakundeen ahalmena uztartu nahi ditu laborategi honek. Horretan asmatzean datza laborategi honen erronka eta horrenbestez gizarte-berrikuntzan erreferentziazko nodoa izatea da helburu nagusia. Beste hitzetan esanda, laborategiak herritarren aterpe edo babesgune izan nahi du, ikasteko, hausnartzeko, egin eta entzuteko.
Baina nola gauzatu hori, ordea?
Laborategiaren helburu orokor hori hainbat helburu espezifikoen bidez gorpuzten da. Esaterako, eragileen arteko sarea osatzea, erakunde, gizarte-eragile, herritar eta tokian tokiko administrazioaren arteko sarea. Bigarren helburu zehatza irekiera da: nazioarteko esperientzietatik ikasi nahi da. Munduari begira egongo da laborategi hau, baina era berean, gure garapenerako eredu herrigilea ere kanpora atera nahi dugu. Aprobetxatu ditzagun sinergiak eta ekar dezagun ezagutza kanpotik, eta guk ere kanporatu gurea, sortzen goazen heinean. Beharrezkoa izaten da kanpora ateratzea perspektiba ez galtzeko.
Hirugarren helburu zehatz batek ikerketa eta berrikuntza uztartu nahi ditu. Ikerketa ausartak eta berritzaileak behar ditu, eta horregatik laborategi honetan unibertsitateek berebiziko zeregina izango dute. Laborategi honek unibertsitateen inplikazio eta elkar-lan maila handia lortu behar du. Akademiak ematen duen sendotasun horrek laborategiari emango dio ere nolabaiteko berme edo legitimitaterik.
Beraz Arantzazuko laborategi honek lor dezake akademia eta gizartearen arteko arrakala leuntzen?
Bai, guztiz. Guk ez dugu nahi ikerketa ikerketagatik. Gizartearen erronkei begira bagaude bere beharrei erantzungo dien ikerketa akademikoarentzako markoa eskaini dezake laborategiak. Horrek koherentzia eta konsistentzia eman diezaieke ikerketa desberdinei.
Bestalde, ikerketa horien emaitzak sozializatzeko eskaini daitekeen formakuntzak jende gaztea erakar lezake akademiara, erakundeetara eta Arantzazura.
Arantzazura etorri egin behar da ordea...
Bai, Arantzazu leku zoragarria da, aparta, baina urruti dago. Eta Arantzazu nola gerturatu gizartera erronka izango da, nola egin erakargarri laborategiak Arantzazun eskaini dezakeena gizartean dagoen pluraltasunari. Horretan asmatu egion behar da.
Pandemia honek ordea, erakutsi digu espazio fisikoa zerbait erlatiboa dela. Berdin dio non gauden, teknologiak hango eta hemengoen arteko konexioak ahalbidetu du. Eta horrekin ere asmatu egin behar da.
Koherentzia eta sendotasuna emango duen markoa, mendeak dituen tradizio humanista... Zer da hori baina, zer nolako gizakiaren irudi darabilzue eskuartean?
Dudarik gabe horretan sakondu behar dela. Bost mendetako tradizioaren balio horiek badirela inork ez du ukatzen. Baina nola defini edo irudikatu ditzakegu? Laborategiari badagokio Arantzazuren tradizioan dagoen hori nolabait islatzea. Hemendik urte bukaera artean badaukat frantziskotarrengana hurbiltzeko asmoa eta beraiei entzun eta galdetzekoa: zeintzuk dira balio humanista horiek eta zeini eman nahi zaie segida? Zertaz hitz egiten ari gara? Zeintzuk dira balioan jarri nahi ditugun balioak?
Hori horrela izan da ere, gero badaude gizartearen kohesio-sisteman bertan dauden balioak. Zeintzuk dira horiek ere? Eta zein neurritan dira biak osagarriak? Horretan sakondu behar dugu. Eta gero emaitzak sozializatu.
Akademiak Arantzazuko proiektu hau legitimatu egin dezakeela diozu. Akademia Arantzazura igoko da, edo eta Arantzazu akademiara joango?
Nik uste dut biak gertatuko direla. Akademiaren inplikazioak proiektu honi berme bat ematen dio, legitimazio bat. Badago horretarako predisposizio bat. Gure herriko hiru unibertsitateak proiektu amankomun baten aurrean eseri diren lehenengo aldia da honakoa. Ez da gutxi. Lankidetzarako nahia bat dago, disposizio bat, ilusio bat. Abiapuntu handia da hori.
Lehen esan dudan bezala, akademiaren ikerketa horiek berritzaileak, ausartak, eraginkorrak izan daitezen lortu behar dugu, eta gero horiek sozializatzeko gai izan behar gara. Horrek guztiak sendotasuna eta koherentzia emango dien markoa aberasten lagunduko du. Eta hau guztia horrela izan dadin herri-proiektu modura ulertu behar dugu.
Proiektu hau Arantzazun sortu da, Gipuzkoako eragileek sustatu dute, Foru Aldundiaren babesa eta lidergoa dago atzean, baina hau herri proiektu baten modura sortzen da. Naiz eta Gipuzkoan sortu eta egon, bere bokazioa Euskal-Herriko beste lurralde, eragile eta erakundeekin elkarlana bilatzea da. Herri bezala zoru-komun hori eraiki nahi du proiektu honek. Erronka handia da honakoa. Sinergiak bilatu behar ditugu horien guztien artean, eta hasierako adostasun horiek zabaltzen joan. Horretarako, kultura berri bat behar dugu, agendak partekatu behar ditugu eta proiektuak elkar-lotuta daudela ulertu, sistema modura.
"El laboratorio de Arantzazu pretende ser un refugio para el ciudadano donde poder aprender, reflexionar, escuchar y hacer. Para ello, (1) quiere entretejer un espacio de confianza entre los diferentes agentes que la componen; (2) tiene vocación de estar abierto al mundo; y (3) quiere explorar conjuntamente la investigación y la innovación sociales.
La complicidad de las universidades será crucial. La academia dará legitimidad al proyecto, y el laboratorio consistencia y coherencia a las distintas investigaciones.
Zertan datza baina kultura berri hori?
Zeintzuk dira dinamika erakargarriak, kanal eraginkorrak gizartearen inplikazioa eta herritarren parte-hartzea sustatzeko? Ba horrekin asmatu behar dugu, eta hori da gizarte laborategi honen erronketako bat eta ez nolanahikoa. Nola eman Arantzazuri eta laborategi honi erreferentzialtasun puntu bat egiten diren gauza asko hona ekartzeko eta berriekin konektatzeko. Erronka hauek globalak izan arren, tokian-tokiko dimentsio sozial, kultural eta ekonomikoak aintzat hartuta eman behar zaie erantzuna. Dauden dinamikak nola gerturatu.
Orain arte arazoak konpontzeko dinamika goitik beherakoak izan dira: arazoen artean adituek, liderrek eta espertoek soluzioak planteatzen dituzte eta gero beheraka aplikatu. Gure ustez ordea, dinamikak kontrakoa izan behar du: behetik gorako bidea egin behar da. Komunitatea ezagutu egin behar da eta komunitate horri entzun egin behar diogu eta parte-hartzea sustatu denon artean erantzuna bilatzeko.
Garbi dago erakundeek bakarrik ezin dietela halako tamainako erronkei erantzunik eman. Elkar-lana behar da eta erakunde eta herritarren arteko sareak sortu behar dira. Horrekin esperimentatu behar dugu.
Batzuetan ordea, gizartearen parte-hartzea eskatu, erantzuna gustatu ez, eta gizartea ezjakina dela esan ohi da, edo eta erakundeek ez dutela jakin izan mezua helarazten... Historiari begiratu eta Arantzazu izan da herriaren aterpe. Erakunde eta gizartearen arteko talka honetan gizarte-laborategi honek gizarteari entzunez gobernantza modu berriak planteatuko ditu?
Bai, hori badagokio Arantzazuko gizarte-laborategi honi. Baina oso gai konplexua da honakoa. Prozesu orok behar du zilegitasuna izango duen gidaritza bat. Agian erabaki-guneak sakabanatzea eta zabaltzea ez da soluzioa. Espazio guztiek ezin dute erabaki-gune izan, agian ados-gune izan daitezke, edo aterpe edo entzun-gune. Baina gero beharrezko erabakiak hartzea, lehentasuna ezartzea, agenda politikoa zehaztea, hori egiteko zilegitasuna demokratikoki herritarrek aukeratu duten erakundeari aitortu behar zaio.
Erabakimena nonbaiten jarri behar duzu ze bestela ezin da aurrera egin. Gainera horrek interes partikularrak saihestea ahalbidetzen dizu. Baina era berean ados-guneak bultzatu eta zaindu behar dira, haiei entzunez erabaki-guneetako agendetan gizartearen ahotsa jaso ahal izateko. Uste dut gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak baduela herritartasun eskola eta parte hartze zabalago baten alde egiteko borondatea. Baina era berean komunitate aldunduari bere kanalak eman behar zaizkio, ados guneak... erakundeen eta gizartearen arteko konexio hori lortzeko batik bat.
Gobernantza parte hartzailetik lankidetzan oinarritutako gobernantzara pasatzea da hori. Hori da erronka. Eta horren inguruan esperimentatu nahi dugu Arantzazuko gizarte-laborategi honetan.
Gure gizarteak pandemiari ahal duen moduan egin dio aurre. Gizarte hori laborategiko probeta batean sartuz gero zein ezaugarri edo jokabide geldituko lirateke azalean, eta zein behean, ondoan?
Jokabide edo ezaugarri positibo modura elkarlanaren beharra agerian geratu dela azpimarratuko nuke, baita komunitatearen indarra ere. Pandemiak ere lider ausarten beharra jarri du agerian, egoera zailetan erabaki ausartak hartzeko prestatuta egongo direnak.
Horrelako egoera zailek adostasuna eskatzen dute, kultura politiko desberdinen arteko akordioa, leialtasuna, elkartasuna edo solidaritatea... Guztioi etorri zaigu pandemia hau ustekabean, eta erabaki zailak hartu behar izan dira, eta hemen agintariak elkar-mokoka ibili dira. Hori onartezina dela uste dut. Holako garaitan denon jarrera solidarioa behar dugu, denon artean ekarpen eraikitzaileak egiteko, kritika hutsalaz haraindi.
Pandemia honek ere sistemaren gabezia handiak azaleratu ditu: emakumea eta kontziliazioa, kolektibo zaurgarrien egoera, emakumeena...
Pandemiak honetan mundua gelditu egin da, eta hori gustatu zait. Pandemia honek gobernu asko aurrekaririk gabeko erabakiak hartzera bultzatu ditu. Nire ustez aldaketa klimatikoa bezalako erronka handiek halako erabaki ausartak eta zailak behar dituzte. Pandemia honek aurrekariak jarri ditu: posible da lehen pentsaezinak ziren erabaki erradikalak hartzea.
Pandemiak ere ziurgabetasuna muturren aurrean jarri digu. Aldundiko leloa 'etorkizuna orain' da. Posible al da etorkizuna orainera ekartzea?
Momentu honetan guztiok daukagu etorkizuna irudikatzeko premia. Eta irudikatzen dugun hori gauzatzeko, buruan dugu etorkizun hori posible izateko, orain hasi behar dugu lanean. Orain artekoak ez du balio eta praktika, dinamika eta sinergia berriekin esperimentatzen hasi behar dugu. Heldulekuak behar ditugu, eta zain egon gabe, ekintzara pasa behar dugu. Erabaki ausartak behar ditugu, eta apustu horiek trakzionatuko dituzten liderrak eta politika eraginkorrak.
Ziurgabetasunean bizitzen ikasi daiteke ere...
Baita ere. Baina horretarako ziurgabetasun egoera honetan bizitzen ikasteko norbanakoaren mundu-ikuskeran eta balioetan aldaketak bultzatu behar ditugu. Aldaketa norberarengandik ez badator, nekez aldatuko dugu gizartea.
Pandemiak ere gizartean dauden arrakalak handitu egin ditu, berriak sortu ditu... Nola kokatzen da gizarte-laborategia horren aurrean?
Horren erantzukizuna gure gain hartzea motxila handiegia da. Arantzazuren tradizio humanistari helduta egia da laborategi honek ahulenak eta berdintasuna presente izan behar dituela. Hori nola egin? Ikusiko dugu. Arazo horiek bistaratzea, entzutea, lantzea...
"Es un dato irrefutable la existencia de un déficit de liderazgo femenino en los ámbitos de decisión. Está ampliamente probado que incorporar a la mujer en los procesos de decisión mejora los resultados. No es de recibo dejar fuera el 50% de talento.
Desde un enfoque feminista tenemos que trabajar para construir nuevos significados de competitividad, donde tengan cabida la cooperación, el respeto a la naturaleza... Para todo ello es necesario una cultura del cambio donde la mujer tendrá mucho que aportar.
Leku askotan aldarrikatu dituzu emakumearen lidergoaren abantailak. Zeintzuk dira abantaila horiek?
Baieztapen hori testuinguruan jartzeko, erabaki-guneetan emakume gutxi dagoela datu bat da, ukatu ezin daitekeen errealitatea da hori. Horrenbestez, emakumeak lidergo postuetan ahalduntzearen behar nabaria dago.
Tradizio anglosaxoietan zuzendaritza eta lidergo postuetan emakumea inkorporatzen denean emaitza hobeagoak direla frogatu da, emakumeek erabakigune horietan gaitasun, ikuspuntu eta jarrera desberdinak txertatzen dituztelako, batik bat.
Ezin da utzi talentuaren %50 erabakiak hartzen diren lekuetatik kanpo, are gehiago unibertsitateko tituludunak, egun, emakumeak garenean. Ardura, lidergo edo zuzendaritza postuetan dagoenean nolabaiteko presioa ezartzen zaio emakumeari bizkar gainean eta hor-egote hori justifikatu beharrean sentitzen da.
Honek kultura aldaketa bat eskatzen du, gizonek sortu dituzten eredu batzuk desegitea, eta beste egiteko moduak sustatu.
Badirudi egungo gizartean aurrera ateratzeko lehiakorrak izan behar dugula, bestea aurkari modura ikusiz. Eredu feminista batetik abiatzen den lankidetza eredu bat lehiakorra izan daiteke? Ez al dago kontraesanik hor?
Bai, gizartean dagoen lehiakortasun eredua guztiz maskulinoa da. Nire ustetan beste balio batzuk inkorporatu behar zaizkio. Lehiakortasunaren adiera berrien alde egin behar dugu lan. Lehiakortasuna ez da bakarrik errentagarritasun ekonomikoa. Lehiakortasunak bere gain hartzen du balio eta ikuspegi berriak inkorporatzea, egiteko modu berriak. Lehiakor izatea izan daiteke balio soziala sortzea ingurumena errespetatuz. Elkarlanak indartsuagoak egiten gaitu, eta ondorioz lehiakorragoak ere...
Orain arte itzalean egon izanagatik, emakumeoi lehiakortasunaren, gizartearen eta lurraldearen eraldaketan protagonismo rol bat sor zaigula uste dut. Hain zuzen ere orain arte gizonek eraiki duten eredu desberdinak deseraikitzeaz ari garela, hein handi batean behintzat. Ikuspuntu berriek, jokabide berriek, balio berriek... hor egon behar dute eta berrikuntza horretan emakumeek zeresan handia dute.
'Komunitate' nozioari garrantzi handia ematen diozu. Hor ondoan, santutegiko komentuak fraideek komunitatean bizitzen 500 urte daramatzate. Zuk aipatzen duzun komunitate nozioa 'anaidi' nozioarekin aberastu daiteke?
Dudarik gabe, eta hori da gure asmoa. Kontua da nola ekarri hori gurera, nora gaurkotu 'anaidi' nozio hori. Arantzazun sekulako altxorra dago eta uste dut Arantzazuren ondare historiko-kulturala gizarteratzea Arantzazu Gaur fundazioaren helburuetako bat dela. Arantzazuko gizarte-laborategi honen lana ere izango da hori guztia balioan jartzea. Noski.
Bukatzeko, bi aste proiektu honen gidaritza zure esku hartu zenuela. Izan al duzu Arantzazun bueltaxka bat emateko astirik?
Egia esan, ez. Joxe Mari Arregirekin jarri nuen hitzordua horretarako, Juan Ignazio Larrearekin batera Santutegiko bazterrak eta kontuak azaltzeko, baina gauza bata dela edo bestea ezin izan da.
Bestalde, nahiz eta honakoa hauspo luzeko proiektua izan, hasierako egun hauetan zoroen modura nabil, batera eta bestera bilerak han eta hemen... eta txostenak, marko estrategikoak eta abarreko paperak entregatzeko epe-mugak bete behar ditut hau guztia martxan jartzeko, elkarrizketentzako ere denbora eskaini behar dut...
Eskerrik asko!