Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Arantzazuren xarma
Paulo Agirrebaltzategi
BADA ARANTZAZU
harkaitzarte bare,
gerizpe gozatsu.
Paraje dohatsu,
magal ezti ere
bada Arantzazu.
Bake ta deskantsu,
Arantzazuk xarma
apartekoa du.
Andre Mariaren
presentzia-zantzu
zer-bat ere badu!
Mutikotan Mendatako Orbelaun baserritik Arantzazura aldatuta, bertako seminarioan, Bizkaiko Foruan, Zarautzen eta Nafarroako Erriberrin zehar bete zuen bere ikasketa-itzulia, garai hartan Arantzazuko fraidegaiek egiten zuten bezala. 1951ean Arantzazura itzuli zen berriro Teologiako ikasturteak burutzera: bertan fraidetu eta apaiztu zen betiko. Eta Arantzazun eman zituen bere bizitzako ondorengo urteak, fraide-, apaiz- eta irakasle-lanetan, eta tartean olerkiak eta kantuak idazten: 2001. urtean hil zen arte.
Arantzazun pozik bizi zela erantzun zion Gandiagak bere poema batean, pozik bizi ote zen galdetzen zion lagunari. Eta honetara aitortu zuen bere testu biografikoetako batean: “… pozgarri zait Arantzazun bizitzea eta nire bizitza eta bokazioa, mantentzen, zaintzen, gauzatzen eta gozatzen laguntzen didan hemengo giro guztia”.
Orbelaun baserrian zuen bere ume eta mutikotako bizipen eta oroitzapenen gordelekua. Pozarren gogoratzen zituen haiek, baina zorionekotzat zeukan Arantzazura egindako bere bizitzako jauzia, Probidentziaren lantzat: “Orbelaun ta Arantzazu // nire zubiaren orpo. Jaungoikoa arkitekto. // Orbelaunen nintzen sortu / Arantzazun nintzen sartu. / Pausoa nahi dut eskertu. // Orbelaun gogoan badut / barruan dut Arantzazu. / Jauna, bedeinkatua zu”.