Jexuxmari Mujika
Los humanos muchas veces hemos superado graves desastres sin aprender nada de ellos: la pandemia actual tampoco nos va a enseñar a ser más inteligentes (mejores) de forma necesaria. Sin embargo en la ansiada desescalada a la normalidad que estamos viviendo, todos añoramos, de una forma u otra, una normalidad `nueva´. Vuelta a una vida que nos deje ser normales, pero de otra manera. Sabemos que tenemos que cambiar. No sabemos cómo, y no queremos saber en qué.
Normaltasunerantz? Ai, halaxe balitz! Betor azkar ingurukoei eskua luzatzeko garaia, maite ditugunak besarkatu ahal izateko unea, bizitza ederrago egiten digutenen irribarrea bistan izatekoa.
Normalitatera? Lehengora? Ez al gara hain inuzenteak izango! Gizartea lehengora itzultzen bada normalitatea motza izango da, delako garai `normalak´ gero eta motzagoak izango dira, eta askorentzat, noski, lehengoak izan diren bezain tristeak edo tristeagoak.
Normal bizitzera itzultzeko behar handia sentitzen dugu gizakiok. Normal bizitzea elkarrekin bizitzea da, elkarrengana hurbiltzeko beldurrik ez izatea, bizitzari beldurrik ez izateko baliabideak izatea. Hori guztia denok nahi dugu; normalak garelako, hain zuzen.
Orain arte normaltzat jo izan duguna, ordea, ez da horretara mugatzen. Ez horixe. Gure orain arteko normaltasunak bestelako osagairik ere badu, batzu-batzuk, gainera, juxtu oraintxe esandakoa, bizitzari beldurrik ez izateko baliabideak izatea, alegia, zaildu edo ezinezko egiten dutenak. Normalak izan behar ez luketen alderdiak, alegia. Nahi dugun –nahi behar genukeen- normaltasunak ezberdina izan beharko du, normaltzat eduki dugunetik zenbait gauzetan dezente, asko, aldendu beharko duena. Berria.
El limitado ser humano nunca conseguirá superar toda contradicción, pero si seguimos pensando que podemos ser libres sin ser responsables, ciudadanos del mundo pero racistas, tener personalidad desde la ciega obediencia, evitando la pregunta, la duda, la incertidumbre -el valor y el esfuerzo del pensamiento propio-, volveremos a lo conocido, a lo que nos ha llevado a la situación actual. Pero si no avanzamos nada en la construcción de la comunidad humana, el futuro puede ser poco agradable.
Normala eta berria, bi hitz hauek ezkontzeak kontraesan puntu bat agertzen du, baina lasai, gizaki mugatuon esamoldeek eta bizitzak kontraesanak beti ditu hurbil, hori guztiz gainditu ezinak egiten du gure bizitza sarri ulertezin, eta gogor ere bai; baina hori jakitetik guk normaltasunez jantzi ditugun zenbait kontraesan onartzera pausoak daude, pauso lotsagarriak. Hemen horietako batzuk:
Libertatea maite dugu, gero eta libreagoak izan nahi dugu, baina erantzukizunari muzin eginez. Arazoen eta injustizien errua besteena da beti.
Nortasun zale agertzen gara, horren egiazko nahia dugula uste izateraino, baina inoiz baino hauskorragoak gara, bizitzari aurre egiteko borondate gutxiagoko. Esanekoago eta beldurtiago, alegia.
Ezagutzen duguna ez dela baliagarri badakigu, baina gauzak beste era batera zergatik ez diren galdetzeko ausardia falta zaigu. Beldur diogu nonbait ezezagunari, baina egiazko beldurra egoera berriak geuri, gutako bakoitzari, exiji diezakegunari diogu.
Solidaritatea baloratzen dugu, noski, baina goitik beherakoa exigitzea errazago egiten zaigu, zeharkakora ohitzea baino (garai gogor honek hori bestela ere izan daitekeela agertu digu; gure jarrerak aldatzea posible dela agertzen du horrek, eta esperantza sortu).
Munduan hara eta hona ibili zale gara baina mundutar garela ez dugu ikasi nahi, munduko beste edonongoak duintasun eta eskubideetan gure pareko direla ez dugu egiaz onartzen. Horren adierazgarri nabarmena da mundu osoan –hemen ere- arrazakeria sistemikoa normala eta onartua gertatzea.
Kontraesan hauek gainditu ezean alferrik gabiltza; mundua hauzo egin dugunok giza komunitatea eraikitzen asmatu beharra daukagu. Hori da apustua, apustu zaila, endemas hori, gainera, naturarekin adiskidetuz egin beharra dugulako. Ezinbestez. Arriskua geurekin daramagun bizi baldintza dela irakatsi zaigu berriro ere garbi, eta inozoak beharko genuke arrisku hori aspaldian nabarmen areagotzen ari garela ez aitortzeko.
Hala ere, bide berriari inolako milagro beharrik gabe hel diezaiokegu. Zenbait pentsamolde eta ikuspegiri buelta emateko ausardia geureganatzea da kontua. Gure arimak aldatzea. Baldintzarik gabeko obedientziari uko egitea, alegia, merkatuaren legeak bizitzaren legea jaten segi dezan ez onartzea.
G. Floyd-ena bezalakoak egunero gertatzen direla jakiteak egiaz `arnasa hartu ezinik´ jartzen gaituenean, optimismo inozorik gabeko esperantzari – pesimismo konprometituari, nahiago baduzu – heltzeko bidean asmatu egin dezakegu.
Ziztu bizian aldatzen ari den egungo munduan elkarturik bakarrik salba gaitezke gizakiok. Hori ikasten ari garela pentsatu nahi dut, eta zerbait da.