Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Arantzazuko Andre Mariaren irudi berria (2)
Paulo Agirrebaltzategi
Kalbario mendiko
dolorezko inguruan
ireki zen hitza,
eta hitz haren hotsa,
ta haren oihartzuna.
Euskaraz bakarrik
aditu daitekeen hitz
gurutziltzatua.
Hutsune dardaraz dagoen
hortaz galde egiten duenak,
ez daki euskararik.
Hutsune antsia den hortaz
galde egiten duenak,
ez dauka Euskal Herriarik.
Hutsune latz hortaz
galdetzen duenak
ez du begiztatu
euskaldun amarik,
ez du begiztatu
euskaldun semerik,
ez du begiztatu
Euskal Herriarik.
Bitoriano Gandiagaren “Andre Mariaren irudi berria” tituluko poemaren bigarren zatia da hemengo hau. Lehenengoaren azpian ohartarazita geratu zenez, Arantzazuko elizaren fatxadako Pietatea da Arantzazuko Andre Mariaren irudi “berria”, 1969an jarria; absidean dagoena da irudi zahar betikoa, 500 urte lehenago (1469) Errodrigo Baltzategi artzainak aurkitua, tradizioaren arabera.
Lehen zatian euskal pilotalekuko frontisaren horma bezala irudikatu zigun poetak Arantzazuko elizaren fatxada... –Frontis goialdean ipinitako pilotatzat ere irudikatu izan du Gandiagak Arantzazuko Pietatea–.
Eta Pietateak Andre Maria Doloretakoa irudikatzen duenez, Kalbario mendira doakio irudimena poetari. Aski klasikoa izan da, batez ere Salbatore Mitxelenaren ondoren, Euskal Herriko Kalbario menditzat hartzea Arantzazu. Baina Gandiagaren Arantzazuko Kalbario mendia ez da erromesek sakrifizio eta hildura gogorrak (oinak kateatuta, edo oinutsik edo belauniko bide latzetan ibiltzea, eta horrelakoak) beren buruei ezarri eta jasateko lekua; Euskal Herriari bere historiak eta euskal jendeei beren bizitzak dakarzkien oinaze-atsekabeen sinboloa da Arantzazu Kalbario mendiko Pietatea, horien historiako eta bizitzako sufrimendutik interpretatu eta uler daitekeena.