Jose Ramon Beloki
Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.
Alejandro Palomas (2014):
Una madre
Siruela
ISBN: 9788416120437
Irakurtzen zizkidala aldizkari honetan argitaratzen ditudan idatziak, eta jarraitze aldera animatu ninduen.
Eta zergatik ez didazu zuk zeuk zein liburu irakurri gomendatzen?, galde egin nion.
Segundu batzuetako zalantzaren ondoren, honela erantzun zidan: Ba, bai, bidaliko dizut.
Alejandro Palomasen UNA MADRE gomendatu zidan, handik gutxira, nire posta elektronikora bidali zidan mezu batez. Irakurle talde bat osatua omen dute zenbaitzuen artean, argitu zidan gainera, eta talde horretan irakurria omen dute liburu hau.
Ez zidan argitu, eta ez nion galdetu, zergatik gomendatzen zidan liburua.
Aspaldi batean, politikako lehen lerroa utzi berria zuen bati zera entzun nion: “orain eleberriak eta gisakoak irakurtzen ditut lehenago txostenak irakurtzen nituen tokian”. Eta erantsi zuen: “Gizakiaren eta gizartearen berri aberatsagoa ote daukadan orain, orduan baino, pentsatzen jarria nago”.
Ez zitzaion arrazoinik falta, bere neurrian. Alejandro Palomasen UNA MADRE bezalako eleberri bat irakurtzen duzunean gizakia –gizakiak- eta mundua bera orduarte baino zebait gehiago eta sakonago ezagutzen duzunaren ustearekin amaitzen duzu.
Una Madre-k kontatzen duen historia bi hitzetan laburbildu daiteke: familia baten erretratua eskaintzen du.
Hau, ordea, ezer gutxi esatea da.
Spoilerik egin gabe, erantsi dezagun beraz familia honen beste zenbait zertzelada.
Hasteko, gure egunotako familia bat da. Ez da, zentzu honetan, “betiko” familia klasiko baten erretratua. Momenturen batean pentsa daiteke famiia desegituratu baten erretratatua ote den nobelagileak eskaini nahi diguna, baina ez naiz, hori esanez, lasai gelditzen. “Desegituraketa” baino gehiago, agian, “aldaketa handiak pairatutako familia” delako autoreak eskaintzen diguna. Baina, hori baino gehiago, erretratu horren barrenean, eta sakonean, familia baten “betiko” hainbat balio egituratzaileen erretratua eskaintzen duen eleberria ez ote den pentsatzera eraman nauelako irakurketak.
Horien artean, bi gutxienez aipatuko nituzke nagusiki: lehenik, autoreak familia ulertzeko duen ikusmira. Oso zentzu zabal eta hedatuan ulertzen du, ulertu ere. Familia ez dute osatzen bakarrik, eman dezagun, Urte zahar egun batez mahaiaren bueltan fisikoki esertzen direnak, pertsonak eta txakurrak, dena esateko. Mahai buelta horretan, fisikoki ez bada ere, beste pertsonaia asko daude, era batetara edo bestera, familia hori osatuz. Batzuk, oraindik, auskalo non bada ere, bizi direnak. Beste batzuk mundutik joanak. Batzuk, eserleku huts batez adierazten direnak. Beste batzutan, mahain bueltako bizidunen oroimenetan eta beraiengan utzitako arrastoetan agertzen direnak. Alejandro Palomasek erretratatu nahi digun familia horietakoa da: pertsonaia bakoitza norbanako berezi bat da. Eta izan behar du. Baina, denen artean, gorabeherak gorabehera, familia bat osatzen dute, eta noraino gainera.
Betiko familiaren balioen beste adierazgarri nagusia, nolanahi, eleberriari titulua ematen dion amatasunarena da. Ama batek familiaren egituraketan eta bilakeran jokatzen duen paper nagusia: hori izan da, batez ere, Palomasek, familia bat erretratatuz, bistaren aurrera eta bihotzaren erdira ekarri nahi izan diguna, nik uste. Denok izan dugu ama bat, bakoitzak berea. Hala nola denok izan dugun familia bat, bakoitzak berea. Banaka banaka begiratzen jarri ezkero, arras desberdinak, bai amak eta bai familiak. Baina, bidebatez, ama et familiaren arteko harremanak nolakoak diren zorrotz begiratzen jarri ezkero, agian berdintsuak lirateke, kasu guztitan ez bada, bai askotan. Alejandro Palomasek, gutxienez, horelako zerbait adierazi nahi izan digunaren ustea daukat, eleberri hau dela eta.
Irakurlea, beraz, nobela hau irakurtzen jartzen bada, bere familiiarekin zerikusirik ez duen familia batekin, baina familia horretako eta bere betiko amarekin topatuko da, agian.
Ah, eta bukatzeko: irrifarrez irrifarre antzemango du irakurleak bere burua eleberria hasi eta bukatu artean. Horrek badu meritua, eta, nola ez, bere irakurketa txosten batena baino mila aldiz atseginagoa eta arinagoa egiten da.