Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Artaso lotan, Arantzazu iratzarri
Paulo Agirrebaltzategi
ARTASO
lotan geldi
geratu zen
aspaldi
aurreko mendian,
ta Arantzazu iratzarri
beste alderdian.
Ta, bien erdian,
lehengo erreka bera
bere betiko doan
betiko abian.
Arantzazu aldizkariak aspaldi argitaratua du Bitoriano Gandiagaren olerkitxo hau (1977). Honako sarrera-ohar hau ipini zion argitaratzaileak:
“Gutxik baino ez daki Gandiaga mendi-ibiltari nekaezin eta bakartiak dolmen bat aurkitu zuela, ordura arte ezezaguna eta katalogatu gabe zegoena. Dolmen hau Artaso deritzan tokian kokaturik dago, Elgeako mendien maldak egiten duen kolko zoragarri batean. Toki guztiz liraina da Artaso: zabalunetxo bat, mendi-muinoa, errekastoa, Aizkorri-Artzanburu eta Aloña mendi-lerroa begi bistan duzularik. Kondaira-aurreko gizonek ere bazekiten tokien hautazioa egiten!”.
Maitasunez kantatu zuen Gandiagak Artaso bere olerkietan: Ezagunak dira “Artasoko salmoak”, Hiru gizon bakarka liburuan argitaratuak.
Arantzazu lurraldea bitan banatuta ikusi eta deskribatu ohi digu Gandiagak: Artia aldea eta Aloña aldea; Arantzazu erreka, tartean; bertara isurtzen dituzte biek beren urak. Oso bereizgarriak geografia fisikoz, euskal jendeen bi garai kultural eta erlijiozkoen lurtzat hartzen ditu Gandiagak; horien lekuko: Artasoko aztarnategi jentila, batetik, eta Arantzazuko santutegia, bestetik.