Jakin, Arantzazu, Euskara Batua
Paulo Agirrebaltzategi
Uztailaren 31n hil zitzaigun Joan Mari Torrealdai, euskal kulturaren alorrean itzal handia zabaldu eta utzi duena: idazlea, ikertzailea, hainbat ekimen eta egitasmoren eragile eta kudeatzailea. Haren heriotzakoan testigu askok aitortu eta goraipatu ditu beraren lanen ugaria eta ibilbidearen oparoa, alde askotatik begiratuta. Hemen Arantzazuren talaiatik ikusiko dugu Joan Mariren irudia.
“Jakin, Arantzazukoa” jarri zion berak titulutzat 2007an, Jakin aldizkariaren 50. urteurrena burutzean, Cantabria Franciscana Arantzazuko fraideen aldizkarian argitaraturiko artikuluari. Eta hona arrazoia, beraren hitzetan: “Jakin eta Arantzazu, Arantzazu eta Jakin, elkarri loturiko historia bat izan da 50 urte hauetan”. Arantzazuren gorazarrea eta bertako fraideen aldeko aitormena da idatzia, goresmenezkoa eta esker onekoa, Jakin-en aldetik egina.
Urtebete lehenago, Jakin-en 50 urteko historia egiten parte hartutakoen talde zabalak ospatua zuen Arantzazun kultur ekitaldi berezia. Oroigarri-plaka ipini zuten orduan Gandiaga Topagunean: “JAKIN. Arantzazun sortu zen 1956an”. Izan ere, Arantzazu aldizkari honen irakurleek ondo dakite, Arantzazuko Teologiako ikasle gazteek sortu zutela, 1956an, Jakin aldizkaria, eta Euskaltzaindiak udazken hartan Arantzazun antolaturiko Euskaltzaleen Biltzarrean aurkeztu –13 urteko mutikoa zen artean Joan Mari –. Arantzazukoa jatorriz eta Arantzazurena (Arantzazuko fraideena) izan zen urte luzetan Jakin; baina garai egokia iristean, kanpokoen esku onetan ipini zuten hori, eskuzabal, euskal kulturgintzaren zerbitzutan.
Jakin Arantzazukoa izan bada, Joan Mari Torrealdai bera Jakin-ekoa izan da: 41 urtez Aldizkariaren zuzendari, eta 6 urtez Fundazioko lehendakari. Jakin: aldizkaria eta taldea, biak Arantzazun jaioak, eta gaur arte iraun dutenak. Lan-taldea eta talde-lana: euskarri eta berme erabakigarriak, kultur ekimen eta egitasmo pertsonalak nahiz taldekoak aurrera eraman eta burutzeko. 2014an, ia hirurogei urteko ondarea talde gazteari eskualdatzen asmatu zuten Joan Marik eta Jakin talde “historikoak”, “Euskara–Euskal Kultura–Euskal Herria” goiburu.
Jakin, Arantzazukoa, eta Joan Mari bera ere, Arantzazukoa... Bizkaiko Foruan jaio zen 1942an; 11 urte zituen Arantzazuko kolegiora aldatu zenean –bere tiragoma ere eraman omen zuen ezkutuan, baina zuzendariak kendu egin zion berehala, arma arriskutsua zelakoan edo, atsekabetuta utzirik mutikoa–. Arantzazun eman zituen fraide eta apaizetarako 13 ikasturteetako (1954-1967) lehen hirurak eta azken lauak.
Arantzazuri oso atxikia jarraitu zuen bizitza osoan, Jakin aldizkariaren eta lagunen bidez, eta bere bihotzez. Bernardo Atxagak, euskal kulturgintzan Joan Marik egindako ibilbidearen aurpegi biak irudikatzeko, “bi leku” izendatu dizkio Arantzazun: bertako euskal idazle handien “goi-aretoa”, batetik, eta basilikako frontisaren gainaldea, bestetik, Pietatearen oinetan. Usurbilgo parrokian izan zen Joan Mariren hileta, abuztuaren 3an; sentiberatasun finez eta irizpide onez, Arantzazuko giroan ipini gintuzten arduradunek, Oteizaren apostoluen irudiak erakutsiz eta santutegiko kanta ezagunen doinurik ere joaraziz.
Arantzazu, Euskaltzaindia, Euskara Batua: bereizi ezinak dira Euskal Herriaren azken 50 urteotan. Joan Mari Torrealdai hor erdian egon da beti, Euskara Batuaren bide-urratzaile. Horren oinarriak ipintzeko Euskaltzaindiak 1968an Arantzazun egin zuen Kongresuan, hantxe zen Joan Mari gaztea, orduko argazkian ageri denez. Lehenagotik zebilen, ordea, Jakin taldearekin batera, euskararen batasuna bideratzeko ekimenetan. Helburu horrekin 1967an euskal idazleek Baionan ipinitako irizpideak bat-batean onartu zituen Jakin taldeak, eta berehala hasi zen aldizkaria –Joan Mari zuen zuzendaria–, horiek betetzen eta bertako idazleei betearazten; ez ausardia txikiz, eta aurrea hartuz nolabait Euskaltzaindiari. Horrek markaturiko bidea jarraitzen eta erabakitako arauak leial betetzen saiatu da gerora.
Euskara batuaren ibilbidearen 50. urteurrenaren kariaz Euskaltzaindiak Arantzazun egin zuen kongresuaren amaieran, Torrealdai berak –orduan Euskaltzain Osoa– irakurri zuen Euskara Batuaren aldeko aldarrikapen-agiria.
Joan Mari Torrealdaik euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren alorrean utzitako ondare ugariak haren biografiaren alderdi epikoa erakusten digu; baina Joan Mariren biografiak agerian jarri digu bere alderdi dramatikoa ere: debekuak eta zentsurak, ”libros negros” eta “asedios”, atxiloketa, tortura, espetxea, tribunal auzien gurutze-bide luzea. Berak ikertu eta idatzita eman dizkigunen bidez eta berak pertsonalki jasandakoen ondorioz, euskararen eta euskal kulturaren kontrako jazarpen eta eraso askotarikoen testigu indartsu dugu bihurtua: Testigu eta martiri!
Beraz, eta B. Atxagaren irudira itzuliz, irabazia du Joan Marik betirako bere lekua Arantzazuko horma dolorezkoan; betirako irabazia duen bezala bere lekua Arantzazuko euskal idazle eta kulturgileen “goi-areto” ohorezkoan.