Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Haitzabal eta Beilotza
Paulo Agirrebaltzategi
ARANTZAZUN, AURREZ AURRE,
bata ta beste zorrotza,
Haitzabal eta Beilotza,
kareaharri gorri garbiz,
argi ta gorri bakoitza.
Arantzazuko santutegiaren aurrez aurre daude, erreka arroan errotuta, Artia mendialdearen koadroari markoa ipiniz, bi harkaitz eta mendi-tontor zorrotz: Beilotza eta Haitzabal. Mila bider egona da poeta horiei begira, bere gelako leihotik, bide ertzeko petriletik, seminarioko terrazatik.
Beilotza harkaitzaren atzealdean dago Beilotza baserria, ezkutuan; Uztao eta Bellostegi ere deitu ohi dute harkaitza. Bakoitzaren euskal izen jatorrez izendatzen ditu Gandiagak Arantzazuko bazter eta txoko guztiak. Maiz bere aldetik ikasi egin behar izan ditu izen horiek, bertako baserritarrei galdetuta; zeren eta fraideen artean galduak zituzten sarritan izenok, edo aldatuak eta erdaldunduak zituzten batzuetan –Peña del Diablo zuten izendatua Haitzabal, Juego de pelotas deitzen zuten Erroitegi, Montes de Alava ziren Elgea eta Urkilla mendizerrak–.
Leku bakoitza bere izen jatorrarekin ezagutzea eta izendatzea, hurbileko egitea da, eta maitasunaren adierazgarri.