Joserra Ecenarro,
Nagusilaneko jarduneko lehendakaria
Nor da Joserra Ecenarro?
Jubilatua naiz. Aurretik banketxe batean lan egin nuen. Oso gazte jubilatu nintzen, 57 urterekin. Jubilatu eta urte batzuetara ‘Nagusilan’-ekin topo egin nuen, eta hemen nabil.
Zer da Nagusilan?
Nagusilan boluntarioz osatutako elkarte bat da. 2021ean, aurten, 25 urte beteko ditu. Nagusilan osatzen duten boluntarioek beren orduak sartzen dituzte zaharren egoitzetan eta eguneko zentroetan, bakardadean bizi den jendea animatuz eta lagunduz.
Pandemiak ez zizuen ezertan lagunduko...
Bat ere ez. Ez digu, ez, ezertan lagundu. Gure lana zaharren egoitzatan eta eguneko zentroetan egiten dugu eta, horrenbestez, lanik gabe gelditu ginen, egoitza eta zentro horiek itxi egin baitziren.
Zorionez ordea, Nagusilanek Zilarrezko haria izeneko zerbitzua sortu zuen orain dela 20 urte. Murrizketa garai hauetan gure boluntariotza-lana programa horren baitan egin ahal izan dugu.
Azaldu iezaguzu zer den Zilarrezko haria programa.
Telefonoz egiten den doako zerbitzua da. Orain dela 20 urte, Nagusilaneko boluntarioek ikusi zuten, egoitza eta eguneko zentroetatik kanpo, bazeudela nahi gabeko bakardadean bizi ziren pertsonak. Eta pentsatu zuten, beraien denboraren zati bat, astean ordu bat edo bi, bakarrik sentitzen ziren pertsona horiei eskaintzea: deitu eta solasaldi bat izan, lagunekin egiten dugun modura, kirolari buruz hitz eginez, eguraldiaz, hontaz edo hartaz, edozertaz, azken finean.
Zer nolako errealitaterekin egin duzue topo telefonoaren bestaldean?
Denetarik. Batzuk bakarrik sentitzen dira. Nahiz eta bakarrik ez bizi, isolamendu soziala bizi dute. Bakarrik sentitzen den jende asko dago gure inguruan. Bakardade horri erantzun bat emateko, bakardadean bizi den edo bakarrik sentitzen den jendeari erantzuteko nahikoa da eskua luzatzea eta denbora pixka bat eta hitz batzuk eskaintzea.
Egungo pandemia egoeran ezin dugu eskurik eman, ezin eskua luzatu, modu literalean, zaharren egoitzatan eta eguneko zentrotan. Bueltatuko da hori. Baina bitartean, Zilarrezko haria zerbitzua indartu egin dugu.
Bestalde, kasualitatea edo ez, 2019an Zilarrezko haria proiektuari buelta bat ematea erabaki genuen. Zerbitzuaren erabiltzaileei, deitzen zutenei, arreta eta zerbitzu sistematizatu eta profesionalizatu bat eskaini behar zitzaiela ikusi genuen. Horretarako gizarte langile bat hartu genuen taldean. Eta erabaki hori hartu izana ondo etorri zaigu bizitzen ari garen egoera aldrebes honetarako.
Tele-lana, tele-eskola... zuek tele-laguntza?
Ba bai, horrelako zerbait. Gainera, hasieran esan zitzaigun birus hau oso kaltegarria zela adineko pertsonentzat. Nagusilan osatzen dugun boluntario gehienok urte mordo bat dugu, eta arrisku-talde barruan gaude. Etxean geratu behar izan gara pandemia guzti honetan. Eguneko zentroak eta zahar-etxeak goitik behera itxita, zorte pixka batekin familiarentzat ordu erdi edo ordu beteko bisita gutxi batzuk...
Gure boluntario-lana betetzeko primeran etorri zaigu Zilarrezko haria programa. Eta baita bakardadean bizi diren pertsona horiei ere.
Pandemia honek areagotu egin al du nahigabeko bakardadea?
Ez dakit areagotu duen ala ez. Nik ikusten dudana zera da: pandemia aurretik jende asko bizi zen gure gizartean nahigabeko bakardadean. Pandemia honek errealitate hori bistaratu egin du eta areagotu ere bai. Martxoan, apirilean, seme-alabak ere ezin ziren gurasoak bisitatzera joan eta askorentzat hori egoera gogorra eta ulertzeko zaila izan zan. “nola ez datorkit semea etxera?”.
Bakarrik, supermerkatuko enkarguak atean utzi eta alde. Hori ezin zuten konprenitu eta pertsona askok angustiaz beteta bizi izan zuen. Orduan pentsatu genuen Zilarrezko haria zela gure erantzuna. Hori egiteko boluntariotzak hasi ziren eta une batetik bestera 17tik 65 izatera pasa ginen.
Eta zein da dinamika?
Batetik, izan daiteke norberak deitzea, baina hori kosta egiten da, errazagoa da familiakoren batek edo auzokoren batek ikusten badu norbait ez dagoela ondo, guregana jo eta esatea. “Hara, deituiozue, faborez, halakori”. Zaila da norberak esatea “ez nago ondo”. Errazagoa da inguruak abisu ematea.
Bestalde, guk sarean lan egiten dugu udaletako gizarte zerbitzuekin eta Osakidetzako lehen mailako arretakoekin eta hortik ere etortzen zaigu informazioa. Gizarte zerbitzuetatik, batez ere. Herri askotan Etxean bizi” programa martxan jartzen ari dira eta badakite nor bizi den bakarrik eta nork izan dezakeen premia. Pandemiako lehen 3 hilabetetan, asko deitu ziguten. Gu, berez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araban eta Nafarroan gaude hedatuta, baita Madriden eta Granadan ere. Baina garai hartan, estatuko toki guztietatik deitu ziguten, batzuek hitz egin nahi zutelako eta besteek gizarte zerbitzuetatik antzerako zerbait antolatu nahi zutelako. Orain ikusi behar dugu estatuan zer dimentsio hartu behar dugun.
17 boluntariorekin ezin genuen erantzunik eman eta Nagusilaneko boluntarioengana jo genuen. Nola iazko urtarriletik gizarte laguntzaile bat bagenuen, zerbitzua profesionalizatu egin zen apur bat. Batetik, boluntarioei formazioa emanaz eta bestetik, lehen deia berak egiten zuen, pertsona zein egoeratan zegoen baloratzeko.
Beraz, laburbiltzeko: Zilarrezko Hariarekin harremanetan jartzeko bi bide leudeke:
Batetik, bide zuzena: Bakardade egoeran dagoenak deitzea 900 713 771 telefonora edo 688 741 451 mugikorrera. Horra deitu, eta norberak bere telefonoa eman eta gero Nagusilanetik deitu egingo diogu. www.nagusilan.org webgunean sartu eta hor ere lotura zuzena dago.
Bestetik, zeharkako bidea ere badago. Senideak, Udaletako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik eta Osakidetzako Lehen Mailako Arreta-zerbitzuen bidez.
Garbi utzi behar da Zilarrezko haria ez dela tele-laguntza edo telefono de la esperantza bezelakoa. Guk egiten duguna akonpainamendua baino ez da. Arriskuren bat sumatzen badugu beste zerbitzu espezializatuengana zuzentzen ditugu. Alderantziz beste zerbitzu horiek deitzen duen pertsonak hitz egiteko beharra duela sumatzen badute, guregana zuzentzen dituzte.
Azpimarratu behar da ere Elkarrizketa guztiak isilpekoak direla. Boluntarioek konfidentzialtasun kontratua sinatzen dute eta kanpoko beste pertsonekin ezin dute hitz egin erabiltzaileen datuei buruz ez eta euren arteko solasaldien edukiaz.
Etxean bizi programa aipatu duzu…
zer da?
Gipuzkoako aldundiak antolatutako programa da, martxan jartzen ari dena…
Adineko pertsonei galdetu ezkero, denek esango dizute, zahartzaroa etxean pasa nahi dutela.
Ahal den neurrian hori posible egiteko, etxean bizi nahi dutenentzat, laguntzak bideratzea erabaki zuen Aldundiak gizarte zerbitzuen laguntzarekin, etxea moldatzeko, egokitzeko, otorduak antolatzeko, eta baita konpainia, harremanak errazteko. Horregatik etxe partikularretara ere joaten gara, etxean bizitzea erabakitzen duenari eta bakarrik dagoenari ere egiten dizkiogu bisitak. Etxean bakarrik bizi denak zaintzaile bat ere beharko du, baina zaintzaile horrek ere izango ditu beharrak eta gure lana hori ere bada, zaintzaileari arnasa ematea.
Zahar etxeetan sartu ere ez zarete egin azken hilabeteotan. Aurretik, ordea, sekulako lana egiten zenuten…
Kantua, bingoa, irakurketa konpartitua… herritako aldizkariak irakurri eta komentatu; paseoak ere bai, herritik barrena bueltatxo bat emanaz, ezagunekin topo egiteko… Jendeak oso pozik hartzen zuen, egoitzatan bizi diren denek ez dutelako familiaren babesa edo laguntza. Harremanei eusteko modu bat, loturak mantentzen laguntzea da Nagusilanen helburua nolabait.
Gure tresna komunikazioa da: harremana sortzea boluntarioen eta bakarrik dauden pertsona horien artean eta bi aldeentzat da ona. Gure taldeetan edade handiko pertsonak ere badaude, oso sasoiko daudenak. Zahartze aktiboa da. Zahartze aktibo solidarioa, gure kasuan.
Zahartze aktiboa esan duzu… Gizartean bada “beti gazte” izan nahi bat.
Ez, ez da hori.
Jubilatzerakoan, etapa bat itxi eta beste bat hasten da eta askotan erren geratzen da. Gaur, zahartze aktiboa bultzatzen da, jarduera fisikoa egitea etab. eta ondo dago, baina beste galdera bat ere sortzen zaizu: gizarteak zer eman dit eta bueltan zer eman diezaioket nik? Orduan, neure kasuan, arakatzen hasi nintzen eta Nagusilan topatu nuen, biak uztartzen zituena: zahartze aktiboa eta solidarioa.
Pandemia garaiko eten horren ondorioz, zahar etxetan bizi diren pertsonak, denok hain beharrezko dugun harreman mundu hori gabe geratu dira. Nagusilanek indarrik egin du alternatibaren bat bilatzeko?
Egoitzatan bisitak eta irteerak murriztu dira guztiz.
Jakin beharko genuke zer nahi dugun. Adinean gora egin eta egoitza batean bizi behar badugu, nolakoak izan behar dute egoitza horiek? Bunker batzuk, ospital itxurakoak edo etxe baten moduko tokiak?
Etxean bizi ezin badugu, “etxean bezala” bizi behar genuke.
100 eta 200 pertsonako egoitzarik ez genuke behar. 12-15ekoak ez dira akaso posible, baina 40tik behera beharko lukete. Egoitza batzuk ari dira moldatzen, etxe itxura gehiago izateko, bazkaltzeko lekuek sukalde itxura izan dezaten, adibidez…
Logelek ere, pertsona bakarrarentzat beharko lukete. Bizitza guztian zeure etxean bizi izan bazara, azken urteetan gela, intimidadea konpartitu beharra zaila egiten da. Eta norberaren duintasuna ere zaindu behar da. Dena ez da uniformizatu behar.
Zergatik jantzi arazi prakak beti gona erabili izan badut? Zergatik kendu belarritakoak beti belarritakoak erabili dituenari?
Bizitza guztian mantelarekin bazkaldu badut, zergatik orain ez?
Dependentzia mailaren arabera, beti ere jakina, baina ahal den neurrian… zaindu beharko lirateke gauza horiek guztiak. Eta gu saiatzen gara.
Nagusientzat gauzak erabakitzen diren tokietan egotea eta parte hartzea da gure eskakizuna, Nagusilan bezala.
Pandemiaren gestioan ere egon zarete?
Pandemiaren gestio honetan, gutxiago. Baditugu bilera batzuk oraintxe zerbait egiteko, baina egoitzatako arauak aldatu beharko dira horretarako. Ikusi beharko da gauzak aldatzen diren apur bat…
Zilarrezko haria. Hilo de plata.
Es un programa que se creó hace 20 años, pero ha sido crucial durante los meses de pandemia, para acompañar telefónicamente a las personas mayores encerradas en sus casa, por miedo al Covid.
Está atendido por 65 voluntarios y durante los meses de pandemia ha sido referente en todo el estado. Tan sólo acompañamos y damos conversación a personas mayores que se sienten solas. No es un servicio terapéutico ni una especie de teléfono de la esperanza.
Éste es el teléfono: 900 713 771. Evidentemente, las llamadas son totalmente confidenciales.
Nagusilanetik zer hobekuntza proposatuko zenukete pandemiaren gestioan?
Guk, etxe barruan, geure boluntarioekin ere badaukagu zeregina. Saiatuko gara formakuntza egiten eta harremanari eusten. Ari gara, derrigorrez, eta gehiago behar dugu alfabetizazio digitala, adibidez. Hori izan bagenu, askoz gauza gehiago egin ahal izango genuen garai honetan. Ez da nahikoa ordubeteko saioak antolatzea whatsappa erabiltzen ikasteko. Beharko genuke tutore bat bakoitzarentzat eta praktikatu… eta plantatzen ari gara eskoletara joan eta gazteekin harremantzea, adibidez.
Gazteek oso jarrera ona dute. Elgoibarren egin genuen hitzordua gazteekin, whatsappa erabiltzen erakusteko eta gazte gehiago azaldu ziren edadekoak baino. Belaunaldien arteko lotura hori jorratu behar dugu. Zenbait lekutan txertatu da eskoletako programazioan, baina landu behar dugu gehiago.Pandemia hasi zenena zaharren arriskua nabarmendu zen. Zaharrak itxi ziren etxean eta horregatik ezin izan genuen ezer egin. Baina pandemia honetatik aterako diren ondorio askok aldatu egingo dute gure gizartea.
Zer aldatuko da? Zerk aldatu beharko luke zure ustez?
Egoitzatako egoerari buelta bat eman behar zaio, adibidez. Kostako da, baina emango zaio. Eta Nagusilanek hor egon beharko du, edadekoen interesak kontuan har daitezen.
Egia da, zahar egoitza asko nola antolatuta dauden ikusita, jendeak ez duela bertara joan nahi, ezta boluntario gisa ere. Zaharrekin egoteko lehen pausoa ematea zaila da. “nik nahiago umeekin”, esaten du askok. Jendeari kosta egiten zaio. Boluntarioa izateko, pertsona zentzuduna, alaia, eta zaharrekin egoteko arazorik ez daukana, behar du izan, jakina.
Bakardadea kolesterola bezalakoa da, ona eta txarra izan daiteke??
Bai. Bakardade ona norberak aukeratzen duena da. Bada jendea bakarrik bizitzea gustuko duena eta afizio asko duena: irakurtzea, mendia… Baina hori ere, adin batetik aurrera, zaindu egin behar da, ze oharkabean, bakardade txarrean sar zaitezke.
Bakardade txarrak, osasunari kalte egiten dio. Tabakismora, alkoholismora edo obesitatera eraman dezake. Bakarrik bizi direnak lehenago hiltzen direla diote ikerketa askok. Valentziako Sacramento Pinazos psikologoari entzun nion: bakarrik eta maitasunik gabe bizi direnei buruz, gizarteak esaten du arduratzen dela, baina ezin dugu horretaz harro egon. Bakardadea Gizarte politiken arazoa da, baina baita gure sentsibilitatearena ere…
Eta gero eta bakardadea gehiago izango da. Seme alaba bakarreko familia asko dago, seme alabak gero eta urrunago bizi dira, horregatik saiatu behar gara loturak izaten.
Caritasen Foesa txotenak loturarik gabeko gizarta aipatzen du, gizarte desbinkulatua.
Herri txikietan, zu egun batez ikusten ez bazaituzte, bakarren bat ohartuko da, baina herri edo hiri handietan, inor ez da jabetuko atera zaren edo ez…
Amaitzeko, Arantzazuk zer esanahi du zuretzat?
Hemen ezkondu nintzen. Baina lehen oroitzapena umetakoa da. 7 urterekin, “tia” batekin etorri nintzen, herriko erromesaldian. Apostoluak oraindik jarri gabe zeuden…. Eta harrez gero, beti izan dugu joera. Ezkondu ere hemen egin ginen, esan dizut, eta sarri etortzen gara, urtean bizpahiru aldiz gutxienez.
Elizak, basilikak, batez ere, argia eta bakea ematen dizkit eta indartu egiten nau. Badaude hainbat leku berezi, askotan elizak eraiki dira bertan eta Arantzazuk badu indar bereziren bat. Ni, berrituta bezala itzultzen naiz Arantzazutik. Nire emaztea ere horregatik etorri da gaur, elkarrizketa honen aitzakian… aspaldian etorri gabe geundelako.
Eta inguruak ere indarra dauka.
Gainera, Aldizkariko eta Arantzazuko Adiskideen bazkide naiz.
Eskerrik asko!