Pello Zabala
Urteberria piztu ta zabaldu orduko, ilbehera egokitu zitzaigun aurten: lurrerantz, beherantz, eta lurrari eta landareari laguntzeko ilargi alditxo fina: ale nahiz landare batzuk landatzeko egokiera; indarrean datozenak kimatzeko, mozteko suerteko egunak, sano badatoz, lurrari simaur goxoz laguntzeko garaia, eta lurra harrotu ta lantzekoa.
Horixe genuen urteberri eguneko zorte argia. Baina ilargia berri bidean eta beheraka zihoanez, 12an ta 13an hor abiatu zen hazi nahian indartsuago goraka. Guk, geure aldetiko lurrarekiko jardunean, lurrari ongarritu eta lagundu nahi bagenion ere, temoso prantau zen lur azaleko eta haize erauntsien jarduna: hortxe esnatu gindun, bigarren arratsetik ja, argi zuri zabalez elur tamaina aipagarrian: goi puntetan zurituz abisatu ohi duen elur emana, zapatuan bertan, lehen asteburuan, ia beheko errekondoetaraino jaitsi nahian abiatu zen urtarrila margo xuriz tristetu ta bezten: hori bai, lehen igandea zuri-zuri argitu zigun.
Hurrengo goizerako 43 zentimetro gizendua genuen Arantzazu ingurutan, bai mendi ta koxka labar guztiok. Metro erdia aise bete zuen zoko gehienetan. Eskerrak astelehen ta asteartez mantxotu eta lasaitu zenari: agudo ekin baitzion asteazkenetik aurrera, beste 150 litro inguru, elur eta elurbustitan botatzeari.
Noski, esan gabe doa, denetariko kontu ta estimazioak entzuten zirela egun haietan. Udazken hain gozoari jarraiki, beldurra ere pizten zuen hainbesteko erauntsiak. Ez dugu ahaztu behar mesede eta igurtzialdi bikaina eman diola gure mendarte honetako lurrari. Laster antzemango zaio udaberri ilusioz pizgarrian piztean...