Aitor Sorreluz
Galdera: Zer egiten du elurrak: jantzi edo erantzi? Udazkenean nagusi izan ohi diren kolore eta ñabarduren ondoren, paisaia monotonoen eta hostogabeen biluztasunaren lekuko izatea deserosoa izango dela uste dut. Hortik dator, beharbada, elurrak gure mendiak estalki zuriz estaltzen dituela dioen esaera.
Iruditzen zait, hala ere, elurrak, agerikoa eta azalekoa estaliz, begi-bistan uzten duela ezkutukoa, gordean dagoena eta agerikoa ez dena. Arantzazuko paisaia elurtuek, arre koloretan blai, beste urtarotan estalita dauden pitzadurak, bide-zuloak eta bidezidorrak, silueta eta profilak erakusten dituzte. Basilika bera ere oso bestelakoa da: dorreetako diamante puntak inoiz ez bezala ageri dira, elurrak argituta. Pietateak jasaten duen zama eta sufrimendua, bizkar-gainean duen elur geruza lodian gauzatzen da dramatikoki. Apostoluen aurpegia eta soina elurrez estalita, elurteak sekula ez bezala berdintzen ditu, eta hutsuneak eta ahuleziak areagotzen. Soinean daramaten pisu horrek lurrean ainguratzen dituela dirudi.
Horregatik, agian, elurrak paisaia erantzi egiten du, biluztu. Negu gordina, deitzen diote. Arantzazuk, askotan esan dugu, bere burua begiratzen uzten duenaren begirada aldatzen du. Agian, paisaia eta basilika soilek begira dagoen hori biluztera gonbidatzen dute, agerikoa eta azalekoa alde batera uztera eta, kolore arrearen zuri eta grisen sorta amaiezinean, norberaren pitzadura eta zuloetan agertzen ausartzera.
Batzuetan pandemia honek elurte handi bat dirudi, gure barnean bizi diren zaurgarritasuna eta hauskortasuna lotsagabe eta zakar agerian uzten baititu. Barrualdea, gurea, argi-ilunez betea, kolore arreaz betea: batetik osasun-larrialdiak pertsonengan elkartasun-, eskuzabaltasun- eta altruismo-sentimenduak eta -ekintzak lorarazi ditu. Pentsa liteke aldaketa posible dela. Baina bestetik, bizi dugun alarma-egoera sentimendu eta ekintza insolidario, berekoi eta ziztrinen haztegi ere izan da.
Kainen kontakizunak dardara eragiten du: giza historia zuzenduz eta birbideratuz etorkizunerako bideak irekitzen dituen Jainkoaren berri izateak iraultza ekarriko duen itxaropena pizten du. Elur malutek Arantzazuko basilikako dorrearen diamante/arantza puntak argitzen dituen eran.