Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Arantzazuko elizaren frontisa
Paulo Agirrebaltzategi
ARANTZAZU, HIRU DORRE
arantzatsu. Aurrez aurre,
frontis handi bat,
hunkigarria,
irudi eta hutsarte
harrian harrizko daude
harrian harri ta irme
irudiak kexu daude.
Dorre arteko murrua
marmol arrosa leundua
Doloretako Ama du goian
erdian tarte mundua.
Asaldaturik, zurtua,
behean apostoladua.
Goi-behen arteko tramua
larria eta mutua.
Irudi eta hutsarte! Arantzazuko basilikaren aurrealdeko frontisaren deskripziorik sintetikoena eskaintzen digu Bitoriano Gandiagaren olerki honek, azken bi lerroetako ikuspegi dramatiko eta guzti: Dorreen arteko horma —murru— hutsa eta leuna, Pietatea —Doloretako Ama— goian, Apostoluak behealdean. “Belzkara zeinugile / harrizko errebelde” ere ikusi zituen poetak Apostoluok.
Hamaika bider eta hamaikatxo orduz egon zen Gandiaga Arantzazuko frontisari begira-begira; eta aldi bakoitzeko ildo, imintzio, bizi-keinu berriak ikusten zituen irudiengan, bere baitan sentimendu berriak pizten zituztenak. Baina hantxe zeuden elementu denak behar zuten lekuan eta behar zuten moduan: “Amak zutik behar zuen, semeak zerraldo, apostoluak halaxe, eta halaxe hutsuneak eta halakoxe”, beste behin idatzi zuenez.
Arantzazuko frisoko apostoluak hantxe daude, hormaren oinean, goienean datzan Hildakoarenganako leialtasunagatik, Gandiagak Oteizari argitu —“errebelatu”— omen zionez. Oteizaren hitzak dira honako hauek, Pedro Anasagastiri elkarrizketan esanak: “La ley de fidelidad es más fuerte que la misma ley de la vida… Figuras, pues, sencillamente de Apóstoles. ¿Por qué de Apóstoles? Porque permanecen, sencillamente porque permanecen, aquí están al pie del muro, con un mismo ideal, al pie de la muerte. Debo esta revelación definitiva al gran poeta franciscano P. Gandiaga, él me ha asistido en mis desalientos con sus breves pero diarias visitas al taller, él conoce este muro, ha vivido esta soledad, y ha escrito estas palabras”.