Jose Ramon Beloki
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Steven Levitsky, Daniel Ziblatt
Cómo mueren las democracias.
Barcelona: Ariel. 2018
ISBN: 9788434427709
Ez dakit ARANTZAZU aldizkari honen irakurlea munduan demokraziak ezagutzen duen egoerak kezkatzen duen ala ez. Mundu osoan, alegia: etxeko eta auzoko mundu txikian, eta mundu zabalekoan. Eta zenbateraino.
Demokrazia uneoro zaindu beharreko landarea dela, entzuna izango du. Bi motibo nagusiengatik zaindu beharrekoa: gaur arte gizakiok elkarrekin bizitzen jarritako orduan sistema hobeagorik, bere txarrenean ere, apenas aurkitu dugulako. Eta, bigarrenik, zaindu ezean, ezarian bezala, galtzen joaten den landarea delako.
Guzti honegatik edo, ni neu noizbehinka demokraziaren egoera eta bilakaeraz hitz egiten duen libururen bat irakurtzen jarri ohi naiz. Azkena, oraingoz, gaur komentatzera natorrena: Steven Levitsky-ren eta Daniel Ziblatt-en COMO MUEREN LAS DEMOCRACIAS.
Bertatik sortutako hausnarketa bat edo besteren berri eskaini nahi nioke gaur irakurleari.
Levitsky eta Ziblatt ipar amerikarrak dira eta, beren herrialdean, Ifar Ameriketan, demokraziak, Trumpen agintepean bereziki, bizi (izan) duen egoerak kezkaturik, jarri dira liburu hau idazten. Beren ikusmira, dena den, ez da Ipar Ameriketako zirkunstantzietara mugatzen. Demokrazia hiltzen edo hiltzeko bidean antzeman daitekeen mundu zabaleko beste hainbat herrialdeetara ere zabaltzen dute beren ikusmira. Eta hori egiteko ba dituzte arrazoi sendoak.
Hasteko, Ipar Ameriketan demokraziak ezagutzen duen gainbehera hori, munduko lau bazterretan ere gertatzen ari dela ikusi uste dutelako. “1980 eta 1990 hamarkadetan demokraziak ugaltzen joan baziren, hazkunde horrek 2005. urtearen bueltan jo zuen gailurra” eta apenas geroztik ezagutzen duen aurrerakadarik. “Demokrazia munduan atzeraka ote doanaren pertzepzioa ari da nagusitzen”, diote.
Bigarren arrazoi bat: Krisian aurkitzen diren beste demokraziei begira jartzerakoan, etxeko demokraziak bizi dituen desafioak ulertzen lagundu dezakelako. Autoreek diote, izan ere: munduko edozein bazterretan autokratek egiten dutena bata bestearekin konparatzen bada, argi ikusten da zeinen estrategia antzekoez baliatzen diren, batzuk eta besteak, erakunde demokratikoak itzulipurdikatzeko.
Liburuan, horregatik, Ameriketako demokrazia jasaten ari den astinduen berri ez ezik, Argentinan, Ekuadoren, Hungarian, Italian, Perun, Polonian, Errusian, Turkian edo Venezuelan, esate batez, momentu diferenteetan jasan dituen edo jasaten ari direnen berri ere eskaintzen diote irakurleari.
Liburuaren egitekoa ez da, dena den, han eta hemen demokraziaren inguruan gertatzen diren pasadizoen berri jasotzea. Kontakizun eta analisia guzti hori ondorio batzuetara iristeko egiten dute autoreek: zerk eramaten duen, edo eraman dezaken, demokrazia bat heriotzara argitzeko. Ameriketan eta nonahi. Hori da, azken finean, izan ere, liburuak bere titulutik hasita, bilatzen eta proposatzen duena.
Ondorio horiek interesatu naute ni neu gehien. Eta horien artean, batez ere, honako hiru hauek azpimarratuko ditut.
Bat: Hiru estrategia erabili ohi dituzte, nagusiki, autokratek agintean indartzeko: gizarte demokratikoan arbitroak izan behar dutenak beren morroin bihurtu; gizarteko gainontzeko funtsezko aktoreak bazterreratu; eta joku arauak aldatu.
Bi: “Ez dago Konstituziorik, ondoen diseinaturik egonda ere, berak bakarrik, demokrazia garantiza diezakenik”. Tolerantziazko eta gauzak modu neurtu baten barruan eramaten dakien kultura politikoa ezinbestekoak dira demokraziak aurrera egingo badu. Eta kultura horren nondik norakoa ez du politikak, berak bakarrik, erabakitzen. Komunikabideen egitekoa ere garrantzizkoa da. Hala nola, tarteka gizartean ematen diren aldaketa kulturalena.
Hiru: Demokraziak, batzuetan, denon begien aurrean, nabarmen, min eta odol-jariotan, diktadore edo ta militar baten edo batzuen ankerkeriaz eta basakeriaz hiltzen direla. Sarri, ordea, modu ezariagoan. “Jende askorentzat, idazten dute, demokraziaren higadura hautemanezina bezala bihurtzen da”.
Ez hori bakarrik. “Ironia handia bada ere, demokraziak zergatik hiltzen diren argitzeko orduan, zera gertatzen da: demokrazia horren beraren aldarrikapenak egiten direla sarri demokrazia hori bera hankaz gora jartzeko orduan”. Krisi ekonomiko, desastre natural eta segurtasunaren aurkako mehatxuak direla eta, gisa horretako neurriak hartzen dituzte autokratek, autoreek diote.
Hor dago, sarri, arriskua. Demokraziaz ere, horregatik, tarteka gutxienez, gogo-jardunak edo egin beharko genituzke. Badaezpadan.