Pello Zabala
Lore kontuekin ginen aurreko bi zenbakietan. Udaberria goiz berritua iritsi baita aurten.
Halaxe dela entzuten da, gure anaidiko fraile edadeko hauen korrotxoetan ere, harridura punttu bat dariela. Urte askotxotako esperientzia ta bizipoza gorde baitute, urteen koxka bakoitzean.
Izan ere, 1956ko otsailarekin akordatzen gara sarritan: aspaldiko hilabete osoko elurtea, trinkoa ta akordatzekoa izan baitzen hura. Guk, nire kurtsoaldikook alegia, hilabete osoa igaro eta pasa, aguanta eta nozi behar izan baikenuen, luze, behatz eta belarrixkiñetako ospelekin aztoratuta.
Gure amona Sebastiana, "sarri" etortzen zen Arantzazura garai hartan. Barizetatik operazio latza egiterakoan, Ama Arantzazukoari promes eskaini zion, ongi sendatzen laguntzen bazion, askotan etorriko zela promesa betetzeko pozez: ez zen ausartzen askotan hori zehazten: hilabetero, edo bi hilabeteka edo... eta... "sarri" asmatu zuen azkenean, gomazko tarte luzapendun egokia.
Otsail elurtsuan ere etorri zitzaigun amona txintxoa. Hospederian, bazkaltzeko tartean, lau juntatu ginen; ez zen beste inor Arantzazu elurrez zuritu ta itxitako hartan: Oteitza ta Itziar, senar-emazteak, eta Sebastiana ta PelloMari, amon-illobak. Jorgek dena ikusten zuen, detailetxorik galdu gabe: agudo ikusi zituen nire belarrietako ospel gorrixka ta pottolotuak. Albora zitzaidan eta baita seinalatu eta Itziarri esan ere: Zuk baduzu bada, ospelentzako botika bat... nola du izena?...
Ta baita, Itziarrek poltxatik atera orduko, papertxo batean kopiatu ere, niri agudo eskutxotan jarri. Agudo joan ziren bai, nire ospelak.