Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Arantzazu harri da
Paulo Agirrebaltzategi
ARANTZAZU HARRI DA_ta harri zara zu
–harri harrigarria–,
harrizko Andre Mari,
samur eta irribartsu
adoragarria,
harrizko leialtasun,
adikor, eztia,
elorri harritu,
betiko irria.
Jose Adrian Lizarraldek ematen digu Arantzazuko Andre Mariaren irudiaren berri historikoa eta horren deskripzio ikonografiko eta eskultoriko-teknikoa, bere Historia de la Virgen y de la Santuario de Aránzazu liburuaren lehen kapituluan.
Irudiaren bestelako deskripzio eskaintzen digu Gandiagak: poetikoa, metaforaz eta doinuz betea; beti bere gaztetako aurkikuntzako harriduraren ildotik: “Harrizkoa zara!”. Arantzazuko harkaitzen harrizko lorea-edo da irudi txiki hori, harkaitz arteko elorri gainean jarria. Arantzazuko Andre Maria zerutik agertua ez, bertako lurretik, harkaitzetatik, elorrietatik sortua ikusten du Gandiagak.
Baina Arantzazuko Andre Mariaren irudian harri hotzak eta irri beroak bat egiten dute: “samur eta irribarretsu” ageri da. Harriaren leialtasuna du, eta irriaren eztia. Ohartu zaitez olerkiko hitzen soinu ozenen jokoaz: harri, irri, adoragarri, harrigarri, elorri; eta musika ozen eta gogor horren barruan, Andre Mariaren irudiari darizkion soinu gozoak: leial, adi, eztia... Harria irri bihurtua!