Aitor Sorreluz
Jaunaren Pazkoaldian heriotza gainditua izan dela eta itxaropena posible dela ospatzen da. Garizuma Pazkoaren festa handia prestatzeko Elizak bihotz berritzera bideratzen duen denbora liturgikoa da. Gose denarekin ogia elkarbanatzeko denbora, etxerik gabekoei etxean sartzen uztekoa, biluzik doana janztekoa eta besteei bizkarra ez emateko denbora. (Isaias 58, 6-9), sakrifizioen denbora baino, maitasunarena (Oseas 6, 6).
Gobernuak ezarritako alarma egoerak derrigorrezko konfinamendura eraman gaitu. Birusaren hedapena geldiarazteko modu eraginkorrena (eta bakarra) pertsonen arteko harremanak etetea dela dirudi. Agian horregatik, oraingo honetan harremanak zaintzeko beharra ikusten dugu.
Ezin dut ahaztu etxerik gabeko baten harridura, sumina eta etsipena udaltzaingo batek agintariek ezarritako konfinamendua betearazteko eskatu zionean. #nietxeangeratzennnaiz hashtag-ak gizartean dauden arrakala eta desoreka ikaragarriak agerian uzten ditu: etxea ez edukitzeagatik, etxea izanda ere bata eta bestearen arteko alde izugarriagatik eta egoera honi aurre egiteko baliabideen arteko desorekagatik. Adi ez bagaude, babesgabeak izango dira, berriro ere, kaltetuenak.
Egun birusak 313.000 baieztatutako 313.000 pertsona kutsatu ditu, eta 13.500 hil. Lerro hauek irakurtzen dituzuenerako auskalo zein den kopurua. Datu horiek munduko ekonomia arriskuan jartzen ari dira, eta maila orokorrean inongo aurrekaririk izan ez duten neurriak hartzen ari dira... Hala ere: Siriako gerrak sei milioi desplazatu utzi ditu jada eta 400.000 hildako; mediterraneoan 36.570 pertsona hil dira. Zergatik ez dugu ezer egiten, edo apenas ezer?
Agian komuneko papera supermerkatutik desagertu den arrazoi berberagatik. Gurea arriskuan ikusten dugunean baino ez dugu erreakzionatzen. Ez dugu siriarrenganako inongo loturarik sentitzen, ez eta bosgarren pisuko auzokidearengatik ere. Loturarik gabeko gizartea. Hego Korean bizi den euskaldun batek Euskadi Irratian herrialde horrek COVID-19aren hedapena geldiarazteko arrakastaren arrazoietako bat eman zuen: han jendeak ez zuen galdatzen zer egin behar zuen nork bere burua ez kutsatzeko, besteak ez kutsatzek zer egin behar zuten baizik. Jada ardatza ez da norbera, bestea baizik. Gauzak nondik egiten ditugun galdetzea garrantzizkoa da.
Krisialdi honek halako biraketa egiteko eta ardatza kanpoan kokatzeko balio badu, zaintzaren bidez hurkoa erdigunean jarriz, izango da itxaropenerako nahikoa arrazoirik. Publikoa dena guztion gutxiengo zaintza bermatzen duena bada, zaindu dezagun publikoa dena, guztion artean.