Jexuxmari Mujika
“… edozein herriko jaxetan”
Gizakiok komunitate sortzaile gara. Behar beharrezkoak ditugulako. Izaki sozialak baikara. Hala ere, elkarrekin itxuran bizitzen asmatzea ez zaigu inoiz erraza gertatu; egun ere ez da erraza gertatzen ari. Gure harremanetan lehia, indibidualkeria, beldurra, eta holakoak nagusitzen direnean, komunitatea azkar desagertzen da, edo sekta bihurtzen.
Baina aipatu adierazgarri horiek ez dira gaur ere nagusi bakar, ez. Egunotan Itoizen Lau Teilatu abestiarekin gertatzen ari denak beste zerbait agertzen du. Niri haurtzaro garaiko zirrara zenbait ekarri dit gogora, eta horrek landu zidan konbentzimendu bati heldu nahi diot gaurkoan; hauxe, alegia: bizikidetza egokia bideratzen kantukidetzak asko lagun dezakeela, kantukidetzak horretan lagundu egiten duela. Kantuak –musikak- gizakiari bizitzaren neguari aurre egiten lagundu egiten diola garbi; bizitzaren udaberria edertzen ere bai, noski. Eta lagundu egiten diola, batez ere, musika hori elkarturik bizitzen duenean, musikak besteekin elkarturik kantatzera daramanean, horretan aritzeko gogoa, zoria eta gaitasuna egiaztatzen duenean. Haurtzarotik konbentzimendu nagusitzat eduki dut hau. Ordutik gaur arte indartzen joan zait, gainera.
Musikaren graziara gu, -adin bat dugunotaz ari naiz- etxean irratirik ere ez genuenean, sehaska kanta, euskal kanta eta bertsoen bidez jarri ginen; horrela jakin genuen musikaren ederraren berri; eta, gero, noski, elizan. Bertako doinu ederrak, gregorianoa, abesbatzak, organoa. Elizak garrantzia handia izan zuen horretan; elkarrekin kantatze horretan, batez ere. Nik – 5 edo 6 urteko- oso gogoan dut Zumaian, andre eta gizon, eliza betean, denak kantari ikusi eta entzuteak egin zidan zirrara, Kostaldeko herriek grazia berezia zuten horretan. Niri kantuaren –kantu konpartituaren- edertasunaren berri eman zidan, Perossiren meza ahotsetan entzuteak ematen zidan bezala. Haurtzaroko oroitzapen inportanteak dira niretzat.
Erromeriak eta soinu txikiak, eta gramofonoak etorri ziren gero, eta edozein herriko jaxetan umorez eta elkarturik kantura jotzeko zorioneko joera hedatu hura. Jendea kantuan gogotsu ikusteak eta entzuteak, eta, batez ere, partaide izateak, poz bide berezia ematen du eta elkartasunera bultzatzen du. Kanta, giza bizitzako gauzarik arrunten, berezkoen eta beharrezkoen bezala ikustera eramaten du gizakia. Eta horrek garrantzia izugarria duela uste dut.
Hau dena gogoan, niri onartzea oso zail gertatzen zaidan gauza bat egia izan daitekeela pentsatzera ere eraman nau: zera, alegia, adituek diotenez, entzumena guztiz galtzeak itsu gelditzeak baino gehiago baztertzen omen duela pertsona. Ez ikustea izugarria izango da, baina egia izan daiteke: musikaren doinurik gabe gelditzea ere oso gogorra izango da.
Kantuak bihotza janzten du; berritu ere bai. Euskadi irratian urtetan egon da –gaur ere badago, uste dut- Bihotzeko Fonoteka izeneko programa bat; neuk ere parte hartu nuen behin. Zure bihotzeko sentimenduak moldatzen gehien lagundu dizuten kanta edo melodiak aukeratu eta entzuteko parada ematen dizun saioa da. Oso ideia polita. Niri haurtzaroko zirrara berritu zidan.
Eztarriz sano gabiltza ta kanta nahi dugu gogoz. Euskal kanta zahar eta berririk gabe –zorioneko Ez dok hamahiru eta ondoren etorritako guztiak- euskaldun izateak ez luke graziarik. Mereziko lukeen ere ez dakit. Gure herriaz dioten hau, berriz, beste edozein herriz ere esan daiteke, noski.
Kulturaren adierazgarri nagusienetakoa den musikak elkartzen gaituenean, eztarria ezik kidetasuna ere sanoagoa bihur dezake, sanoagoa eta sendoagoa bihurtzen du; baldintza, musika belarritakoekin entzutera ez mugatzea.
Lau Teilatu gainian, Ilargia erdian, eta zu, -sendatuko zaren haur hori- goruntz begira… Kantukidetzak solidaritatea pizteko ere balio duela demostratzen badu –demostratu du- Lotuz aire xaharrari, dugun kanta kantu berri, denon nahi eta behar dugun EGUBERRIARI.