Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Oteizaren itzala
Paulo Agirrebaltzategi
PENTSAMENDUAREN
eta egitearen
abangoardian
Oteitza,
bere garaiko
eskultore
konprometitu
eta balio unibertsalekoa.
Zentzu erlijioso
handi baten jabe
Oteitza,
landu dituen
harri blokeen tamainako
hitzak dituena.
Arantzazuko
basilikaren frisoko
harrizko poemaren autore
Oteitza.
1996ko maiatzaren 4an omenaldia eskaini zion Eusko Ikaskuntzak Oteizari Oñatiko Unibertsitatean, eta Manuel Lekuona saria eman zion. Laudoriozko hitzaldien artean, Bitoriano Gandiagari eskatu zioten berea egiteko. “Maisuaren itzala” ipini zion titulu bere hitzaldiari. Bere olerkiak irakurri zituen tartean; lehendik argitaratuak, bat edo beste; hemengo hau, omenaldirako paratua, hitzaldiaren azkenean irakurri zuen.
Honetara idatzi zion Gandiagak Oteizari berari, bere azken gutunean, hilzorian zegoela: “Tú has sido un instrumento providencial de Arantzazu. Tú has influido en el resto de los artistas que han obrado en este lugar, sobre todo en Saenz de Oiza quien jamás escondió tu magisterio y dirección”
Gandiagarekin batera, gogoz egiten dio artista handiari bere aitorpena Arantzazu aldizkari honek, hark bere Arantzazuko obra burutu zueneko 50. urteurrena gogoratu eta ospatua dugun honetan. Bego laudorio eta omenalditxo hau, azken hilabeteotan eskaini dizkioten besteekin batera.