Pello Zabala
Loretara gatoz, hala nioen aurreko zenbaki otsailtxokoan. Izan ere, lehenagoko batean, maiatza genuen lorez jantzia ta loreekin lotua: loreil benetakoa. Baina, gaur sarriago entzuten da, ta baita idatzirik ikusi ere, loreila martxoaren martxari erantsia. Halere, hiztegietan maiatzaren bueltan koka ohi da loreil delakoa. Nolaz? Ez dago begiak zabaldu besterik: hala iaz, eta halaxeago aurten: bidebazter, barruti ta belardi ixkin, ta zuhaitzetan asko, egunetik egunera janzten dira margo detaile hainbat eta politagoekin.
Baina, loreak modanago badauzkagu ere, aspaldi batean, 15en bat mende bai, martxo sasoi hau garizumari lotua ageri zaigu aitasantu mordoska bati esker. (Hurrengo ale batean, garizuman garenez, ea ikusten ditugun orduko detaile zehatz batzuk).
Izan ere, aspaldi bateko pasadizoak ez bada ere, mende haietako kontu batzuk, orduko elizako eguneroko mezatako otoitzetan baitauzkagu. Hor ageri zaigu baitere, noiz abia ziren, zenbat eta nola saiatu ziren orduko aitasantuak dena txuxen mantentzen. Eta hortxe baitere, tenporak deitzen diegun otoitz-egun haietako saiakerak, urtean lau bider, urtaroei segika, nola eratu zituzten.
Ba, urteko egun seinalatuenetakoak ditugun hauek, laister biziko ditugu: ez juxtu ni idazten ari naizenean, baina bai hemendik aste pare batera, zuek irakurtzean, hor gara denok auster eguneko hautsatxoa jasota, gure buruak apaldu ta garizumatzen.