Jexuxmari Mujika
Gehienok hala garela uste dugu. Normalegiak garela ere sarri esaten zaigu; arrazoi osoz, seguruenez; gero eta elkarren antza gehiago –gehiegi- daukagula, alegia. Gauza berberak nahi, bide gero eta berdinagoak zapaldu, ikuspegi berdinen argira –edo ilunpera- jokatu, … hori dela gurea. Hitz bakarrean esateko, oso ohikoak garela.
Bestelakorik ere entzuten da –edo irakurtzen-, ordea, eta horrek poz ematen du. Errealitatea oso konplexua da gaur –gero eta konplexuagoa-, eta horretaz jabetzeak abantaila ere badakar inoiz. Abantaila bai, ze poz ematen du Bernardo Atxagak Madrilen esan berri duena irakurtzeak. Bere azken eleberriaren gaztelaniazko itzulpenaren aurkezpenean adierazi du berari ez diola beldur berezirik ematen Espainiako politiko eta komunikabide ugarik ziurtasun osoz eskandalutzat joko dituzten gaiei heltzeak eta horietaz iritziak emateak.
Lurralde berriak esploratu nahi dituela berak, libre eta alai idatzi nahi duela, badakielako jakin, jende normal eta serioak mezuak egoki jaso ohi dituela oso; holaxe esan du; ez zaiola kasurik egin behar beren eginkizun profesionalena buila ateratzea duten horien ihardunari. Horretatik bizi diren antzezleak besterik ez direla.
Euskal idazleak dion azkenengo baieztapen honek gezurretik ezer gutxi duela denok behar genuke garbi. Jende normal eta serioak omen duen (dugun) gaitasunaz dion horretaz, segurtasun maila berdina banu asko poztuko nintzateke; guztiz oker dabilenik ere ez dut uste, inola ere.
Egun Jende normala eta serioa izatea ez dago merke. Betiko komunikabide sareek eta azken denboretako berri-berriek entretenigarri –nahiz sustagarri- gerta daitekeen edozeren oihartzun izateko joera eta gaitasun handia dute, eta horrek manipulazio indar izugarriaren jabe egiten ditu; indar demasaren jabe. Hori ez dezakegu ahaztu. Horri aurre egitea oso da zail, eta ezinezko, berriz, guztiz, geure kabuz pentsatzeari beste ezeri baino beldur gehiago badiogu. Iritzi kritiko handia behar da gaur egun nor izateko, eta gaitasun hori lortzeko entrenamendu handia eta luzeari heldu behar zaio; saiatuz lortu beharreko zerbait da. Saiatzeaz gain, gainera, bi baldintza behintzat ezinbestekoak ditu: zalantzari leku egitea, lehena, eta ezberdin pentsatzen duenari arretaz entzuteko gaitasuna garatzea, bestea. Bi hauen jabe kostata bakarrik egiten da gizakia.
Bere kabuz pentsatu eta, pentsatzen duena errespetuz eta libre adierazten duen jenderik ez zaio botereari –edonolako boterea duenari- interesatzen; inola ere ez; geuri ere ez, sarri. Askoz komodoagoa zaigu inguruan egokien bezala saltzen denari lotzen zaiona. Hori horrela da. Egungo ustezko egonkortasun faltsuaren izenean gatazka egiazkoenei ihes egiteko joera duena oso hurbileko gertatzen zaigu; lasaitu egiten gaitu holakoak; geure burua eta bizitza onartzen laguntzen digu nonbait. Baina, noski, laguntza mota horrek nortasunez ez gaitu janzten, hori ez.
Egungo gizakien eta gizarteen beharren mezuak egoki ulertzeko ausardia behar da; ulertu nahi izateko, batez ere; ezjakintasun interesatua erosoagoa da, segurtasun gehiago eskaintzen du, gainera gehiago dakizula uste izatera eramaten zaitu; ziurtasun gehiago izatera, behintzat, ziur. Eta horrek badakizu nolako lasaitasuna ematen duen. Lasaitasun faltsua, noski.
Jende normala oso inportantea da. Jende normalarengandik espero dezake munduak gehien. Historian zehar gizateriari bizirik izenik eman ez zaien horiek heldu diote. Aurrera ere halaxe izango da. Baina, artaldekerian babesteari aurre egiten saiatzen dena gertatzen denean normala. Beti esaneko izatea jasan ezin duena gertatzen denean normala, kontuak kontu bere bidea egin nahi duena, eta egiten ere saiatzen dena.
Jende normala izatea hola ulertzen dugunean, holakoak izaten saiatzen garenean, ez gara haizeak hara eta hona darabilen hostoa bezala izango, eta gu ohiko eta esaneko egitea helburu bakar duten `builei´ azkar antzemango diegu.