Aitor Sorreluz
ETB2ko 'konkis' Arantzazu aldizkariko editorialean? Azken urte hauetan astelehen gauetan gehien ikusten den telebista-saioa izateaz gain, gizartean nagusi diren hainbat jarrera eta pentsaeraren isla ere badela uste dut. Adibidetxo bat: 5. ataleko dueluan 60 urtetako partaide bat tirolina batean zintzilik dana ematen, baina galdu eta etxera. "60 makilatxo, zure adineko jendearentzat irudi izango zara, dana posible dela erakusten duen irudia, 'flipas'". Bai, nik ere flipatu egin nuen hitz horiek entzun nituenean. Adinean aurrera goazen heinean badakigu ezin ditugula egin lehen egiten genituen hainbat gauza. Hezur eta gerritako minak, ahanzturak... Ez dezagula pentsa tirolina batean, tximuen modura, zintzilik ezin egonagatik intutilak edo ezgauza garenik!
Egia da adinean aurrera goazen heinean gero eta zaurgarriagoak bihurtzen garela, bulnerableagoak... Doakotasunari eta pertsonei lotutako jardueretan oraindik ere baliagarri. Dudarik gabe, ez gara buruaskiak, besteen beharra dugu. Martxoaren 8aren aldarri feministak hori erakusten digu: bere burua aski ikusten duen subjektuari kritika, desberdintasuna eta zaurgarritasuna aldarrikatuz, eta horrenbestez zaintzaren etikaren garrantzia eta beharra mahai gainean jarriz. Errukia eta zaurgarritasunaren arteko ezinbesteko lotura.
Zaintzaren inguruko gatazkak ordea, hortxe darrai, jada 200 egun baino gehiago greban. Lan-baldintza duinagoen alde borroka, norberaren eskubideen aldeko borroka, giza-duintasunaren izenean. Bitartean gure aiton-amonak, gizarteko zaurgarrienak, gatazkaren erdian, objektu bihurtuta, haien duintasuna eta eskubideak, merkantzia. Noiz arte horrela?
Izaki zaurgarriak gara, lana, nekea, gaixotasuna, zahartzaroa, heriotza... Egunero errealitateak berak erakusten digu paradisurik ez dagoela mundu honetan. Gizakiak paradisua du amets, sinestunak itxaropena du. Fedea, itxaropena. Horixe bera ospatzera goaz, urtero bezala, Aste Santuko Pazko egunean, heriotza garaitua izan dela eta itxaropena posible dela.