Aitor Sorreluz
Udazken honetan Arantzazun Gizarte berrikuntzarako laborategia jarri da martxan. Urte bete da Caritasen VIII. FOESSA txostenak gizarteari 'desbinkulazio' gaitza atzeman ziola. Urriaren 3an Asisen aurkeztutako "Frateli tutti" entziklikaren lehen atalak ere diagnostiko beretsua egiten dio gizarteari. Bietan, erremedio modura, suminaren pedagogia proposatzen da, bestearen minaren aurrean jarrera indiferentea salatuz. Hurkoaren duintasunaren urratzeak sortutako suminak hura berreskuratzea helburu duen ekintzara bultzatzen gaitu. Txerto modura, entziklikak guztiok anai-arrebak garela aldarrikatzen du, gizartea anaidi modura ulertuz eta laguntasun soziala proposatuz.
Pandemia-garai honetan txertoa lehentasun bihurtu da. Gizartea gaixo badago, txertoa behar duela pentsatzeak irria sortarazten dit, ezin baitut xiringaren tamaina irudikatu ere egin... Umoreak atsekabeari aurre egiten laguntzen omen du.
Txerto sozialarena txantxa ote? Agian sekula baino beharrezkoa da gizarte honen gaitzei aurre egitea. Txertoa pertsonen ongia legeen eta arauen aplikazio itsuaren gainetik jartzeko; txertoa pobreziaren aurrean beste mundu bat posiblea eta beharrezkoa dela aldarrikatzeko; txertoa errealitatearen gazi-gozoari aurre egiteko; txertoa gizartearen desbinkulazioaren aurrean ez etsitzeko eta borrokari eusteko.
Arantzazuko bost mendetako historiak mundu justu eta hobeago baten alde lan eginez Ebanjelioaren balioen arabera bizi nahi izan duten fraideez osatutako anaidiaren saiakera erakusten du. Tradizio horri so egin eta bestea anai-arreba modura —Aita beraren seme-alaba modura— ikustarazten digun printzipio aktiboaren bila abiatzea guztioi dagokion ardura da, agian. Asmatuko ote dugu dosiarekin?