Mikel Santiago, San Frantziskoren bidetik Jesusen bila dabilen ikaslea
Nor da Mikel Santiago?
Soraluzen jaiotako mutil bat naiz, orain dela ia 47 urte. Arantzazuko seminariora joan nintzen 12 urterekin garai hartako EGBko 7. eta 8. mailak egitera. Urte ederrak izan ziren haiek. Gero Forura joan nintzen, beste lau urte. Hor, nik uste dut, gerora beste modu batera garatu den poso bat sortu zen. Etapa hori pasa eta seminario kontuak utzita zuzenbidea ikasi nuen Bilbon eta horri esker edo horren ondorioz lana Eusko Legebiltzarrean atera zitzaidan, Gasteizen, eta hortik pixka bat politikan sartu nintzen. Legebiltzarrean, Eusko Alkartasunaren taldean hasi nintzen lanean urte batzuetan eta gero Jaurlaritzan ere. Joseba Azkarragaren departamenduan zortzi urte egiteko aukera izan nuen, Ibarretxeren gobernu famatu hartan. Nahiz eta bolada batean sailburu inguruko lanetan aritu, gehienbat gai sozialen arloan egin dut lan. Gizarteratze zuzendaritzan suertatu zitzaidan lan egitea eta gaur egun hain ezaguna den RGI legea aldatzeko eta garatzekoa aukera izan genuen. Betidanik gai sozialekiko ardura beste ikuspuntu batetik lantzeko aukera izan dudala esan nahi dut. Arlo horretan aportatzeko aukera polita zela pentsatzen dut.
Garai hori bukatu zen eta langabeziara joan nintzen. Langabezian nengoela Zaharren Egoitza bateko zuzendari izateko elkarrizketa batzuetara joateko aukera eman zidaten. Harrituta curriculuma bidali nuen eta aukeraketa prozesu batean Gasteizko Arana zaharren egoitzako zuzendari izendatu ninduten. Mundu berri bat ezagutzeko aukera eman zidan horrek. Oraingoan ere, arlo soziala beste bide batetik garatzeko aukera.
Bide batez, politikan sartu nintzen garai haietan nire herriko udaletxean gizarte gaiak eramaten, herri mailan beste modu batera lan egiteko aukera ere izanez.
Baina orain fraide izateko bidean zaude bete-betean...
Bai, politikan sartuta arlo sozialaren alde lan egiteko ez nuen neure burua beteta sentitzen. Barruan kezka hori neukan eta ez nuen nire burua behar zuen lekuan ikusten. Hari horri tiraka berriro bueltatu nintzen frantziskotarren ingurura Gasteizen.
Bat bateko erabakia izan zen frantziskotarrengana bueltatzea?
Hori guztia orain dela sei bat urte izan zen. Hasieran, Jose Luis Elorza fraidearen Itun Zaharrari buruzko ikastarora apuntatu nintzen. Horri tiraka, elkarrizketak, fraideen etxean gero eta gehiago... eta horrela momentu bat iristen da non zeure buruari galdetzen diozun 40 urterekin fraide izatea planteatzeak zentzua ote daukan, hori izan ote daitekeen bidea. Galdera hori bera egin nion Jose Luis Elorzari.
Ia modu natural batean egin nuen postulantadoa Gasteizko anaidiarekin. Eta orain hemen nago, "profeso tenporal".
"Aldi baterako fraide", zein urtetan izan zen hori?
2016an egin nuena "profesa sinplea". Teologia ikasketen lehen bi urteak Gasteizen egin nituen eta beste bi urte Murtzian, Frantziskotarren Teologia-institutuan. Oraindik ikasketak bukatzeko urtebete falta zait Murtzian.
Barkatu galdera, baina 40 urterekin zergatik horrelako erabakia. Erotu ala?
Bai, bai, nik ere egun txarrak ditudanean neure buruari gauza bera esaten diot, zer nolako harrikada eman ote zidan hona etortzeko.
Bueno, alde batetik beti presaka bizi nintzenaren sentsazioa neukan, beti mila gauza eta ardurekin. Beti neukan sentsazioa ez niola nire buruari galdetzen egiten ari nintzen hori benetan nahi nuena ote zen. Ez nuen hartzen astirik bizitzarekin zer egiten ari nintzen pentsatzeko. Barrutik ere askotan ez nuen betetasun edo bizipoz hori. Neska-lagunak ere izan ditut, baina hor ere ez nintzen beteta ikusten. Lan aldetik ere, herrigintzan murgilduta, horrek ere ezin ase... egun osoa lanean...
Agian berrogei urterekin izaten den krisia izango zen, baina neure buruari zera galdetzen nion, gero eta indar gehiagorekin: bizitza azkar batean badoa eta benetan nahi dudan hori egiten ari naiz edo besteen nahia betetzen, inertzia hutsez...
Batetik hori, eta bestetik egia da ere izandako lanpostu horietan ere beheraldiak izan nituela. Bolada horietan Arantzazura etortzen hasi nintzen, mezatara adibidez. Ni kristau sentitu izan naiz beti, baina garai hartan elizatik urruti. Kontua da hona etortzeak, eta Meza Nagusia entzuteak on egiten zidala (agian txikitako garaiak gogorarazten zidalako edo...). Indarra biltzen nuen Arantzazun.
Garai haietan ere irakurketa jakin batzuk egiten hasi nintzen (Joxe Arregi irakurtzen hasi nintzen), eta irakurketa hauei esker ere erlijiora gerturatzen hasi nintzen, elizara hurbiltzen eta otoitz egiten hasi, nire kabuz. Egia da garai haietan ez nintzela ausartzen Gasteizeko fraideengana joaten, nahiz eta zerbaiten bila ibili. Arratsalde batean ikusmiran seminariora joan nintzen, eta kasualitatez, jakin gabe, "Instituto de Vida Religiosaren" bulegotan aterrizatu nuen eta iragarki-taula batean Itun Zaharrari buruzko tailer batzuen iragarkia ikusi nuen. Ba kontua da ikastaro horietan apuntatu egin nintzela, inor ezagutu gabe.
Tailer horiek izugarrizko mesede egin zidaten, eduki intelektualez aparte oso tailer bibentzialak dira, fede-esperientzia lantzen da bertan. Horrek frantziskotarren etxean sartu ninduen, poliki-poliki.
Bila zabiltzan hori frantziskotarren artean aurkitu duzu, beraz? Zer baina?
Hala dirudi, ez? Bila nabilen honetan, momentuz haien artean nago, hemen. Eta zer aurkitu dudan baino, zer ari naizen aurkitzen esango nuke. Nolabait barruan dabilkidan guzti horri erantzun bat eman ahal izatea aurkitu dut, pentsatuz bide honetatik eman diezaiokedala. Ez dut uste Jainkoak fraide edo moja edo dena delakoa izatea eskatzen digunik, bilaketa-bidean jarraitzea baino. Kontua da, gero norberak ikusten duela nondik erantzuten zaion hobeto jarraipen-bide horri. Uste dut hartutako bide honek erantzuten diola hobetoen bilatzen-jarraitzeko dei horri.
Misterioari jarraitzeko deiari eginiko erantzuna?
Bai, horrelako zerbait. Momentuz dei horri erantzuteko biderik onena hauxe dela uste dut.
Zure krisiaren sintometako bat presaka ibiltze horretan jarri duzu, eta sendagai modura otoitza jarri duzu. Otoitzaren garrantzia aldarrikatu behar da egun?
Nik uste dut baietz. Norbaitekin harremana mantentzea dela otoitza uste dut. Harreman bat. Otoitza hurbildu zaigun horrekin harreman bat mantentzea da. Batzuetan, hori, egotea baino ez da, baina horretarako jarri egin behar dugu.
Otoitz egiteko, beraz, Norbait hurbildu zaigula sentitu behar ezinbestez?
Bueno, nik uste dut jarrera zabal bat izatea behar dela. Nik eszeptiko bati otoitzean jartzeko esango nioke. Jar gaitezen naturari begira edo ez dakit ba... Transzendentzia leku guztietan dago, munduan dago. Kristauontzat haragitzea hori baino ez da: jainkoa egiten da mundu, egiten da lur, egiten da gutako bat, danean hor dagoela ikus dezagun. Ez hori bakarrik, hor gelditzen da, hor dago. Hori da berri ona: maite gaituen Jainkoa hor dagoela. Eta mezua horixe: zabaltzen bazarete, hor egongo naiz. Hori da Berri Ona. Otoitza hori da, zabaltzea eta presentzia hori sentitzea. Bizitza guztiko ikasgaia da, bide bat, zeure burua eraldatzera eramaten zaituen bide bat.
Maitemintzen garenean erokeria asko egiten ditugu, ezta? Ba otoitza ere maitemintze-harreman bat da. Landu egin behar den harremana: zabalik egon, landu, denbora eskaini...
Erantzunen bidean bai, baina nola ikusten du Mikelek etorkizuna, edadean aurrera doan anaidi baten erdian?
Bai, edadean aurrera doazen fraide horiek beraiek egiten didaten galdera da hori. Horrek ez dit beldurrik ematen. Bai, bukatu daiteke. Neuri gehiago kezkatzen didate neure barne-zalantza horiek, neure animo gorabeherek...
Frantziskotarren egoera gaur egun den bezalakoa da, eta horrela bizitzea tokatzen zaigu. Egoera honetan bakoitzak bere erantzuna ematea baino ez dauka. Zentzu horretan joango gara ikusten egoera honek zer ematen duen. Kristau moduan itxaropena izan, egunean eguneko egoerari ahalik eta erantzun hoberena emateko, bidea egiten jarraituz: anaiak zaindu, galdezka datorrenaren ondoan egoten saiatu eta norberak sinisten duen horren berri ematen saiatu.
Beraz, egun hain modan jarri den ziurgabetasunaren aurrean, itxaropena.
Bai, izan ere, nik benetan uste dut Ebanjelioa, berez, ziurgabetasuna baino ez dela. Askotan segurtasun bila ibiltzen gara, Elizak berak erantzun eta egoera ziurrak emateko tentazioa izan dezake. Ebanjelioan beldurrik ez izateko esaten zaigu, nahiz eta inseguridadean bizi, Jainkoa dugu babes, egin aurrera!
Ebanjelioak ez digu munduari eskatzen diogun ziurtasuna ematen. Beste zerbait da, konfidantza, sinesten dugun horretan uste sendoa izatea, barrutik heltzen gaituen horretan. Fedea hori baino ez da: ez da sinismen intelektual bat, norbaitengan uste sendoa izatea baino. Eta horretarako, harreman hori zaintzeko, otoitza funtsezkoa da, konfiantza hori erreala izan dadin eta ez ideologikoa bakarrik, dotrina kontu hutsa.
Fraile-bizitzak zer eskaini dezake gaur egungo gizarte honetan?
Bizitzeko era bat, guztiz baliagarria dena, batez ere bizi garen garai hauetan. Bestela ez nintzateke fraile sartuko. Neure bilaketa-bidearekin jarraitzeko bazeuden beste aukera batzuk, baina hau aukeratu nuen.
Bizi dugun mundu honetan frantziskotar bizitzako hainbat balio guztiz beharrezkoak dira. Adibidez inora ez garaman etengabeko hazkundearen aurrean, minoritatea, bizitza austeroago bat. Izadiaren eta izakiaren zaintza, San Frantziskorengan oinarrituta Aita Santuak Laudato si' entziklikan aldarrikatzen duen ekologia integrala... Bizitzaren ikuspegi transzendentala, bizitza betea izateko haren alderdi espirituala zaindu beharra. Bizitzaren alderdi hori landu gabe, pertsona erren dagoela uste dut.
Laburbiltzeko, anai eta txiki bizitzen saiatu, eta horren testigantza eman. Horrela bizitzen saiatzea iraultzailea dela uste dut. Hori trasmititzen saiatu beharko ginateke.
Bizitza monakala omen da egun egin daitekeen gauzarik subertsiboena...
Politika mundutik ezagutzen nuen lagun bati fraile sartzeko asmoa nuela esan nionean "ahora sí que estás haciendo algo contracultural" erantzun zidan.
Lehen Laudato si' entziklika aipatu duzu. Frantziskotarren ordenak bere egin du Aita Santuaren proposamena eta helburu konkretu eta zehatzen bidez iraultza egin nahi da. Aldizkari honen azken aletan horren berri eman nahi izan dugu eta iraultza horren parte izan. Zeintzuk dira Mikelen helburu konkretu eta zehatzak?
Uf! Laudato si'k arlo guztiak harrapatzen ditu. Bere zentzu zabalean etxearen nozioaren bidez arlo ekologikoa eta soziala batu egiten ditu. Eta hori, berez, oso interesgarria da. Ebidentea da desastre ekologikoek beti pobreengan dutela eraginik handiena.
Neretzako ordea, entziklikaren birtualidaderik handiena hori guztia transzendentziarekin lotzen duela da. Birziklatzea, zaborra sailkatzea, hori ere bada elizaren dotrina soziala, bada fede kontu bat. Mundua Jainkoaren kreazioa izanik, gure etxea eta bertan bizi direnak zaindu egin behar ditugu. Transzendentziarekiko lotura hori da kristautasunak ematen duen plusa.
Zahar etxetako zuzendari izan zara. Nola ikusten duzu pandemian zaharren egoitzetan egin den kudeaketa?
Soraluzeko herri-aldizkarian pandemiari buruzko hausnarketa eskatu zidaten, eta hiru gai jarri nituen mahai gainean: gure zaharrak, pobreak eta espiritualitatea.
Egoitzetan lan handia egin da, baina gizarte modura zera erakutsi digu pandemiak, zaharrak baztertuta bizi garela. Gure zaharrekin arlo afektiboa eta soziala ez dago kubrituta, eta orokorrean gizartean ere ez. Gure zahar asko bakarrik hil dira, eta bakarrik daude. Bisitek, harremanek bizia ematen die, eta hori zaindu eta bultzatu egin behar da.
Zaharrak ez dira haurrak, beraiekiko harremana infantilizatu egin dugu eta beraien partez hartzen ditugu erabakiak, baina badira gai erabakiak hartzeko. Gu ere zahartuko gara eta zer nolako zahartzaroa nahiko genukeen, ba hori buruan izanda saiatu horren araberako erabakiak hartzen.
Pandemia eta pobreak
Pandemiako etxealdiak Murtzian harrapatu ninduen. Han komedore sozial bat genuen, baina hura ere, eguneko zentroak bezala, itxi egin zuten. Distantzira tupper-ak eta bokadilloak banatzen hasi ginen. Hasieran aurreiritziz beteta, kontagiatuko gintuzten beldurrez... Baina beraiek ziren metro eta erdiko distantzia markatzen zutenak, maskarilla eskatzen zutenak. Bizitzeko grina, desioa eta poza guztiok dugula ikusteak txipa aldatuarazi zidan eta gauzak beste modu batera ikusten hasi nintzen. Zaharrekin gertatu den bezala, pandemia honek ere pobreak gizartean baztertuta bizi direla erakutsi digu. Kaleetatik kendu nahi izan ditugu, ezkutatu. Etxealdian poliziak etxera joateko agintzen zietenean... nora baina, kalean bizi den jendea, etxerik ez duen jendea... eta duintasunik ez dutela uste dugulako edozein moduz, galdetu gabe, polideportiboetan sartu eta pilatu ditugu...
Pandemia eta espiritualidadea
Jende askok pentsa lezake otoitz egiteak eta egoera honetan ez duela ezertarako ere balio izan: ez da egon milagrorik eta ez gaitu bizimodu hoberago batera eraman.
Baina bizitzea tokatu zaigun pandemia bezalako egoera gogorrek beste era batera bizitzen lagun dezaketela argi dago: beste itxaropen eta zentzu batekin. Nola zaindu gaixoak, nola izan erantzukizuna inor ez kutsatzeko, nola bizi itxaropenez gaixoaldia izanda ere... Uste dut hau guztia egoera aproposa izan daitekeela gelditu eta transzendentzia delako hori usaintzeko aukera izateko. Jainkoak ematen digun askeago eta hobeto bizitzeko eskaintzari begiratzeko aukera.
Lehen esandakoari helduta, gure dimentsio espiritual hori garatzeko aukera, otoitzaren bidez. Harreman horrek, gainera, zure baitan itxi ordez, inguratzen zaituen errealitateaz jabetzen laguntzen dizu eta lagun hurkoaren alde lan egiten jartzen, mundu hobeago baten alde.
Politika munduan sartuta, gizarte gaietan buru-belarri egon zara mundu hobeago baten alde lanean. Politikan badago jende onik?
Bai. Alderdi guztietan, politikan, badago jende ona, bihotz onekoa. Batez ere herri mailako politikan mugitzen den jendea, herriaren alde soldatarik gabe lana egiten duen jendea, konbikzio politikoek mugituta, gauzak hobetzeko nahiak bultzatuta. Alderdien aparatotan beti dago, ordea, gizartearen beste arloetan bezala, botere-gosea eta karrera egin nahi duen jendea. Baina zalantzarik gabe jende asko borondate onez eta zerbitzu publikoaren zentzuarekin lanean ari da.
Mundu hobeago baten alde non egiten da hobeto lan: boteretik edo behetik? Politikatik, edo anaia txiki izaten?
Ni politikan ibili naizen mailan beti egon izan dira mila 'baina' gauzak aldatu eta hobetu nahi zituzten hainbat ideia gauzatzea oztopatzen zutenak. Horrek politikarekiko eszeptiko bihurtu nau. Kuriosoa da, bai, boterea eta baliabideak izanda ere, 'baina' txiki askok ez dute uzten nahi duzun hori egiten. Egia da politika posiblearen artea dela, baina mundua aldatzeko 'baina' asko daude. Mundua behetik aldatzeko mila zirrikitu bilatzen dituzu. Ez dira aldaketa handiak, baina hor daude. Elizan ere gauza bera gertatzen da. Askok aldaketa eskatzen dute, goian. Aita Santuak gauza asko aldatu ditu, baina beste gauza askok hor diraute...
Gizartea aldatzeko goitik hasi behar da, edo eta gizartea bera aldatu goikoak aldatzeko? Ez daukat erantzunik. Galderak besterik ez. Agian boterearen bidea da gauzak aldatzeko biderik laburrena; baina errealitateak berak erakusten digu boteretik bertatik gauzak aldatu nahi direla, baina ezin.
Baina zuk txikitasunaren hautua egin duzu...
Bai, nik uste dut ebanjelioak berak hori erakusten digula. Gu geu beste modura bizi garen neurrian kapaz izango gara jendea aldatzeko, gehiago testigantza horrek kontagiatuta inork ezer legez aginduta baino. Jendearen bihotza testigantzaren bidez aldatzen da. Uste dut gainera kristautasunak boterea zentzu horretan ulertzen duela: bihotzean agintzea.
Oporretan zergatik Arantzazura?
Arantzazura beti nator gustura. Etxe honetan beti oso ondo hartua sentitzen naiz. Arantzazuk nire izate guztia biltzen du, barne-barnetik sinisten ditudan gauza guztiak biltzen dituen sinboloa da; bizitzan mugitu nauten gauza guztiak hemen bilduko balira bezala sentitzen dut Arantzazu: fedea, natura, euskalgintza kultura eta artea... Hori guztia Arantzazun jasotzen da, eta niri bizia eta indarra ematen dit.
Eskerrik asko!