Aitor Sorreluz
Pasadan aleko gogoetan Laudato Si iraultza aldarrikatu nahi genuen: mundu gizatiarrago baten aldeko borroka-deia zen, hura aldatuko dituen ekintza txikiak egiteko gonbita luzatuz. Slavoj Žižek eta Byung-Chul Han filosofo sonatuek jarrera kontrajarriak dituzte, munduaren aldaketa dela eta. Lehenak pandemiak sistema kapitalista birrinduko duela dio, haren arrakalak eta kontraesanak agerian utzi baititu. Bigarrenak ordea, ez du uste birusak inolako iraultzarik ekarriko duenik, konfinamenduan sartutako gizarte hau gero eta isolatuago baitago. Uda pasa da jada, normaltasun berriarekin jolasean ibili gara, baina etenik izan ez duten agerraldiek errealitatea muturren aurrean jarri digute: denak berdin jarraitzen du, ezer ez da aldatu, ez sistema, ez eta pertsonak ere.
Agian bi hilabete denbora gutxi da inolako aldaketarik emateko. Nolanahi ere, COVIDaren kontua konspirazio-katramiletan kokatzen duten ahotsak gero eta gehiago direla entzutea kezkagarria da. Beldur naiz norbanakoaren askatasunaren defentsa absolutu horrek tamaina handi samarreko zilborra ez ote duen ezkutatuko.
Hannah Arendt filosofo judutarrak norberaren ekintzetan norbanakoaren erantzukizunaren inguruko hainbat hausnarketekin mundua astindu zuen. "Gaizkiaren hutsalkeria" nozioaren bidez ohartarazi nahi izan zuen, ankerkeriaz jokatzea edonoren esku egon daitekeela. Lituaniar jatorriko beste filosofo batek, Emmanuel Levinasek, "aurpegi" nozioarekin Bestearen zaurgarritasunarekin eta hauskortasunarekin ematen den topaketa adierazi nahi zuen.
Holokaustoaren testigu zuzenak izan zirelako edo, kontua da bi filosofo horiek lagun hurkoaren sufrimenduarekiko axolagabe ez egotean kokatzen dute etika. Agian zomorro batek ziurgabetasuna bizitzera bultzatu gaituelako —gure zaurgarritasun eta hauskortasun radikala gogoraraziz— bestearen sufrimenduaren aurrean axolagabe ez egotea beharrezkoa da: sufritzen ari den horren aurpegiak gure erantzukizunari egiten dio deiadar. Ziurgabetasun garai hauetan, hain justu, jokoan da gure askatasuna.
Badira 70 urte Basilikako lehen harria jarri zenetik. Udazkenean, gizarte-berrikuntza helburu duen laborategi bat jarriko da martxan Arantzazun, elkarbizitza, ongizatea, lana eta klima aldaketa landuko dituena. Pobreziak, anaikidetasunak, minoritateak eta naturarekiko maitasunak gidatu dute Arantzazu 500 urtez. Ziurgabetasun garai hauetan, agian komeni Arantzazuko fraideen ondare hori begi-bistatik ez galtzea, begi-zeharka bada ere.