Jexuxmari Mujika
Eskubideetan berdin izan behar dugu gizaki guztiok; orain ez gara, noski; aukera eta baliabideetan ere ahalik eta berdinen izan behar dugu, eta egungo gizakioi horretan aurrera egitea, hori egiaz bideratzen ahalegintzea, nahitaezko gertatuko zaigu gure bilobek bizitza duina posible izan dezaten nahi badugu.
Eskubide eta baliabideen berdintasun garrantzizkoen honetan aurrera egiteko, baina, kuriosoa badirudi ere, beste mila gauzetan ezberdin izateari, ezberdintasunari –bizitza graziazko eta gizakoi egiten duen ezberdintasun orori- leku egiten ikasi beharra daukagu gizakiok, guri ezberdina zaiguna onartzen eta maitatzen ikasi beharra daukagu. Beti ere, noski, goian aipaturikoa —giza eskubideak— errespetatzen diren bitartean.
Itxuraz, baina, ez da erraza; uste eta nahi baino gehiago kostatzen zaigu gehienoi; aurrera egiten dugun kasuetan ere, asko kostata eta oso-oso abiadura motelean egiten dugu.
Irakurri berri ditudan bi esaldik ekarri naute gai honi heltzera: 1.- “Euskaldunak jende gisa horren atsegin bagaituzte Madrilen, zer dela eta gorrotatzen gaituzte, eta zapaltzen eta arbuiatzen euskaldun gisa.” (Bizargorri) Eta 2.- “Galderak egiten ditugunean leku batean edo bestean kokatzen gara, eta nahi gabe bada ere, normala zer den eta zer ez inposatzen diogu ezberdin bizi nahi duenari.” (Onintza Enbeita)
Bi aipu hauetan, bietan, ezberdina izatea da onartzen ez dena —ez duguna, ez digutena, ez dieguna— ezberdina izateko eskubidea, norbanakoak edo talde batek ezberdinetik duenari heldu nahi izatea, horri heltzea; ederki adierazia dago hitz gutxitan, Madrilen (Espainian) gertatzen dena, gerta daitekeena. Alderantzizko norabidean ere holakorik gertatzen dela -zapaltzeko gaitasuna salbu- onartzeko ez da zintzoegia izan beharrik. Berdin bigarren aipuan ere; hitz batean, ezberdin bizi nahi duenaren eskubidea da zalantzan jartzen duguna. Geu bezalakoa gertatzen zaigunari inoiz egiten ez dizkiogun galderak ezberdin zaigunari egitean, borondate onenaz eginda ere, bidetik kanpo zergatik dabilen galdezka ari gara nolabait, zerk behartzen duen horretara, zerk ematen dion horretarako eskubide; esplikazio eske, alegia.
Galdetua gertatzen denari gure jarrera hau mingarria gerta dakiokeela pentsatu ere ez dugu egiten. Mindu? Zer dela eta? Nik ezberdintasunak onartzeko hainbat tolerantzia badut, aizu! Hori bai, esan gabe doa, noski, normala ni naizela, normala nirea dela, ezberdina, berriz, hemen eta orain, zu zarela, eta zurea. Normala da, beraz, esplikazioak zuk eman behar izatea, eta eskerrak ere bai, ateak ixten ez badizkitzut.
Hau dena zergatik gertatzen den? Multzoko jendea dugu gustoko, nonbait, gu bezalakoa dena, denok bezalakoa dena; geu halaxe garelako, noski. Bizitzeko modu erosoena artaldekoa zaigu, garbi, nahiz eta emankorrena ez den, inola ere.
Eskubide, aukera eta baliabideetan diferentziak handitzen ari diren gaurko munduan, gizakiok bizitza gero eta berdinago ulertu eta bizitzeko bidetik goaz —garamatzate—. Berdinkerian erortzen ari gara, uniformitatean, nor izateari gero eta beldur gehiago diogu, multzoak bakardadea kenduko digun ilusio guztiz faltsuan eroriak gaude, edo erortzear.
Aurrera egiteko bide eskasa dugu hau gizakiok. Alderantzizkoa behar dugu, desberdintasunak ikusi eta gozatzeko gaitasunak, hauek egiaz baloratu eta errespetatzeak, izugarri lagunduko liguke gurea maitatuz auzo bihurtu zaigun, baina, oraingoz behintzat, kultura ugariren gune den munduaren aniztasunean egoki kokatzen. Lagundu egingo liguke ere 1948ko Giza Eskubideen Aitorpena 2017an garatu eta aurkeztu zen Pertsonen Eskubide eta Obligazioen Aitorpenarekin osatzen, eta, gainera —hau bereziki azpimarratu nahi dut—, jarrera hori ezinbesteko baldintza izango dugu planeta honetan etorkizuna izateko desberdin bizitzeari, bizitza desberdin ulertzeari, leku egingo dion bidea jorratzen asmatzeko. Horretarako inteligentzia eta ausardia izateko. Ea izaten dugun.
Uda on denoi!.