A.A. O.F.S
Inaxi maitea: Pake eta ON!
Azken aldian telefonoa zen gure arteko lokarria. Xomorroa zela eta irten ezinik egoteaz kezkatzen zinen. "Ibili egin behar dudala esaten didate eta orain... balkoian pauso batzuk". Agurtzeko betarik gabe joan zinen.
Eta orain denok zure bizitzaz eta ekintzaz hausnartzen eta adierazten ari gara. Goraipatua izan da behin eta berriz zure bertsolari sena. Oikiako baserritar batentzat, eskola gehio gabe, bertsolari izatea, emakumea izanik, benetan miresgarria izan da.
Baina nik zure beste eginkizun batzuk aipatu nahi nituzke. Arantzazu izan zen zure bizitzako ardatz nagusia. Hasierako bertsoak lekuko. Urtero, bere egunean, irailaren 9an, Zarauzko herri-mezan, zain egoten ginen zure bertsoak noiz entzungo; bai, benetan bertsolari bikaina izan zara. Denak goraipatzen dute zure abilezi hori.
Baina nik zu beste inguru-marian ezagutu zintudan. Gure herritan Hirugarren Ordena izeneko erakundea ezagutu genuen, gaur "frantziskotar sekular ordena" deitua. Garai bateko elizkizun eder, eskapulario eta jendetzak bukatu ziren, beste gauza asko bezala.
Egun, zure lana gure herrian, taldeko "ministra" izatea zen. Denon zerbitzari zinen; hileroko elizkizuna bideratu, aita S. Frantziskoren bederatziurrena prestatu, zeladora- eta laguntzaile-taldea animatu eta mimatu. Baina batez ere herriko gaixoak bisitatu!!! Eta horrek hunkitzen ninduen. Urtean zehar, eguraldi on edo txar, hotz egin edo sargorri, jakitun zinen nor zegoen gaixo eta bakardadean. Eta han zinen zu, eta inoiz ez esku-hutsik. Zenbat bisita egin dituzun gure herrian!
Kezkatuta zeunden baita ere gure aita S. Frantziskoren jarraitzailerik sortuko ote ziren eta Asis Sareak ordezkatuko ote zuen lehenengo bizipen haiek. Ze batzutan zenbaitek zalantzan jarri izan badu ere, gure baserri eta etxe askotan Hirugarrendar izateak ematen zion zentzua eta laguntzen zuen eguneroko bizitza eta bere gora-berak xumetasun ebanjelikoan bizitzen.
Honez gero aurrez aurre abestu diozu "Frantzisko gure zaindari maitea" eta bertso ederrik eskaini diozu.
Zure irakaspenak jarraitzen saiatuko gara eta eskerrik asko zure adiskidetasun eta exenplu onagatik.