“Zaila ez da ideiez aldatzea, pentsatzeko eraz aldatzea baino” (H. Jahren)
2021. urte honetan ere aldapan gora segi beharko dugu. Eta ez, ohituraz esan ohi denez, urtarrilean bakarrik. Urte gehienean zehar harreman egiazkoenak, aurrez-aurrekoak, alegia, gutxitu egin beharko ditugu; etxean gehiago egon beharko dugu; geure buruarekin konpainia onean egoten ikasi beharko dugu; horixe lortuko bagenu!
Irakurketarako ere denbora gehiago izango dugu, eta ikasi egingo dugu akaso hizkiak eta liburuak direla mundu zabalera azkarren eta ondoen hurbiltzen laguntzen dutenak. Jantzi egiten gaituztelako, eta poztu ere bai, sarri.
Nik pozaldi horietako bat jaso berria dut Gartzia Trujilloren “Xabier ez mutilatu, mesedez” artikulua Berrian irakurri dudanean. Pozaldia, bai, ze Lete joan zitzaigunetik hamar urte bete direnean egin zaion aitortza handian eta ederrean, gehienek Xabierren bizitza eta nortasun bidea ulertzeko garrantzizko izan zen alderdi bat albora utzi dute guztiz: kristau fedearekin izan zuen borroka, arlo horretan bizi izan zuen bilakaera. Egun indartsuen diren ikuspegien agindu isilera mutilatu dute alderdi hori. Eta ez da, bada, fedearekin izan zuen harremanak irakastekorik ez duelako.
Gure herrian lau erritori jarraiki, ohitura hutsez, kristau izateko garaia bukatu zen, zorionez. Jesusen mezuaren arrasto nagusienen aurka aritu arren kristau zintzo, eta bere defendatzaile harro agertzeko garaia era bai. Sinestea pentsatzea baino errazago gertatzen zen garaia bukatzear da. Hau guztia mesederako dugu garbi. Nor izanaz jokatu eta erabaki beharrera eramango gaituelako.
Horretara eramandako bat izan zen Xabier, erlijioaren alorrean bizitzea tokatu zitzaion garaian eta inguruan nagusitzen ari ziren ikuspegien eragina jaso eta aktiboki bizi arren, bizitzako beste arlo guztietan bezala, honetan ere, uko egin bai zion ezjakintasunean eta indiferentzian lokartuta lasai bizitzeari. Eta hori, egin zuen bidearekin bat etorri ala ez aitortu behar zaio, eta eskertu ere bai; gure gizarteak horretan zer ikasi handia du.
Ohituraz eta tradizio hutsez jasotako erantzunetan bizitzetik, zenbait giza galdera garrantzizkoak alde batera utzi eta mesprezatzera ziztu bizian igarotakoa da gure gizartea; gure garaiko jende anitzek —errudunen bila aritzea ez zait interesatzen— lehen erantzun jakinen barruan bezain eroso sentitu nahi izan du kanpoan ere galderak ezabatuta. Giroaren babesean, alegia. Barne borrokarik gabe. Lete ez zen horietakoa.
Altzateko Jaunari “hamasei salbe eta hamasei kredo erderaz entzunagatik bazenekien hori ez zela sekulan guretzat egin” aitortzen zion Xabierrek, “Jainkoak inondikan ez zidan erantzun, urruti zegok hura han bere zeruan gu bakarrik utzirik umezurtz munduan” sentitzen zuen Letek, giza galdera hauei ez zien inoiz ihes egin, eta erantzunak ere beti berak emanak nahi zituen.
Zalantza, borroka eta aldaketak ekarri zizkion horrek, “erabaki nuen berriro sinestun bezala bizitzen hasiko nintzela... Ordutik Lurdes eta biok sinestun bezala bizitu gara, sinetsi nahian edo otoitzean, alegia. “Otoitz egiten duena ez ote da sinestuna? “Azken finean, Jainkoa gure otoitz egin beharra baizik ez balitz, zer? Orain dela hogei bat urte pentsatu nuen hori lehen aldiz. Fededuna da otoitz egiten duena.”
Egungo pandemiak eta XXI. mende honetan gizaki eta gizateria bezala aurrean ditugun erronka handiek giza galdera nagusienei nortasunez, kementsu, heltzea exijituko digute; horretan saiatzeko prest ez bagaude, ez dugu inola ere bizi dugun egoerak dakartzan galdera berriei erantzuten asmatuko, gezurrezko egien artalde manipulatuaren babesean galduko ditugu mingainean bakarrik darabilzkigun balioak. Ezartzen zaizkigun ikuspegien konfort eremuan gordeta jai daukagu. Hori gaur ez dakienak, ez du jakin nahi.
Nik asko estimatzen dut “Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, baina nun biziko naiz zugandik aparte” oihukatu zuen Lete pentsalari, poeta triste eta umore handikoa; asko zor diot, aspalditik nor izatearen baldintzak zeintzuk direnaren ispilu izan dudalako.
“Zaila ez da ideiez aldatzea, pentsatzeko eraz aldatzea baino” (H. Jahren)
Gero gerokoak, bai; carpe diem, ahal den bitartean, zer gero! Aurtengo urteak ustekabean ekarri dizkigun kontu guztien ondoren esamolde hauei helduta jarrai al dezakegu? Gertatzen zaigunari tankera garbirik ere eman ezinik gabiltzan arren, gero gerokoak? Gizakia lehen ere sarri gertatuko zen bere burua munduan kokatu ezinik. Gu behintzat, aurrekoak baino bizkorrago ginela uste genuen gu, hala gabiltza gaur.
Horrelaxe, bai, gure gaurko kontuak. Eta kontu hauetara nola etorri garen ezinbestez aztertu beharrean gertatu garenean, iritzi ezberdinak samaldan; ona da hori; irizpideak, baina, oinarria gehiago dute, hala uste dut, beldur, desio, desilusio, kezka, eta kexaren giroan, gertatzen zaigunaren eta honen zergatien azterketa arrazoizko eta zintzoan baino.
Azterketa zintzo eta ausartak urrutiegi eraman ote gaitzakeen kezka dugu, nonbait. Aspalditik geureganatua dugun ohiturari jarraiki, begiak itxita segi nahiago dugu. Hori errazago da, noski. Gizakiok, zu eta ni barne, aspalditxotik dakigu ez goazela bide zuzenetik, baina bestela bizitzen asmatzeko gai ez gara sentitzen nonbait. Edo ez dugu nahi. Orain egoerak behartu(ko) gaitu.
Gero gerokoekin ez lasaitzeko adina behartuko gaitu, izan ziur; agertu ere egingo digu garbi etorkizunari begiratu ahal izateko esperantza, ilusioa eta erantzukizuna ezinbestekoak direla. Hori lortzeko, berriz, barneratua dugun bizitzaren ikuspegi motza eta itxia zabaldu beharra daukagula. Gauden bezala norabiderik gabe gertatzeak lagun diezaguke horretan.
Gauza bat eduki behar da hasteko garbi, beldurra ez daitekela inoiz bizitzaren lema nagusia izan, ez hiltzeko bakarrik bizitzeak ez duela izen hori merezi. Heriotza ekiditea ez daitekela inoiz izan bizi poz nagusia; zerbait gehiago behar dugula. Gehiago hori lortzeko lehen baldintza, gaur ere aurrera begira bizitzeak merezi duela pentsatzen, birpentsatzen, hastea da, orain arteko uste zenbait ustelak gertatu baitira.
Ustelak, bai, edozein kontraesan irenstera jarrita gaudelako. Aurrera ere erdia ustel gerta ez dakigun azkar ikasi beharrean gaude munduan berdin jarrai ez dezakeena zer den, ikasi beharrean, saldu nahi izan zaizkigun zorion promesak faltsuak direla, esaten denaren men-egile otzanak izanaz jai daukagula; ikasi ere, oso gureak ditugun manikeismo eta novolatriak –berrizalekeria itsuak- ez dutela inola ere egungo gizarte konplexuari era egokian erantzuteko balio, ezinezko egiten digulako geure burua osotasun baten partaide sentitzea, partaide txiki baina baliozko eta erantzulea. Hori ispirituz janzten den gizakiak bakarrik uler dezake, pauso hori eman duenak bakarrik uler dezake ikuspegi motzean negozio zaigunetik eta begietan dir-dir egiten digunetik haratago begiratzen ikastea ezinbestekoa zaigula.
Horretan saiatzen bagara ulertuko dugu egun onartzen ditugun zenbait kontraesan egiaz izugarriak direla, gure munduan nagusi diren zenbait logika guztiz kriminalak direla, guk hauekiko garatu dugun tolerantzia faltsua barkaezina dela; adibide bakar bat jartzeko, industria farmazeutikoak mundutarren osasunaren lepotik gizentzen segitzearen logika. Holako onarpenek zuzenki produkziora zuzendua ez dagoen oro bigarren mailako bihurtzen du gizaki gehienon kalte nabarmenerako.
Filosofoa egun, egiazko jakintzaren maitalea, gauza gehiegi ez desiratzen ikasi duena da, ondo egoteko gauza gutxi behar dituena. Ondo dakiena demokraziaren eta politikaren egitekoa, beste ezeren gainetik, gizakiaren nortasuna aberastea dela. Beste guztia horretarako baliabide dela.
Jakintza guzti honen jabe izatea guri ez datorkigu jaiotzatik. Gizakiok balioen, askatasunaren, erantzukizunaren, … , etikaren mailara garamatzan eskailera egin eta igo egin behar dugu. Horretan saiatzen dena izaten da, arazoak arazo, pertsona interesantea, interesatua ordez.
Ea hori lortzeko, sarrerakoari helduz, pentsatzeko era aldatzen asmatzen dugun.
URTE BERRI ON!!
“Gurutzea besarkatu egiten duzu edo zapaldu egingo zaitu”
Azaroari maite izan gaituzten eta izan ditugun joandakoak gogoratuz ematen diogun hasiera. Aurtengoan ez gara gogoratu beharrekoen faltan gertatuko.
Heriotza aurten inoiz ez bezala dago presente gure eguneroko bizitzan. Aspalditxotik hil zaizkigunen kopurua lehen notizia da hemengo eta hango teleberritan. Duela urtebete nork pentsa zezakeen heriotza ahalik eta gehien ezkutatzen eta urruntzen saiatu den gure gizartean horrelako zerbait gerta zitekeenik. COVIDaren hau zerbait larria izango da, bai. Heriotzaren inguruko ihardun eguneroko etengabeko hau zerbaitetarako lagungarri gertatuko balitzaigu bederen, aurrera begira zerbait erakutsiko baligu …
Gizakiok bizidunak garenez hil egiten gara beste bizidun guztiak bezalaxe. Bezalaxe ez, guk aurretik baitakigu hil egingo garela. Transhumanismoaren eta teknologiaren miresle direnak ere ondo dakite hori. Gizakiok ezinbestez gara jakintza beharrezko eta latz honen jabe. Beharrezkoa, denboraren mugaren berri ematean bizitza baloratzen laguntzen digulako – hori ezean carpe diem-ak ez luke zentzurik-, eta latza, bukaera gero eta hurbilagoaren berri argia ematen digulako.
Hiltzen ikasteko bizitzen jakin behar omen da. Bizitzen ikasteko heriotzarekiko jarrera egokia garatu behar omen da. Bi esaldiak daude egiatik hurbil, ziurrenez; zailtasunetik, berriz, ziur-ziur daude hurbil. Bizitzeko arrazoiei heltzen diezun eran helduko diozu heriotzari ere, eta, alderantziz begiratuta, heriotzari aurrez-aurre begiratzeko gaitasunak bizitzeko arrazoiak egokiago ulertzen laguntzen dizu. Gizakiok egiten dugun edozeri mugatu izateak ematen baitio bere balio eta grazia. Hori horrela da, bestela behar lukeela badirudi ere.
Bizi dugun pandemiak garbi utzi digu zein gogorra den jendea bakardade gorrienean hiltzera behartu beharra. Hori zein inhumanoa eta zein jasangaitza den argi gelditu zaigu, eta ozen adierazi dugu, hildakoekiko begirunea, errespetoa eta agurra, -galtzen edo ari ginen hori-, gure zibilizazioaren adierazgarri nagusienetakoa dela birkonturatu bagina bezala. Dolua festa bezain gurea dugula, alegia, gizakiok.
Hori horrela da, bai. Bizitzaren balioa, noski, ez du Salve-ko `in hac lacrimarum valle´ esaldiak osoki biltzen. Ez horixe! Beti atezuan jartzen gaituen heriotzak bizitzari zentzurik eta graziarik kentzen ez dion bezala. Batak eta besteak, bizitzak eta heriotzak, baina, sufrimenduak bizitzan duen lekua onartzen lagundu behar digute –ezinbesteko gurutzea besarkatzen ikasi ezean, honek zapaldu egiten bai zaitu-; garbi izanaz beti, ordea, guztiz gaitzetsi ez daitekeen sufrimendu hori, ezeren izenean ez daitekeela sakratu bihurtu edo santutu, are gutxiago inori nahita eragitea justifikatu; sufritzea ez dela desiragarri, ez dela bilatu beharreko zerbait.
Sufritzen, baina, ikasi egin behar da; sufrimendua denontzat hor dagoelako, hasteko, guri ere tokatuko zaigulako, gizaki egiaz sozialak eta maitatzen ikasitakoak bagara, endemas; batez ere, ordea, ikasi behar dugu horretatik `bizitza begiratzeko eta harremanak bizitzeko modu apal eta errukitsuago bat sortzen delako”. (X. Lete)
Ikasketa zail honek, bere egiten duenari, pozari garrantzia ematen irakats diezaioke, ziur irakatsiko dio, sufritzeak etsipenetik libratzen lagunduko dio, botere gosearen lilurari eta fanatismoari uko egiten ere bai.
Ikasketa honek humanizatu egiten du gizakia, konpasio gaitasuna -egun enpatia hitzera mugatu nahi dugun hori- garatzen laguntzen dio, gizakiok aurrera irtetzeko guztiz beharrezko izango dugun solidaritatearen beharraz eta graziaz ematen dio argi.
Heriotza humanizatzeak, norbere eta besteen heriotzari buruzko elkarrizketa zintzo, ausart eta enpatikoak, bizitzari doinua jartzen dio (ikus Pau Donés). Heriotzarekiko jarrera egokiagoarekin askoz errazagoa baita bizitzak zergatik merezi duen ulertzea, eta nola bizi behar den.
Egia ez dena ez da beti gezurra. Egin behar ez zaizun galdera bat luzatzen bazaizu, sekretoa gorde beharrak, konpasioak, jendetasunak, … egiari ez dagokion erantzuna eman beharrean jar zaitzakete, baina ez duzu gezurrik esan. Gezurrak, guk dotrinan hala ikasi genuen, engainatzeko intentzioa berekin darama beti. Hori bai, egin behar ez zaizun galdera noiz den erabakitzean zintzo jokatu behar da. Hor tranpa egiteak ez du balio.
Beste hau ere esan beharrekoa da: Inoiz ez duela gezurrik esan dioena aurrenekoa ez duena esaten ari da. Horretaz seguru samar egon zaitezke, nik uste.
Hau esanda, bi-hiru gauzatxo aipatu nahi ditut egungo gezur giroaren inguruan. 1.- Gu haurrak ginenean ingelesez penalti edo corner jakitea nahikoa zen, ingelesezko hitzak zirela jakin beharrik gabe gainera. Egun artikulu bat ez daiteke irakurri hizkuntza horretako hitzen batekin topo egin gabe. Ados ere ok bihurtu zaigu. Baina fake hitza da nagusi gaur. Guztiz nagusitu zaigu, ez, hala ere, antza, gu egiaz kezkatzeraino. Bizkor jarri gara (gaituzte) egia-ostea, eta horrelakoak entzutera. Banago, gustuko gertatzen ere ez ote zaigun ari.
Gaur irakurri dut oraindik ere AEBko presidentea den horrek igaro diren lau urtetan ez dakit zenbat mila gezur esan omen dituela, edo idatziz eman. Milaka asko. Eta hori ez zaiola inolako arazoa gertatu. Beste gauza batzuk beharbada bai, baina hori ez. Horretan egunero saiatu izanak ez du lotsatzen. Horretan darrai gaur ere, inolako frogarik gabeko baieztapen izugarriak egin eta egin; bere jarraitzaile bakar bati ere ez zaio hori lotsagarri iruditzen. 80 milioi jarraitzaile omen ditu Twitterren.
Egia eta gezurraren arteko bereizketa garrantzia galtzen ari da gaur; mundu mailan ari da holako zerbait gertatzen; hala iruditzen zait. Gure artean ere bai.
Zergatik ari den gertatzen hori? Auskalo esanda, ezin gelditu eta, pare bat gauza esango ditut, inportanteenak esan gabe igoal geldituko zaizkit, baina.
1.- Herriarentzat, nazioarentzat, eskatzen dugun burujabetza geure buruari ez diogulako opa. Geure buruarentzat ez zaigu interesatzen. Burujabetzak berarekin daraman askatasun eta erantzukizunari ausardiaz heltzea baino nahiago dugu babesa ziurtatuko digun talde batean –edonolakoan- geure burua izkutatzea. Errazago zaigu, hori garbi. Gizakiok babesa ere behar dugu, egia da hori, baina ez nortasunaren bizkar lortuz, geure kabuz pentsatzeko erantzukizunaren bizkar ez. Lehen –erlijioa, ohiturak, tradizioa, …- babesean bizitzera ohituak ginen; zenbait gauza ziur bagenekizkien ustean bizi ahal ginen; gaur, ordea, gizartea gero eta konplexuagoa eta anitzagoa denean, eta aldakuntza ezberdinak ziztu bizian gertatzen ari direnean, segurantza garbiekin bizitzea ezinezkoa gertatzen da; hori horrela da eta horretara jarri beste erremediorik ez dugu izango, kosta ala kosta.
2.- Zer esaten den baino, nork esaten duen inportanteago zaigulako: ia denok dugu horretan erortzeko arriskua, arrisku handia. “Nik `neuretakoari´ egiten diot kasu, nik gustukoa dudanari ematen diot arrazoi, horrek segurantza ematen dit, non nagoen uzten dit garbi, eta nora eta nola joan nahi dudan argitzen dit. Bestalde, zerbaiti buruz, ekintza edo ikuspegi bati buruz, kritika egiten dudanean, zeren baino gehiago noren alde edo aurka zuzendua egotearen arabera egiten dut. Hori ez al da ba normala?”
Badakit: politika eta lobbyak bezain zaharrak dira gezurrak; gaur, baina, kontuz ez bagabiltza, hain babesgabe sentitzera garamatzan egoerak eta egungo makinaria komunikatiboaren indar itzelak edozer sinestera eraman gaitzake, edozer babestu edo gaitzestera, kontraesan nabarmenenetan erortzera: egitateetan sinesteko mesfidatiegi eta une berean sineskeria barregarrienak irensteko gai.
Gezurrarekiko dugun jarrera normaltzat joaz, alferrik pentsatuko dugu pertsona helduak garela, eta, noski, hain beharrezkoa dugun mundu ezberdin bat irudikatzen ere ez dugu asmatuko.
Desafioz beterik datorren udazkena hobea izango al dugu ihes egin digun uda baino. Eta ez naiz, badakizu, eguraldiaz ari, aurreko urtetan garai honetako gaia ohi zen bakantza ondoko estresaz ere ez. Kezka sakonagotan murgildurik gabiltza aurten.
Iraila garrantzia handiko hila da; eskola jartzen du martxan, kurtso berriari ematen dio hasiera, eta hori ez da broma. Aurten behintzat ez, ikasturtea, berria ezik berritu beharrekoa ere gertatuko baita; kezka eta galdera asko eta bereziak sortaraziko dituen ikasturtea izango da. Hori, akaso, mesederako gertatuko zaigu luzarora. Nik galdera horietako pare bati helduko diot.
Eskola aitatzean, momentuko galdera nagusia nola ikasiren inguruan sortzen da. Ikas gunea Kovid-arentzat `pagotxa´ bihurtu gabe nola bideratu asmatzean, alegia. Haurrak eta gazteak —eta ondorioz, denok— arriskuan jarri gabe nola egin lan beharrezkoen hau? Garrantzia handiko galdera da, noski, aurren-aurrena egin beharrekoa, baina horri erantzun nahian profesional ugari ari(ko) direnez, nik, eskola hitzak eraginda beste bi aipatuko ditut hemen: zer da ikasi beharrezkoena, eta, batez ere, nor dago ikasi beharrean?
Zer ikasi: Eskolaren egiteko nagusia ikaslea bizitza irabazteko gaitasunez janztea izan da. Gero eta nabarmenago, gainera. Bizibidea eta `maila´ soziala emango dioten lanbiderako Haurra eta nerabea ahalik eta ondoen prestatzea, alegia, “Zuk zer izan nahi duzu handia izatean”. Hori da galdera nagusia eta ikasteko behar duzun motibazioa ere bai. Zer izan nahi duzu? Zer horrek nor egingo zaituelakoan, nonbait.
Kritika merkerik ez dut egin nahi hemen, are eta gutxiago errudunen bila hasi. Bizitza lehia bezala ulertzera jotzeko arrazoi ugari ditugu gizakiok. Txiki-txikitatik ohitzen gara(gaituzte) jendea mailakatzera. Jatorriak, abizenak —lehen gehiago—, diruak —lehen eta orain—, eskolak, … Azken honi helduz, goi mailako eskolarako bidea gutxi batzuk zutenean, `eskola handiko gizonari´ (gizonezkoak ohi ziren ia beti) errespetu berezia zitzaion, kulturadun kontsideratua izaten zen, don tituluaren jabe; nor, hitz batean.
Mailakatze hori ez da desagertu, ez. Joera horren azpian, bizitzaren, kulturaren eta utilitatearen ikuspegi jakin batzuk daude, oso errotuak ditugun ikuspegiak, eta hauek zalantzan jarri ezean inolako egiazko aldaketarik ez dugu eragingo.
Bizitza irabazteko beharrezko denaren jabe egitea da eskolan egin behar den horretan interes gutxienekoa. Bizitzara eta bizikidetzara nortasunez eta ilusioz/pasioz hurbiltzen egiaz erakusteak du garrantzia gehien eskolan, eta horretan lagundu behar du heziketak. Harkaitz Canori irakurri nion: “Errukarria zait pasiorik gabeko jendea, edo alegiazko pasioekin konformatzen dena”. Egungo munduan, dirua, bizi maila eta neurririk gabeko lehia alegiazkoak dira nabarmen. Heziketaren eta eskolaren egiteko nagusia, horregatik, bakoitzari norbere pasio berdaderoa –ilusio jarraituaren zutabe izango zaiona- atzemateko bideak eta tresnak eskaintzea da; bakoitzari horretan laguntzea. Beste guztia —beharrezkoa izanik ere— oso bigarren mailakoa da. Egia hau barneratu ezean —esaneko, artaldeko eta kontsumitzaile nahi gaituztenei ez zaie, noski, interesatzen— ez dugu munduan ezer aldatuko, lehengo normalitatearen irrikan jarraituko dugu.
Nork ikasi: Zer den nagusiki ikasi beharrekoa argituz gero, ez da zaila nork ikasi behar duen galderari erantzutea. Haurrak eta gazteak bakarrik ez dira horren beharrean aurkitzen direnak. Gizaki gehienok gaude ikasketa horri heldu behar gorrian. Denok gaude bizitza beste era batera ulertu eta onartu premian. Bizitzaren eta kidetzaren ederraz jabetzeko baldintza dugu.
Garai bateko gau-eskolak ireki beharko ditugu berriro, ea gure adimena sentimenduekin, sormenarekin, eta jolasarekin lotzen ikasten dugun.
Bizitzako balio nagusi gero eta gauza gehiagoren jabe egiteak jarraitzen badu izaten, Kovid berriek erasotakoan ere ez dugu ezer ikasiko.