Jexuxmari Mujika
“Zaila ez da ideiez aldatzea, pentsatzeko eraz aldatzea baino” (H. Jahren)
Gero gerokoak, bai; carpe diem, ahal den bitartean, zer gero! Aurtengo urteak ustekabean ekarri dizkigun kontu guztien ondoren esamolde hauei helduta jarrai al dezakegu? Gertatzen zaigunari tankera garbirik ere eman ezinik gabiltzan arren, gero gerokoak? Gizakia lehen ere sarri gertatuko zen bere burua munduan kokatu ezinik. Gu behintzat, aurrekoak baino bizkorrago ginela uste genuen gu, hala gabiltza gaur.
Horrelaxe, bai, gure gaurko kontuak. Eta kontu hauetara nola etorri garen ezinbestez aztertu beharrean gertatu garenean, iritzi ezberdinak samaldan; ona da hori; irizpideak, baina, oinarria gehiago dute, hala uste dut, beldur, desio, desilusio, kezka, eta kexaren giroan, gertatzen zaigunaren eta honen zergatien azterketa arrazoizko eta zintzoan baino.
Azterketa zintzo eta ausartak urrutiegi eraman ote gaitzakeen kezka dugu, nonbait. Aspalditik geureganatua dugun ohiturari jarraiki, begiak itxita segi nahiago dugu. Hori errazago da, noski. Gizakiok, zu eta ni barne, aspalditxotik dakigu ez goazela bide zuzenetik, baina bestela bizitzen asmatzeko gai ez gara sentitzen nonbait. Edo ez dugu nahi. Orain egoerak behartu(ko) gaitu.
Gero gerokoekin ez lasaitzeko adina behartuko gaitu, izan ziur; agertu ere egingo digu garbi etorkizunari begiratu ahal izateko esperantza, ilusioa eta erantzukizuna ezinbestekoak direla. Hori lortzeko, berriz, barneratua dugun bizitzaren ikuspegi motza eta itxia zabaldu beharra daukagula. Gauden bezala norabiderik gabe gertatzeak lagun diezaguke horretan.
Gauza bat eduki behar da hasteko garbi, beldurra ez daitekela inoiz bizitzaren lema nagusia izan, ez hiltzeko bakarrik bizitzeak ez duela izen hori merezi. Heriotza ekiditea ez daitekela inoiz izan bizi poz nagusia; zerbait gehiago behar dugula. Gehiago hori lortzeko lehen baldintza, gaur ere aurrera begira bizitzeak merezi duela pentsatzen, birpentsatzen, hastea da, orain arteko uste zenbait ustelak gertatu baitira.
Ustelak, bai, edozein kontraesan irenstera jarrita gaudelako. Aurrera ere erdia ustel gerta ez dakigun azkar ikasi beharrean gaude munduan berdin jarrai ez dezakeena zer den, ikasi beharrean, saldu nahi izan zaizkigun zorion promesak faltsuak direla, esaten denaren men-egile otzanak izanaz jai daukagula; ikasi ere, oso gureak ditugun manikeismo eta novolatriak –berrizalekeria itsuak- ez dutela inola ere egungo gizarte konplexuari era egokian erantzuteko balio, ezinezko egiten digulako geure burua osotasun baten partaide sentitzea, partaide txiki baina baliozko eta erantzulea. Hori ispirituz janzten den gizakiak bakarrik uler dezake, pauso hori eman duenak bakarrik uler dezake ikuspegi motzean negozio zaigunetik eta begietan dir-dir egiten digunetik haratago begiratzen ikastea ezinbestekoa zaigula.
Horretan saiatzen bagara ulertuko dugu egun onartzen ditugun zenbait kontraesan egiaz izugarriak direla, gure munduan nagusi diren zenbait logika guztiz kriminalak direla, guk hauekiko garatu dugun tolerantzia faltsua barkaezina dela; adibide bakar bat jartzeko, industria farmazeutikoak mundutarren osasunaren lepotik gizentzen segitzearen logika. Holako onarpenek zuzenki produkziora zuzendua ez dagoen oro bigarren mailako bihurtzen du gizaki gehienon kalte nabarmenerako.
Filosofoa egun, egiazko jakintzaren maitalea, gauza gehiegi ez desiratzen ikasi duena da, ondo egoteko gauza gutxi behar dituena. Ondo dakiena demokraziaren eta politikaren egitekoa, beste ezeren gainetik, gizakiaren nortasuna aberastea dela. Beste guztia horretarako baliabide dela.
Jakintza guzti honen jabe izatea guri ez datorkigu jaiotzatik. Gizakiok balioen, askatasunaren, erantzukizunaren, … , etikaren mailara garamatzan eskailera egin eta igo egin behar dugu. Horretan saiatzen dena izaten da, arazoak arazo, pertsona interesantea, interesatua ordez.
Ea hori lortzeko, sarrerakoari helduz, pentsatzeko era aldatzen asmatzen dugun.
URTE BERRI ON!!