ARANTZAZUN, AURREZ AURRE,
bata ta beste zorrotza,
Haitzabal eta Beilotza,
kareaharri gorri garbiz,
argi ta gorri bakoitza.
Arantzazuko santutegiaren aurrez aurre daude, erreka arroan errotuta, Artia mendialdearen koadroari markoa ipiniz, bi harkaitz eta mendi-tontor zorrotz: Beilotza eta Haitzabal. Mila bider egona da poeta horiei begira, bere gelako leihotik, bide ertzeko petriletik, seminarioko terrazatik.
Beilotza harkaitzaren atzealdean dago Beilotza baserria, ezkutuan; Uztao eta Bellostegi ere deitu ohi dute harkaitza. Bakoitzaren euskal izen jatorrez izendatzen ditu Gandiagak Arantzazuko bazter eta txoko guztiak. Maiz bere aldetik ikasi egin behar izan ditu izen horiek, bertako baserritarrei galdetuta; zeren eta fraideen artean galduak zituzten sarritan izenok, edo aldatuak eta erdaldunduak zituzten batzuetan –Peña del Diablo zuten izendatua Haitzabal, Juego de pelotas deitzen zuten Erroitegi, Montes de Alava ziren Elgea eta Urkilla mendizerrak–.
Leku bakoitza bere izen jatorrarekin ezagutzea eta izendatzea, hurbileko egitea da, eta maitasunaren adierazgarri.
Uztailaren 31n hil zitzaigun Joan Mari Torrealdai, euskal kulturaren alorrean itzal handia zabaldu eta utzi duena: idazlea, ikertzailea, hainbat ekimen eta egitasmoren eragile eta kudeatzailea. Haren heriotzakoan testigu askok aitortu eta goraipatu ditu beraren lanen ugaria eta ibilbidearen oparoa, alde askotatik begiratuta. Hemen Arantzazuren talaiatik ikusiko dugu Joan Mariren irudia.
“Jakin, Arantzazukoa” jarri zion berak titulutzat 2007an, Jakin aldizkariaren 50. urteurrena burutzean, Cantabria Franciscana Arantzazuko fraideen aldizkarian argitaraturiko artikuluari. Eta hona arrazoia, beraren hitzetan: “Jakin eta Arantzazu, Arantzazu eta Jakin, elkarri loturiko historia bat izan da 50 urte hauetan”. Arantzazuren gorazarrea eta bertako fraideen aldeko aitormena da idatzia, goresmenezkoa eta esker onekoa, Jakin-en aldetik egina.
Urtebete lehenago, Jakin-en 50 urteko historia egiten parte hartutakoen talde zabalak ospatua zuen Arantzazun kultur ekitaldi berezia. Oroigarri-plaka ipini zuten orduan Gandiaga Topagunean: “JAKIN. Arantzazun sortu zen 1956an”. Izan ere, Arantzazu aldizkari honen irakurleek ondo dakite, Arantzazuko Teologiako ikasle gazteek sortu zutela, 1956an, Jakin aldizkaria, eta Euskaltzaindiak udazken hartan Arantzazun antolaturiko Euskaltzaleen Biltzarrean aurkeztu –13 urteko mutikoa zen artean Joan Mari –. Arantzazukoa jatorriz eta Arantzazurena (Arantzazuko fraideena) izan zen urte luzetan Jakin; baina garai egokia iristean, kanpokoen esku onetan ipini zuten hori, eskuzabal, euskal kulturgintzaren zerbitzutan.
Jakin Arantzazukoa izan bada, Joan Mari Torrealdai bera Jakin-ekoa izan da: 41 urtez Aldizkariaren zuzendari, eta 6 urtez Fundazioko lehendakari. Jakin: aldizkaria eta taldea, biak Arantzazun jaioak, eta gaur arte iraun dutenak. Lan-taldea eta talde-lana: euskarri eta berme erabakigarriak, kultur ekimen eta egitasmo pertsonalak nahiz taldekoak aurrera eraman eta burutzeko. 2014an, ia hirurogei urteko ondarea talde gazteari eskualdatzen asmatu zuten Joan Marik eta Jakin talde “historikoak”, “Euskara–Euskal Kultura–Euskal Herria” goiburu.
Jakin, Arantzazukoa, eta Joan Mari bera ere, Arantzazukoa... Bizkaiko Foruan jaio zen 1942an; 11 urte zituen Arantzazuko kolegiora aldatu zenean –bere tiragoma ere eraman omen zuen ezkutuan, baina zuzendariak kendu egin zion berehala, arma arriskutsua zelakoan edo, atsekabetuta utzirik mutikoa–. Arantzazun eman zituen fraide eta apaizetarako 13 ikasturteetako (1954-1967) lehen hirurak eta azken lauak.
Arantzazuri oso atxikia jarraitu zuen bizitza osoan, Jakin aldizkariaren eta lagunen bidez, eta bere bihotzez. Bernardo Atxagak, euskal kulturgintzan Joan Marik egindako ibilbidearen aurpegi biak irudikatzeko, “bi leku” izendatu dizkio Arantzazun: bertako euskal idazle handien “goi-aretoa”, batetik, eta basilikako frontisaren gainaldea, bestetik, Pietatearen oinetan. Usurbilgo parrokian izan zen Joan Mariren hileta, abuztuaren 3an; sentiberatasun finez eta irizpide onez, Arantzazuko giroan ipini gintuzten arduradunek, Oteizaren apostoluen irudiak erakutsiz eta santutegiko kanta ezagunen doinurik ere joaraziz.
Arantzazu, Euskaltzaindia, Euskara Batua: bereizi ezinak dira Euskal Herriaren azken 50 urteotan. Joan Mari Torrealdai hor erdian egon da beti, Euskara Batuaren bide-urratzaile. Horren oinarriak ipintzeko Euskaltzaindiak 1968an Arantzazun egin zuen Kongresuan, hantxe zen Joan Mari gaztea, orduko argazkian ageri denez. Lehenagotik zebilen, ordea, Jakin taldearekin batera, euskararen batasuna bideratzeko ekimenetan. Helburu horrekin 1967an euskal idazleek Baionan ipinitako irizpideak bat-batean onartu zituen Jakin taldeak, eta berehala hasi zen aldizkaria –Joan Mari zuen zuzendaria–, horiek betetzen eta bertako idazleei betearazten; ez ausardia txikiz, eta aurrea hartuz nolabait Euskaltzaindiari. Horrek markaturiko bidea jarraitzen eta erabakitako arauak leial betetzen saiatu da gerora.
Euskara batuaren ibilbidearen 50. urteurrenaren kariaz Euskaltzaindiak Arantzazun egin zuen kongresuaren amaieran, Torrealdai berak –orduan Euskaltzain Osoa– irakurri zuen Euskara Batuaren aldeko aldarrikapen-agiria.
Joan Mari Torrealdaik euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren alorrean utzitako ondare ugariak haren biografiaren alderdi epikoa erakusten digu; baina Joan Mariren biografiak agerian jarri digu bere alderdi dramatikoa ere: debekuak eta zentsurak, ”libros negros” eta “asedios”, atxiloketa, tortura, espetxea, tribunal auzien gurutze-bide luzea. Berak ikertu eta idatzita eman dizkigunen bidez eta berak pertsonalki jasandakoen ondorioz, euskararen eta euskal kulturaren kontrako jazarpen eta eraso askotarikoen testigu indartsu dugu bihurtua: Testigu eta martiri!
Beraz, eta B. Atxagaren irudira itzuliz, irabazia du Joan Marik betirako bere lekua Arantzazuko horma dolorezkoan; betirako irabazia duen bezala bere lekua Arantzazuko euskal idazle eta kulturgileen “goi-areto” ohorezkoan.
ARANTZAZUKO MENDIAK
Aloña eta Artia.
Haitz eta larre Aloña,
Artia baso hertsia;
Artia baso hertsia,
itzaltsu eta handia.Arantzazuko mendiak
Aloña eta Artia.
Zuhaitzez, belardiz, haitzez,
tarteko zabal guztia,
hango ta hemengo etxe
banaka batek jantzia.Arantzazuko mendiak
Aloña eta Artia.
Artia aspaldi zaharra,
Aloña garai berria;
bien arteko erreka
bien arteko zubia.Arantzazuko mendiak
Aloña eta Artia.
Artia lotaratua,
Aloña iratzarria,
Aloña eraikin berri,
harri zaharrez eraikia.Arantzazuko mendiak
Aloña eta Artia.
Artiaren ainuberantz
Aloñaren ibargia.
Aloñak begi-bistan du
Artiaren edestia.
Aloña mendiaren maldan dago Azkartza, eta bertako harkaitzen gainean Arantzazuko santutegia, lurrak eraturiko kabi modukoan babestua. Beherago arro sakona, eta bertan Urkullu eta Beilotza erreken topagunea, Arantzazu erreka sortuz. Errekaren mugatik beste aldera, berriz, Artia mendia, Araba aldeko zeru-ertzean galtzen dena.
Aloña eta Artia: mundu bi dira Bitoriano Gandiagarentzat, oso ezberdinak: baso oparoz jantzia Artia, harkaitz eta lurgorri Aloña. Artian dago Artaso, historiaurreko euskaldun jentilen hilobi-trikuharrien leku sakratua, Gandiagak berak aurkitua, Arantzazuko santutegitik begiratuta aurrez aurre.
Gure poetak, ordea, ez ditu bata bestearen arerio ikusten Arantzazu eta Artaso; euskal jendeen garai ezberdinen testigu dira bata eta bestea: Artaso jentila hiltzean, Arantzazu kristaua iratzarri zen. Arantzazun bizi da bera, eta bereziki maite du; baina maite du Artaso ere.
GIZONAK NOIZTIK
izan du babes
Arantzazun?
Menditarte hau
gizonak maite
izan du.
Gizonak maite
izan baitu,
are ta maita-
garriagoa
Arantzazu.
Bere adiskide Mertxe eta Txomin arkeologoei eskaini zien Gandiagak olerkitxo hau, bere bizitzako azken egunetan zegoela. Gandiagak berak gidatuta aurkitu zituzten haiek Erromatarren garaiko aztarnak Urbian, eta indusketa-lanetan laguntzaile izan zuten poeta.
Miresteko eta gozatzeko izadia da Gandiagarentzat Arantzazuko lurralde eder maitagarria; baina izadia ez da mendia, arroa, basoa, harkaitza, erreka soilik; gizadia ere bada. Berak bizi duen San Frantzisko Asiskoaren espiritu ekologikoak eraginda, izadiaren ikusmodu humanista du, eta Arantzazuko lurraldean antzinako garaietan eta gerokoagoetan bizi eta hil izan diren gizon-emakumeak ikusten ditu, beren grina eta joranetan, beren amets eta etsipenetan, beren poz eta negarretan, beren ahalegin eta nekeetan, lurralde hura maite izan zutenak; eta horiek sortu, landu eta utzitako aztarnak ikusi eta aurkitzen ditu edonon, eta maitasunez aztertzen. Beste olerkitxo hau ere idatzita utzi zuen: “Hain dagoz gizaki- / -aztarnez mendiok, / hain dagoz gizaki- / -aztarnez!”.
“Basamortu, bertan bizi ezineko” deskribatu zuen historialariak Andre Mariaren irudiaren aurkikuntza garaiko Arantzazu; bestelako irudikatzen du Gandiagak. Eta antzinatiko giza presentzia luzeagatik, are maitagarriagoa da Arantzazuko lurralde gizatiarra.
HARRIZKOA ZARA, BAINA
zure harrian bada
–elorriondoan,
airezko lora bat lez–
hegari dagoan
parirri zahar eder bat.Lurrezkoak gara, baina
gure lurrean bada
–lehengo potingoan,
uren ondakin bat lez–,
joranez dagoan
sinismen-erlus zahar bat.
“Harrizkoa zara!” egin zuen oihu Bitoriano Gandiagak, garai bateko zilar distiratsuzko eta ispilu argitsuzko kamarin hartan, mantu brodatuz gain-jantzita ikusten zuen Arantzazuko Ama Birjina zerutiar haren azpian, jatorrizko irudi txiki xume aurkitu zuenean. Harrizkoa zara! Halaxe kantatu zuen bere olerkitan, behin eta berriro, aurkikuntzaren zoramenak harrituta, eta Arantzazuren ezkutuko jatorrira iritsia zela iritzita.
Hortik abiatu behar zuen, Arantzazuren misterioa ulertu eta kantatzeko. Eta harrizko irudiaren sublimazio traszendentala beraren irribarre ederrean ikusi zuen, elorriondoaren “airezko lorearen” antzeko.
Eta giza bizitzako esperientziaren paradigma aurkitu uste izan zuen Andre Mariaren harrizko irri hartan. Haren antzera, gizon-emakumeen lurrezko izaeratik harantz traszendentziaren txispa aurkitu zuen Gandiagak: giza lurrezkoaren baitan joranez dagoen sinesmen-erlusa.