Arantzazu Bitoriano Gandiagaren begietan
Arantzazu giza babesgune
Paulo Agirrebaltzategi
GIZONAK NOIZTIK
izan du babes
Arantzazun?
Menditarte hau
gizonak maite
izan du.
Gizonak maite
izan baitu,
are ta maita-
garriagoa
Arantzazu.
Bere adiskide Mertxe eta Txomin arkeologoei eskaini zien Gandiagak olerkitxo hau, bere bizitzako azken egunetan zegoela. Gandiagak berak gidatuta aurkitu zituzten haiek Erromatarren garaiko aztarnak Urbian, eta indusketa-lanetan laguntzaile izan zuten poeta.
Miresteko eta gozatzeko izadia da Gandiagarentzat Arantzazuko lurralde eder maitagarria; baina izadia ez da mendia, arroa, basoa, harkaitza, erreka soilik; gizadia ere bada. Berak bizi duen San Frantzisko Asiskoaren espiritu ekologikoak eraginda, izadiaren ikusmodu humanista du, eta Arantzazuko lurraldean antzinako garaietan eta gerokoagoetan bizi eta hil izan diren gizon-emakumeak ikusten ditu, beren grina eta joranetan, beren amets eta etsipenetan, beren poz eta negarretan, beren ahalegin eta nekeetan, lurralde hura maite izan zutenak; eta horiek sortu, landu eta utzitako aztarnak ikusi eta aurkitzen ditu edonon, eta maitasunez aztertzen. Beste olerkitxo hau ere idatzita utzi zuen: “Hain dagoz gizaki- / -aztarnez mendiok, / hain dagoz gizaki- / -aztarnez!”.
“Basamortu, bertan bizi ezineko” deskribatu zuen historialariak Andre Mariaren irudiaren aurkikuntza garaiko Arantzazu; bestelako irudikatzen du Gandiagak. Eta antzinatiko giza presentzia luzeagatik, are maitagarriagoa da Arantzazuko lurralde gizatiarra.