ETB2ko 'konkis' Arantzazu aldizkariko editorialean? Azken urte hauetan astelehen gauetan gehien ikusten den telebista-saioa izateaz gain, gizartean nagusi diren hainbat jarrera eta pentsaeraren isla ere badela uste dut. Adibidetxo bat: 5. ataleko dueluan 60 urtetako partaide bat tirolina batean zintzilik dana ematen, baina galdu eta etxera. "60 makilatxo, zure adineko jendearentzat irudi izango zara, dana posible dela erakusten duen irudia, 'flipas'". Bai, nik ere flipatu egin nuen hitz horiek entzun nituenean. Adinean aurrera goazen heinean badakigu ezin ditugula egin lehen egiten genituen hainbat gauza. Hezur eta gerritako minak, ahanzturak... Ez dezagula pentsa tirolina batean, tximuen modura, zintzilik ezin egonagatik intutilak edo ezgauza garenik!
Egia da adinean aurrera goazen heinean gero eta zaurgarriagoak bihurtzen garela, bulnerableagoak... Doakotasunari eta pertsonei lotutako jardueretan oraindik ere baliagarri. Dudarik gabe, ez gara buruaskiak, besteen beharra dugu. Martxoaren 8aren aldarri feministak hori erakusten digu: bere burua aski ikusten duen subjektuari kritika, desberdintasuna eta zaurgarritasuna aldarrikatuz, eta horrenbestez zaintzaren etikaren garrantzia eta beharra mahai gainean jarriz. Errukia eta zaurgarritasunaren arteko ezinbesteko lotura.
Zaintzaren inguruko gatazkak ordea, hortxe darrai, jada 200 egun baino gehiago greban. Lan-baldintza duinagoen alde borroka, norberaren eskubideen aldeko borroka, giza-duintasunaren izenean. Bitartean gure aiton-amonak, gizarteko zaurgarrienak, gatazkaren erdian, objektu bihurtuta, haien duintasuna eta eskubideak, merkantzia. Noiz arte horrela?
Izaki zaurgarriak gara, lana, nekea, gaixotasuna, zahartzaroa, heriotza... Egunero errealitateak berak erakusten digu paradisurik ez dagoela mundu honetan. Gizakiak paradisua du amets, sinestunak itxaropena du. Fedea, itxaropena. Horixe bera ospatzera goaz, urtero bezala, Aste Santuko Pazko egunean, heriotza garaitua izan dela eta itxaropena posible dela.
Asteburua da, eta nork jakin seme-alabek planik ba ote daukaten. Erantzuna lagunekin geratu baino 15 minutu lehenago. Whasapparen eragina izango da agian, baina gu ere arrapatu gaitu bat-batekotasun horrek. Jada planak ez dira egun batetik bestera egiten, ez dago etorkizunik, guztia hemen eta orain da, gurari, nahimen eta desioen poderioz.
Lagun batek minbiziaren aurkako tratamendu luze eta gogor bat bukatu berri du. Haurdun zegoen gaixotasuna antzeman ziotenean. Aurrera ateratzeko hilabete hauetan iltze goriari ere heldu dio. Psikologoek oraina bizi behar duela diote. Ez dela hain erraza dio berak. Egunero heriotza du gogoan. Egunerokotasuna bizitzeko itxaropena behar du, etorkizuna oraina bizitzeko.
Ostiral honetan lagun min bat triste zegoen. Bada urte bete bere ikasle bat kotxe-istripuz hil zela. Amak ezin izan zuen gainditu eta orain dela aste bete suizidioz hil zen. Senarra eta alaba bizirauten saiatzen ari dira.
Bi egunetik behin pertsona batek egiten du bere buruaz beste Euskadin. Egunero hamar suizidio-saiakera. Zergatik ez dugu hitzik egiten norbait bere buruaz beste egitera bultzatzen duten arrazoietaz?
Itun Zaharreko Hasiera liburuak buztinez eginak garela gogorarazten digu: bizitzaren egunerokotasunean gailentzen zaigun errealitate gordinaren aurrean hauskor eta indargabeak. Kontakizunean bertan esaten da ere gizakiak bizi-arnasa Jainkoak putz eginda jaso duela eta horrenbestez, gizakia materia hutsa baino gehiago dela. Egunerokotasuna bizitzeko itxaropena, etorkizuna oraina bizitzeko.
Badago egunerokotasunari bakearekin, soseguz eta itxaropenarekin aurre egiten dionik. Horietako pertsona batzuk fedea dute, eta beste batzuk ez. Egia da norberak bere bidea egiten duela bizitzari aurre egiterakoan. Biblian zerumuga iradokitzen duten hainbat aztarna ematen dizkigu. Urratsak norberaren esku gelditzen dira.
Edozein katedraletan, beirateak hurbiletik begiratzen baditugu, hasierako edertasuna desagertuz doa eta inperfekzio eta zikinkeriak agerian geratzen dira. Hori dio lagun batek, eta ez du arrazoirik falta. Batzuetan, bada ez bada ere, urrutian pausatzen gara. Hurbiltzen garenean ez dakigu zer egin geuregan eta besteengan topatzen dugun 'zera' horrekin.
Bibliako lehen orrialdetan Jainkoak sortutako guztia ederra eta ona dela esaten zaigu. Jainkoarengan uste sendoa izatera gonbidatzen zaigu, nahiz eta egunerokoan errealitatea, bestea, gu, akatsez eta perfekzio ezaz beterik ikusi. Zahartzaroko jakinduriak Jainkoarengan jartzen du begirada eta hor oinarritzen du itxaropena. Gabeziak ezusteko aberastasun bihurtzen dituen konfiantza eraldatzailea.
Hasi berri dugun urte honetan ere garaikoak diren hauskortasuna, ziurgabetasuna, konplexutasuna eta anbiguetatea kudeatu beharko ditugu. Bestearengan, besteengan uste sendoa izatea besterik ez zaigu geratzen, konfiantza oinarrizkoa baita gizartean bizitzeko. Hori gabe gure egunerokotasuna ezinezkoa eta itogarria litzateke. Itxaropena, ziurgabetasunak ziurgabetasun, uste sendoa izaten jarraitu ahal izateko.
Bestearen begiradak eusten gaitu gure inperfekzio eta hutsuneetan; barkatzen duen begirada abegikorra.