Aitor Sorreluz
Asteburua da, eta nork jakin seme-alabek planik ba ote daukaten. Erantzuna lagunekin geratu baino 15 minutu lehenago. Whasapparen eragina izango da agian, baina gu ere arrapatu gaitu bat-batekotasun horrek. Jada planak ez dira egun batetik bestera egiten, ez dago etorkizunik, guztia hemen eta orain da, gurari, nahimen eta desioen poderioz.
Lagun batek minbiziaren aurkako tratamendu luze eta gogor bat bukatu berri du. Haurdun zegoen gaixotasuna antzeman ziotenean. Aurrera ateratzeko hilabete hauetan iltze goriari ere heldu dio. Psikologoek oraina bizi behar duela diote. Ez dela hain erraza dio berak. Egunero heriotza du gogoan. Egunerokotasuna bizitzeko itxaropena behar du, etorkizuna oraina bizitzeko.
Ostiral honetan lagun min bat triste zegoen. Bada urte bete bere ikasle bat kotxe-istripuz hil zela. Amak ezin izan zuen gainditu eta orain dela aste bete suizidioz hil zen. Senarra eta alaba bizirauten saiatzen ari dira.
Bi egunetik behin pertsona batek egiten du bere buruaz beste Euskadin. Egunero hamar suizidio-saiakera. Zergatik ez dugu hitzik egiten norbait bere buruaz beste egitera bultzatzen duten arrazoietaz?
Itun Zaharreko Hasiera liburuak buztinez eginak garela gogorarazten digu: bizitzaren egunerokotasunean gailentzen zaigun errealitate gordinaren aurrean hauskor eta indargabeak. Kontakizunean bertan esaten da ere gizakiak bizi-arnasa Jainkoak putz eginda jaso duela eta horrenbestez, gizakia materia hutsa baino gehiago dela. Egunerokotasuna bizitzeko itxaropena, etorkizuna oraina bizitzeko.
Badago egunerokotasunari bakearekin, soseguz eta itxaropenarekin aurre egiten dionik. Horietako pertsona batzuk fedea dute, eta beste batzuk ez. Egia da norberak bere bidea egiten duela bizitzari aurre egiterakoan. Biblian zerumuga iradokitzen duten hainbat aztarna ematen dizkigu. Urratsak norberaren esku gelditzen dira.