Aitor Sorreluz
Aurtengo udaran ez da Zeledonik izango, ez kanoikadarik ez eta Mari Jairik. Notizia horren berri emanez hasi zen maiatzaren 15ean eguerdiko Gaur Eguna. Hamabi minuturen ondoren pandemiak Euskadin utzitako arrastoa eman zuten: 18.350 bat kutsatu, 38 PCR kasu berri eta 1454 hildako guztira (12 berri). Agintariak eta testigantzak lehen hamabi minutu horietan jaso ziren, uda jairik gabe pasa beharrari azalpenen bat aurkitu nahian edo... Besteari buruz, datu hotzen aurkezpena besterik ez. Uda honetan jairik ez, eta hondartzetarako, harategietan egiten dugun modura, agian zenbakia hartuko dugu, kola itxaron eta akaso izango dugu lekurik. Terrazak, tabernak, kirola egiteko ordutegiak... Azkar batean eraman nahi gaituzte normaltasunera, inork galdetu gabe ea horra joan nahi dugun edo ez.
Deseskalada honek makina bat jende kanpoan utzi duela dirudi, baztertuta, at. Suhiltzaileek, Madrilen, pandemiako etxealdi-garaian 62 zaharren gorpuak aurkitu dituzte abandonatuta. Biztanleen %42ak buruko gaitza izateko arriskua du, hauskortasun ekonomikoa eta soziala medio. Geldialdiak naturari on egin badio ere, gizartea txikitu egin du, bitan zatitu. Orain dela bost urte idatzitako "Laudato si" entziklikak, natura eta gizartearen ezinbesteko harremana kontuan hartuta, ama Lurrak jasaten duen suntsipenari buruzko kezka sakona jaso nahi zuen. Txikitze honen garrasiak eta munduan zanpatuak diren pobreen oihuak bat egiten dute. Pandemia honek baztertu eta zanpatu gehiago utzi ditu bidean. Euskadiko eta Nafarroako gotzainek zoriontasunak jarri dituzte pandemia honek eragindako kalteei aurre egiteko gako modura. Nola bateratu ordea maitasunaren Jaungoikoa pandemiak utzitako sufrimenduarekin? Lagun batek dio eskertzekoa dela geurea gurutziltzatutako Jainkoa izatea. Sufritzen duen horrekin egotea erabaki du, sufritzen ari den horren bakardadean bizitzea. Zorionekoak!
Ekaineko zenbaki honek bakardadeari buruz dihardu. Aukeratu gabeko bakardadeak min egiten du, sufrimendu iturri da, eta askotan ez du zentzurik. Etxealdiak distantzia soziala izenekoa ezarri digu, eta bakartu egin gaitu. Jendearekin egoteko irrikaz gaude. Agian gure bakardadean ez dugu inor aurkitu. -Simone Weil-en arabera, distantzia eta aldentzea maitasunaren, edertasunaren eta jakinduriaren oinarrizko osagaiak dira. Izan ere, joan den mendeko filosofa eta mistika honentzat sakratuak eta misterioak distantzia eta aldentzea behar ditu.
Udara begira ordea, nahiago denok bat eginik pilatzea hondartzaren edo terrazaren batean. Distantzia guztiak galduz, guztia geure neurrira bihurtzeko; distantziarik gabe, dena bat egiteko, denak norbera bezalakoak. Bestearentzat lekurik gorde gabe. Distantziarik gabe, ez dugu bestea aintzat hartzen. Uda honetan, jai dugu!