IRUÑA ETA TUTERA, BILBAO, DONOSTIA ETA GASTEIZKO
GOTZAINEN PASTORAL IDAZKIA
Euskadiko eta Nafarroako Gotzainek koronabirusak utzitako min-egoerei eta etorkizunari aurre egiteko “hausnarketa lasaia” egiteko deia egin dute. 21 orrialde dituen dokumentua 5 zatitan banatu dute, eta zoriontasunak oinarri dituen ikuspegi kristau batetik abiatuta, gutunaren 48 puntuek errealismoz eta itxaropenez heltzen diote “aurrean dugun egoera latzari”, gure gizarteak eta planeta osoak bizi duen egungo pandemiaren berehalako ondorioei aurre egiteko hainbat gako aurkeztuz.
Dokumentuaren sarreran jasotzen den bezala, nahitaezkoa da hainbat konturen inguruan hausnarketa egitea: "nola antzeman Jainkoaren maitasuna egoera zail honetan; nola ulertu maitasun hau gaitzaren eta hainbestek jasaten diharduen sufrimenduaren aurrean; ebanjelioko zein giltzaz baliatu erronka hauei aurre egiteko; nola bizi gaur egun zoriontasunak inguru zehatz hauetan."
Horrenbestez, lehengo atalean gure bizitzan sufrimendua eragiten duen gaitzaren misterioa izan dute aztergai: Jainkoa ona bada, zergatik onartzen ditu zorigaitz hauek? Itun zaharreko hainbat pasarte aztertuz Jainkoa ez dela ez gaitzaren jatorria ezta sufrimenduaren eragilea gogorarazten zaigu, eta errugabearen sufrimenduaren, auzian sakontzen da. Hausnarketa horiek Itun Berrian hartzen dute zentzua: Jesusek ematen du bere burua Nekaldirako, gizadiaren gaitzak bere gain hartu eta bizi bihurtzeko borondatez, hor gauzatzen da Jainkoaren maitasuna.
Bigarren atalean sakrifizioa, gupida, kontsolamendua eta errukia aztertu dituzte. Pandemiaren aldi hau, gureganako Jainkoaren errukiaren eta gure lagun hurkoenganako gutariko bakoitzaren errukiaren aldia ere badela gogorarazi digute Gotzainek.
Hirugarren atalean, maitasunak beti bizia sortzen duela azpimarratzen da, maitatzea bizitza ematea baita. Horrela, gaur egungo erronkari aurre egiteko gauza izango gara bizitzan zoriontasunei baiezkoa ematen badiegu.
Laugarren atalean, ildo ebanjelikoari eta Frantzisko Aita Santuaren irakaspenei jarraituz, krisialdi honetan zoriontasunak bizitzeko hainbat proposamen eskaini dituzte. Zoriontasunak itxaropen-ikasbide miresgarri modura aurkezten dituzte. Izan ere, aldian sufritzen duenarenganako Jainkoaren aparteko hurkotasuna iragartzen zaigula esaten dute: bidean eutsi egiten dio eta poztasunera gonbidatzen. Etorkizunari dagokionez, bizi eta maitasunaren garaipena hots egiten da.
Lasai eta itxaropentsu jokatzeko eskatzen dute konfinamenduaren eta deseskaladaren trantze zailean. Hurrengo krisi ekonomikoa oso handia izango dela eta pertsona asko kezkatuta daudela ikusita, Gotzainen Gutunak ohartarazten duenez, beharrezkoa da ekonomia-, enpresa- eta lan-sareari laguntza eraginkorra ematea, ondasunak sortzeko eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa mantendu eta sortzeko. Horretarako denok egin behar dugu bat, desberdintasun ideologiko zein erlijiosoak alde batera utziz. Une egokia da ekonomiaren oinarri diren egiturak berrikusteko, behar diren zuzenketak egiteko, pertsona beti jarduera ekonomikoaren erdigunea izan dadin.