Pello Zabala
Irailan gaude ta gabiltz. Ta noski, udan aurrera, garaitsu honetakoa da giro garbi, lehor, osasuntsu ta egokia. Hala bota zidan orain aste betetxo lagun batek: "Pello, baina gero eta giro hobea egin behar al du?" Agudo zehaztu genuen "hobeago" horren mamia. Aire lehor garbi arnas gustubeteko horren sanidadeaz aritu ginen: aldez alde urruneneraino ere gardentasun argienean ikusiz pozten gaituen hortaz. Jakina, aldez alde hain garbi inguruak denak, eta mendien eta zuhaiztien berde oparoa mardultzen duen zehaztasun horren detaileetaz geniarduen: margo eta koadrorik onenaren poz argi lasaia barneratzen bait zigun hantxe bertan.
Abuztu erditik aurrera, irailaren bihotzean gora, egunaren argia xuabe ixten ta laburtzen doan gainbeheratxo baketsu horretan gozatzen da benetan eguratsaren gardentxo pozgarri hori. Bai. Udaberriko argi berriak, negualdiko airearen buxti umeltxoa baitu artean ere: xalto txikitan, goizean baino arratsean garbi-lehortxoago, hala irauten du udazkeneko arrats garbi gozoa edertuz ta atseginduz.
Eguneko ordu nagusiak hortxe daude ordutegiaren erdian: baina kontuz, abuztuaren erditik gora, eguna laburxeago neurtzen hasi zaigunean: ia oharkabean, goizean ia ordubete nagitu zaigu eguzki udan hain arina; eta arratsean, minutu pare baten gorabeheran, beste tarte bete berdintsua: beste ordubete berandutu, alegia. Ez digu kalte makala egiten eguneko orduen nahasketa dontsu horrek: erlojuetan bi ordu aurrera hartuta ibili beharrak maldizio gehitxo bota arazten dizkigu, bai.