Jose Ramon Beloki
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Guillermo Altares
Una lección olvidada. Viajes por la historia de Europa
Tusquets, 2018
ISBN: 9788490665916
Historia liburuak irakurri zale naiz. Mundua mundu denetik gizakiak, nonahi ere, egindako lanen, emandako urratsen, lortutako aurrerapenen, bizitako pozen, jasandako sufrimenduen, eta egindako sarraskien berri jaso beharra sentitzen dut tarteka. Horrelakoetan, gizakiaren historia eta istorioak jaso eta kontatuko dizkidan liburu bat eskuartean hartu eta irakurtzen jarri ohi naiz.
Ez zait gainera gehiegi inporta gizaki horren pasadizoei buruz behin eta berriro irakurtzen aritzea. Aspaldi ohartu nintzen, izan ere, ezer gutxi jakiten dugula sarri gizakiok geure historiaz eta istorioez. Beti dagoela, beraz, zer ikasi gehiago. Horregatik, zenbat eta gehiago jakin, hainbat eta jakin-min gehiago sortzen zait.
Mundu osoaz interesatua izanik ere, are eta interesatuagoa sentitzen naiz, jakina, hurbileko gertakizun eta gorabeherez. Esan behar dut, baina, hurbiltasun honek ez bakarrik etxeko gorabeherak besarkatzen dituela. Auzokoak ere baizik. Eta auzoaz hitz egitean, Europaren historia ere halakotzat hartzen dut.
Guillermo Altaresen UNA LECCIÓN OLVIDADA. Viajes por la historia de Europa liburua jakin-min honek ekarri dit eskuetara. Eta ekarri dit, gainera, dena argitzeko, Europako hauteskunde garai honetan.
Guillermo Altares kazetaria da. Kazetari jantzi eta trebea. Nabarmen antzematen da liburu honetan. Europako historian zehar bidai bat egiteko orduan, izan ere, garraiobide eta ibilgailu desberdinak aukera daitezke. Bidai idatzia, autorearen asmoa den bezala, egiteko orduan ere bai. Guillermo Altaresek kazetaritzarekin zerikusi handia, osoa ez bada, duten bide eta ibilgailuak aukeratu ditu.
Chauveteko kobazulotik —hau da orain 36.000 urteko kontakizunetik— abiatu eta 2008ko otsailaren 17ko Kosovoko independentziara iristen den bide luze horretako mugarri antzeko batzuk aukeratuz abiatzen da autorea. Hogei aukeratzen ditu denera, aipatuak eta beste hamazortzi. Azken hauen artean, orain dela 5.000 urteko Alpeetako Otzalen historia; Kristo aurreko VIII. mendeko Grezia; 64. urte inguruko Neron garaiko Erroma; erromatarren inperioa erortzen hasi zeneko V. mendeko Ingalaterra; XIII mendeko albigenseen aurkako gurutzada; eta erdi aro, aro moderno, eta aro garaikideko beste hainbat gertakizun, pertsonaia eta gorabeherak. Esan bezala, gaur bertaraino, XX mendeko hainbat gertakizun garrantzitsuei —bi gerrate mundialei, Errusiako iraultzari, Berlingo harresiaren jausteari, Olof Palmeren heriotzari, etabar.— toki berezia eskainiz noski.
Europako Historian, jakina, liburuan jasotzen den baino askoz gauza gehiago gertatu da. Horrek ez du esan nahi, ordea, Europako historiaren nondik norakoaren berririk jaso gabe amaituko duenik irakurleak liburua. Autoreak dioen bezala, izan ere, historia horretan bidai bat egiteko gonbidapena da liburua. Eta, dena esanez, bidai zabal eta interesgarri bat egin duenaren inpresioarekin iristen da bat liburuaren 452. Orrialdearen helmugara.
Altaresek, hasteko, izan ere, mugarrien hautu on bat egiten du. Historia horren ikuspegi zabal eta aski sakon bat emateko aski baliagarri den hautua. Dena ez dago bertan,baina dagoen dena ongi merezita dago.
Liburuaren interesa, baina, ez da edukiarena bakarrik. Autore kazetariak eduki hori agertzeko erabiltzen dituen tresna eta baliabideak ere interesgarriak dira. Hitz batean adierazi behar banu, erreportaritza lana egiten duela esango nuke. Azaldu nahi digun historiari eta kontatu nahi dizkigun istorioei kontakizun hari bat aurkituz hasten da. Gertakizun guztiek, zaharrenek ere, arrasto eta aztarnak utziz alde egiten dute, jakina denez, mundu honetatik eta historiatik: kobazuloko margoak, hezur eta beste hainbat tramankulu eta tresna lurperatuak; eraikinen hondar eta harri galdu eta lurperatuak; artistek utzitako margo, irudi eta artelanak, arkitektoek jasotako eraikin adierazgarriak; etabar luze bat. Guillermo Altaresi arrasto eta aztarnak erreparatuz hastea gustatzen zaio, horiei buruzko erreportaje bat egiten jarriko balitz bezala. Berehala ordea bisitatu eta ikusitako horien atze aurreak, zergatiak eta zer-nolakoak arakatzen jartzen da. Horretarako, bereziki, gai horri buruz egina duen irakurketa zabal eta sakonaren fruituak erantsiko dizkio. Erreportajea, horrela, irabazten eta aberasten doa sakontasunean, pertsonaia edo istorio baten kontakizuna garai eta gizarte baten ispilu izatera iristen den arteraino, neurri batean. Istorioen kontakizuna horrela historia bati buruzko azterketa bihurtzen joaten da. Eta hau nahiko ez balitz, istorio-historia horietatik atera daitezkeela iruditzen zaizkion hausnarketa eta lezioez osatzen du liburua Guillermo Altaresek. Liburua amaitze aldera idazten duena honen adibide: “Si podemos extraer una sola lección de la historia de Europa es que deberíamos aprender a vivir con el pasado para que nos ayude a comprender el presente, pero sin contaminarlo con sus fantasmas y sin pensar que nos pertenece. Si algo nos debe enseñar viajar por hechos remotos es que la historia, ante todo, forma parte del pasado.”
Amaitzeko beraz: gure aurreko “europarrak” nondik nora ibili diren zerbait gehiago jakin nahi duenak badu liburu honetan ibilbide interesgarri, probetxugarri eta entretenigarria. Opor kulturalak egin zale bada, gainera, opor aukera eder baten eskaintza ere jasoko du liburutik. Inbidi bat baino gehiago pasa dut nik neuk liburua irakurriaz bat!