† In memoriam
A. FERMIN ALTUBE IRIZAR
1921.10.10 – 2020.11.24
Jaio zeneko ehungarren urtea ospatzeko ilusioz bizi zen eta bere baitan ospakizunak antolatzen ere bai, baina ez zen iritsi. Gure Anai Fermin Altube, 99 urteko fraide frantziskotar jator maitagarria, 2020ko azaroaren 24ko goiz aldera hil zen Arrasateko ospitalean
Anaia Fermin, Oñatiko Murgialdai baserrian jaio zen 1921eko urriaren 10ean. Frantziskotar izan nahi zuela eta oso gazte zelarik 1931an Arantzazura etorri eta fraideon ohiko ikasketak egin ondoren, 1944ko urriaren 15ean apaiztu zen. Eta ordutik, hil zen arte, gelditu gabe, frantziskotar leial eta fin bezala, jo eta ke lanean aritu izan zen nagusiek agindutako destino ezberdin ugarietan; lehenengo Zarautzen hamar urtez (1945-1955), gero Arantzazun (1955-1958)anaidiko bikario bezala, gero Errioxako Alfaroko anaidiko guardian bezala eman zituen hiru urte (1958-1961). Handik Arrasateko komentura ekarri zuten 1962an elizako lanetarako eta baita Seminariorako bokazio bila jardun zen ikastetxetan eta parrokietan; 1965ean berriz ere estiman zuen Zarautzeko komentura nobizioen bigarren maisu eta komentuko beste zereginetara; 1970ean Oliteko anaidiko guardian bezala, 12 urtez; 1982an Beasainera, han beste fraide batzuekin batera anaidi berria martxan jartzera eta parrokiako lanetan aritzeko; 1987an eta 2010 arte Oñatiko Bidaurretan eman zituen 23 urte; eta azkenik, berak hala eskatuta, Arantzazura bere azken erretiro etxe bezala (2010-2020).
Ibilbide luzea eta oparoa gure anai Ferminek egin zuena. Instituzioarekiko leiala, beti nagusien esanetara, sermolari oparoa, Euskal Herriko herri askotan sermolari lanak egindakoa, ezkontzeko eta soldaduskarako joateko ere gogojardunak egiten ziren garai haietan, Arantzazuko gogarteetxean gogojardunak zuzentzen zituena… Hainbeste anaidietan ibiltze honek zera adierazi nahi du: batetik, nagusien esanetara bizi izan zela eta bestetik, baita ere, bere bizitzeko pasioa, ezin geldik egon hori, beti proiektu berrizale izan zela.
Anaia Fermin, izakeraz fraide gozoa, maitagarria eta alaia zen, lagunartekoa, umetxoen eta gaztetxoen laguna, eta horrezaz gainera, oso asmamen askokoa, asmo berriez betetakoa. Berak parte hartu zuen, berak asmatu ez bazuen, “Arantxa” izena zeukatenen lehen ospakizunezko bilera Arantzazun 1956an; berak, Nafarroan dagoen Oliten guardian zenean, han euskara ikasi nahi zutenei euskarazko eskolak ematea; bera izan zen Oñatiko erlijioso - erlijiosa ugarien lehen batzarra egitea 1988an eta horrela beste ekimen asko ere.
Horrezaz gainera historia maite zuen asko, berea eta bere ingurukoen, familiakoen historia batik bat. Ikusi besterik ez dago nola bere bizitzako ibilbidea txukun txukun bilduta eta idatzita utzi duen gure Probintziako artxiboan; bere Oñatiko Murgia auzoko historia ere idatzita utzi zigun; baita ere azken urteetan, eta kasi hil zen arte, Murgialdaitik sortutako familia zuhaitza osatuz jardun zen. Beti gogoan zituen, eta esan egiten zuen gainera, bere kurtso-kideekin batera frantziskotar egin zireneko edo meza berria eman zuteneko eguna, edo bere gurasoak eta anai arrebak hil zireneko urte mugak…
Bizitza luzea, kasi 100 urte, eta ederra eraman du gure anaia Ferminek. Deigarria gertatzen bada ere, kasi hil zen eguna arte, bere ordenagailu zaharra astinduz, bere telefono mugikorra nola edo hala erabiliz, burua beti lanean, beti zerbait berriren bila. Eskuzabala ere bazen. Lagunekin eta etxekoekin hitzekoa: ez zuen ez erraz bere familiako iloba eta biloba ugarien urtebetetzeak ahaztuko eta, ahal zuenetan, Arantzazuko gazta zati bat oparituko ere.
2020ko azaroaren 24an hil zen, esan bezala, eta 25ean Arantzazuko elizan hileta ospakizuna egin zitzaion. Deigarria egin zitzaigun, pandemia egoera honetan egonik eta mugikortasun eta jarleku neurri zorrotzak ezarrita bazeunden ere, jende kopuru handia bildu zen hileta ospakizunera. Izan ere halakoxea zen bera: gertukoa, maitagarria, gozoa, alaia, lagun artekoa eta bere bizitza luzean jende askori mesede asko egindakoa.
Hain maite izan zuen Jainko Aitak eman diezaiola orain Anaia Ferminek beti sinetsi eta predikatu izan zuen betirako bizia.
Joxe Mari Arregi
ANAI FERMIN ALTUBERI BERTSOA
Murgialdain sortua da
familia zen anitza,
gaztetan Arantzazura
ikastea zen baldintza,
eta ondoren Zarauzko
frantziskotarrekin mintza
Oliten ta Bidaurretan
burutu zuen langintza.
Azken urtetan bilatu
Arantzazuko geriza,
bihotzez maite izan du
euskara ta kulturgintza,
bi liburu idatziak
bere lanaren emaitza,
aberatsa emankorra
“tio” Ferminen bizitza.
(Bere iloba Patxi Larretxea)