Aitor Sorreluz
Ekainaren 26an, Roberto Aramaiok eta aldizkari honetan parte hartzen duen Txetxu Ausín filosofoek oso artikulu interesgarria publikatu zuten www.theconversation.es aldizkari digitalean. Bertan, ziurgabetasunari nola aurre egin aztertzen dute: izua alde batera utzi eta beldurra asumitu. Psikologian eta antropologian oinarrituta, baieztatzen dute gizakiak berezkoa duela segurtasun beharra. Beldurra astintzen denean ordea, izua esnatzen da eta segurtasun premiak, dominazio politikoaren eta kontrol sozialaren arriskua ekar lezake. Ausinek eta Aramaiok defendatzen dute, ataka horretatik ateratzeko, ezin zaiela uko egin askatasunari, elkartasunari eta justiziari, segurtasunaren izenean; eta horretarako segurtasunaren askotariko alderdiak ekartzen dituzte gogora, segurtasuna bizitza duinarekin lotuz.
Testua irakurri ahala, hor, paragrafoen artean, ia ezkutuan, sekula bete ezin daitezkeen desioak daudela diote, eta horien artean erabateko segurtasunaren nahia. Izan ere, guztia kontrolatzeak gizagabeak bihurtuko gintuzke, gure mugek eta gure zaurgarritasunak definitzen baikaituzte. Gizakiok berezkoa dugun interdependentzia oparoari esker gauzatu dira gizadiaren lorpenik handienak. Elkarmendekotasun harreman horietan norberak bere buruari erreparatu behar, besteari min ez egiteko. Izuan erori gabe, beldurrarekin bizitzen dakien askatasun arduratsua.
Eta ebanjeliotan beldurrik ez izateko dio Jesusek (Mt 10, 26-33). Nola lotu bi aldarrikapen horiek? Nola onartu beldurra ziurgabetasun egoeretan, baina ez utzi beldur horrek izoztu eta deshumanizatu gaitzan? Egia da, bizitzan zehar beldur garela ez ote dugun geure erabakietan asmatuko, huts egiteari beldur diogu, bihotza irekitzeari beldur, etorkizunaren beldur gara, eta pandemia honek azalarazi duen modura: sufrimenduari, gaixotasunari eta heriotzari beldur diegu... Eta hala ere, orain dela bi mila urte beldurrik ez izateko esan zigun gurutzean hilda bukatu zuen batek. Ez izan beldurrik eta izan uste osoa bestearengan.
Konfiantza lagun hurkoarekiko. Txetxu Ausinek berak urtarrileko alean zioen bezala, konfiantza da beldurraren aurkako antidotorik onena. Dena seguru ez izan arren konfiantza izateari, itxaropena deitzen diogu. Izan gaitezen itxaropentsu! Izan dezagun uste osoa bestearengan. Arduraz joka dezagun eta izan gaitezen pertsona on, besteak gugan uste osoa izan dezan. Ona ez izatea izututa egotea bezain arriskutsua izan daiteke eta...