Pello Zabala
Biziak biziari tira dagio, bere betiko tirazo erritmikoan. Urteak urte kontatzen baditugu, bizi denak bizirik jarrai nahi duelako osatzen du bere kontakizunen materiala ta lixta.
Egia, ez gabiltz sasoi eta aldirik argienean: urteko lehen hilabetea bera, argifaltako ta iluna izan behar du nonbait, “il-beltza” deitzen diogu behinikbehin. Hilabete inguru dagoeneko, egun laburrenak luxatu nahiean dabil bai, gure neguko saio laburrenen tirada. Asko ez bada ere, Gabonetatik badugu geure irabazittoa: eguzki alper egoskorrak hilabete inguru pasa ohi du ezin aurreratuz, baina otsaila abian, jaikitze--punttuko 7ak eta 20a amestu eta alkantzuan ditu jada.
Hurritzak nauka xoratuta. Halatsu omen zituen greziar jakintsuak nahiz iparralde gooneko kulturdun kurioso haiek ere. Agudo antzeman zioten bere jokaera oso berezia zuelako lore martxa hain kuriosoari: zenbatu eta zenbatu, udazkeneko eguzki lotsatiaren bajadan lora kirtentxoa luxatzen asmatzen zuela ikusita, lore ar luxea hain bistoso bazen, lore eme lotsati izkuta- goseak harritzen zuen: batenaz beste, 9 hilabete betetzen ditu urritzak bere fruitu biribiltxoa heldu ta botatzen. Noski: urrian dator urra! Ez alferrik! hur ale biribiltxoari bihotz ttikiaren antza hartuko diozu. Horrek piztu zien jakingura hain berexia orduko jakintsuei: lore arra luzean zintzilik, hain bizi ta bistoso; lore emea hain diximulatua, baina ordu pillaz, gau eta egun tirada luzeaz, zer sortuko eta... hurra, aizue! Hur biribilla!