Jexuxmari Mujika
Urte berri on opa ohi diegu maite ditugunei, eta inguruan ditugun denei. Egiaz opa ohi diegu gainera. Gezurrik gabe, alegia, nahiz eta berria hitza erabiltzean, hastera goazen urteak zertan, zergatik izan behar lukeen berri eta nola izan daitekeen pentsatu ere ez dugun egiten. Serio antzean ez, behintzat. Urteen egutegiari zenbakia aldatze hutsak egiten duenez berri hau, guk segi betiko martxan!
Eta zergatik ez? Ez al goaz, bada, hain gurea eta etxeko egina genuen zorioneko progresoaren martxan bide egokitik? Azkarregi eta baikorregi ibiliak ote gara, akaso? Egun makaldu bakarrik egin ote gara? Berritu behar berezirik exijitzen ez digun abiadura kontua bakarrik ote munduaren egoerak adierazten duena? Azken galdera honi baiezko borobilarekin erantzuteko ausardia dezente behar da gaur; gogoeta baino gehiago ziurrenik.
Egutegian zenbaki berria jarri berria dugu; horretara eginak gaude; gauza jakina zaigu hori. Baina hori bezain gauza garbia eta jakina omen da –ikerlari eta pentsalari ugarik hala diote ozen- aro berri baten atarian gaudela, aro berri batean sartzen edo sartu ezinik gabiltzala gizakiok. Aro berria ez du, noski, egutegian zenbakia aldatze hutsak eragiten, eragingo ere ez, baina ekar ditzakeen aldaketak handiak izango direnez, ondorioak ere bai, hemen berria hitzak zer adierazi dezakeen eta zer adieraztea nahi genukeen serio pentsatu beharra daukagu; aldaketetara egokitzen asmatu beste erremediorik ez baitugu izango gizakiok.
Gizateriak aro ezberdinak bizi izan ditu historian zehar. Aro batetik bestera eraman zituen garaiei ardatz aro deitu izan zaie. Bizi izan zituzten gizarteentzat ardatz aro horiek aldaketa izugarrien eragile gertatu ziren. Oraingo aldaketa bortitzek berriro ere ardatz aro batean murgilduta gaudela adierazten bide du. Bizitzaren eta bizikidetzaren ikuspegi berriak sortarazten hasi den aroan, alegia, eta oraingoak, gainera, gizateria (ia) osoan izan dezake eragina. Gauza asko birpentsatzera behartuko gaitu; ez gaitzala lo harrapatu.
Aro berri on!! Hori da maite ditugunei, ingurukoei, geure buruei, eta, batez ere, maite ditugun belaunaldi berriei opa behar dieguna. Azken hauek guztiz harrapatuko ditu aro berriak, zorionerako edo zoritxarrerako. Aro-aldaketa honen atarian, ondo eta azkar pentsatu beharra daukagu zer egin behar dugun, iristean gozatu eta ospatu ordez izutu egin ez gaitzan.
Gure gizarteetan aldaketa izugarriak gertatzen ari dira: informazioaren berri jasotzeko eran, elkarrekin erlazionatzeko moduan, naturaren ulerkeran, gero eta ezberdintasun handiagoak sortzen dituen ekonomian, horren mende dagoen politikan, baina argi faltsuen dirdiraren pean gehienok ez gara enteratu ere egiten. Ez dugu jakin nahi, apatia intelektualera ohitu gara azkar, pentsatzeari beldur nabaria diogu.
Eta horrela jai dago. Aro berriak mendekoago egin gaitzake gizakiak. Bioteknologiak eta infoteknologiak irekiko dizkigun mundu berriak ez ditugu gizaki bakoitzaren eta gizateria osoaren onerako erabiltzen asmatuko. Ez dugu guzti hori posible dadin ezinbesteko sare etiko berriak eraikitzen asmatuko, ez dugu barneratu nahiko bakoitzak dugun erantzukizuna, denok dugula besteengan eragin positiboa izateko gaitasuna eta obligazioa.
Aro berri egokiagora prestatzeko aldaezinak eta betikoak bezala eduki ditugun zenbait printzipio zalantzan jarri beharko ditugu, hauek galderaren galbahetik pasatzeko ausardia geureganatu beharko dugu; hori, berriz, norbere kabuz pentsatzeko gaitasunik gabe ez da posible. Ikusten duguna baino harago ikusten ikasi behar dugu, galdera berrietara jartzen, eta hori arlo askotan, berdintasunari, generoari, patriarkatuari, xenofobiari, negozioari, kontsumoari, bizitzaren zentzuari, … dagokienetan.
Gaur dauzkagun ahalbide guztiekin, bizitza pentsatzen ikastea, horretan asmatzea, da beharrezkoena; errazena ez, seguru asko, baina betiko martxan luzaro segitzerik ez daukagula badakigunez, kontuak atera beharra daukagu.