Aitor Sorreluz
Paulo Agirrebaltzategik argitaratutako Arantzazuko kanta berriak liburua sarean jartzeko aukera ere ematen du etxealdiak. Ataletako bat Arantzazu kantatzen duten Iñaki Beristainek eginiko abesti-testuei eskainita dago. Horien artean bi ahapaldi jaso nahi nituzke:
Ez dizugu eskatzen Erromesen arreba (1993) |
Minez dugu esperantza, Txoko Argi, Arantzazu |
Aurreko alean Jaunaren pazkoaldian heriotza gainditua izan dela eta itxaropena posible dela ospatzen zela genioen. Berrogei egun baino gehiago daramatzagu etxealdian eta apirilaren 26an umeak kalera ateratzeko baimena jaso zuten. Maiatzaren 2tik aurrera, ondo bidean, nagusiok ere kalera atera gintezke paseatzera. Maiatza Mendekoste egunean bukatzen da. Jaiegun horretan, Izpiritu Santuaren etorrera bitarte,Jesusen promesa egi bihurtzen dela ospatzen dugu. Itxaropenaren eguna, esperantzarako hilabetea.
Koronabirusari aurre egin nahian ezarritako alarma egoeran borrokari buruz hitz egiten da, lubakiez, ahaztu, irabazle eta albo-kalteez, datu eta zenbakiei buruz... Mundua goitik behera astintzen ari dena, gerra-hizkuntzaren betaurrekoekin ari gara interpretatzen eta ulertzen. Begiratzeko modu honek gure etxe barruan sartu gaitu, besteengandik isolatu gaitu eta harremanei gizatasun guztia kendu.
Ez gara, ordea, soldadu, eta hau ez da gerra bat. Gure gizartetan eta munduan dauden desberdintasun ikaragarriak agerian utzi dituen krisi sanitario baten aurrean gaude. Hartutako neurriak auzitan jarri gabe, akaso beste terminu batzuk erabiliz hitz egin genezake guztiok astindu gaituen errealitate honi buruz, hara nola: hauskortasuna, zaurgarritasuna, laguntza, zaintza, justizia, ekitatea...
Esperantzarako garaia. Pandemia honek eragindako zauriek eta arantzek axolagabe uzten ez bagaituzte aldaketa eraldatzaile baten aurrean egon gaitezke. Elkar sostengatzeko garaia, erortzen utziko ez gaituen sare bat ehuntzeko garaia. Ekitatetik eta zaintzatik, iraultza garaia. Kristau tradiziotik, Jainkoaren Erreinuaren alde lan egiteko garaia. Bizitzan funtsezkoa zer den galdetzeko aukera bikaina. Eta horregatik guztiagatik, esperantzaz daukagu esperantza.